Larrabetzukoa (Bizkaia) zen Joseba Etxebarria Uriarte, euskaltzalea, abertzalea eta independentista. 1956an jaio zen, eta gaur goizean zendu da, 69 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.
Bertso munduan egin zen ezagun, batik bat bertso eskolen sortzaileetako bat izan zelako 1980ko hamarkadaren hasierako bueltan. Sorterriko eta inguruetako bertso eskolak sortzeko hamaika lan egin egin ondotik, 2000. urtean Bizkaiko Txapelketako antolatzaile taldean hasi zen lanean. Eta ez hori bakarrik, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza batzordean ere aritu zen ondoko urteetan.
Bertso munduan oholtzatik kanpo egin beharreko lanetan aritzen bazen ere, eszenatokiaren gainetik ere igotakoa da; 2021ean, erraterako, Moises Enbeitarekin batera, txapela jantzi zion Nerea Ibarzabal bertsolari txapeldunari. Gai jartzaile ere aritu izan zen maiz, Bizkaiko plazetan gehien-gehienean, eta musikari eta kantari gisa ere agertu zen zenbait oholtzatan.
Horretan ez ezik, aktore lanetan ere aritu zen Etxebarria; hark jarri zion ahotsa, kasurako, Dragoi Bola-ko Son Gokuren pertsonaiari.