Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak duela hiru urte abiarazi zuten Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete beka, 70.000 euroko laguntza ematen duena. Eider Rodriguez idazlea izan zen hura eskuratzen lehena, Patxi Zubizarretak eskuratu zuen bigarrena, iaz, eta, aurten, hirugarren aldian, Joxan Oiz Arruti idazleak (Donostia, 1968) aurkeztutako eleberri egitasmoaren alde egitea erabaki du hautaketa batzordeak. Iragan mendean Gipuzkoan nabarmendu ziren bi arkitektoren arteko adiskidetasunean jartzen du arreta lanak; bata falangista zen, eta bestea jeltzalea: Jose Manuel Aizpurua —protagonista— eta Joaquin Labaien —narratzailea—. Arrazionalista da proiektuaren behin-behineko izenburua, eta, 36ko gerraren bueltako giro kultural eta politikoan murgilduta, «konplexutasun handiko eta ñabardura ugariko eleberria» izan daitekeela aurreratu dute sustatzaileek, beka nori eman dioten jakinarazteko oharrean. Jon Kortazar EHUko katedraduna izan da hautaketa batzordeko buru, eta harekin aritu dira Alex Gurrutxaga, Katixa Agirre, Aritz Galarraga eta Lourdes Otaegi ere.Â
Bi arkitektoen arteko harremana aztertuko duen arren, eleberriak Aizpuruaren azken urteak izango ditu ardatzean batez ere. Haren bizitzaren oinarriak arrazionalismoaren eredu arkitektoniko abangoardista eta militantzia falangista izan ziren, eta 1936an fusilatu egin zuten Ondarretako kartzelan, Donostian. Hala, pertsonaiaren «ertz ugariak» eta gerraren hurbiltasunak markatutako Donostiako giro kultural eta politikoa erakutsiko ditu eleberriak, eta artearen inguruko eztabaidak eta garaiko gertaera politiko eta sozialak ere uztartuko dira narrazioan.
«Aizpuruak arkitektura abangoardista berria bilatzen zuen, estilo erromantikotik aldendua, aferak izan zituen abertzaletasunarekin, eta, azkenean, Espainiako Falangearen parte izan zen»
JOXAN OIZ Idazlea
«Jakin-min handiko gizona izan zen, eta jakin-min horren barruan sar zitezkeen Le Corbusier, Picasso, Dali, Jose Antonio Primo de Rivera eta gisako figurak», aurreratu du idazleak. Nabarmendu du kontraesan eta ñabardura ugariko figura izan zela; besteak beste, mugimendu artistiko baten parte izanik ere, mugimendu horri lotutako ideologiaz oso bestelakoa zuelako: «Aizpuruak arkitektura abangoardista berria bilatzen zuen, estilo erromantikotik aldendua, aferak izan zituen abertzaletasunarekin, eta, azkenean, Espainiako Falangearen parte izan zen». Paradoxa horren inguruko fikzio lan bat idatzi nahi du Oizek. «Eta, aldi berean, artistaren lanaren eta gizonaren ekintzen arteko dikotomiari buruz hausnartu».
Hiru lagun min, hiru fusilatu
Aizpuruaren istorioa kontatuko duena, berriz, beste arkitekto bat izango da: Joaquin Labaien, Aizpuruaren lagun eta bazkide izandakoa. 1929an, Donostiako Klub Nautikoaren egileak izan ziren biak, Europako arrazionalismoaren ikur bihurtu zena, eta arkitektura estudio bat ireki zuten elkarrekin Donostiako Prim kaleko 32. zenbakian. Arrazionalismo arkitektonikoan bat zetozen arren, arlo ideologikoan «antipodetan» zeuden, idazlearen hitzetan, Labaien abertzalea baitzen, Antonio Maria Labaien idazle eta EAJko politikariaren anaia. Oiz: «Narrazioaren ahotsa Aizpuruaren pertsonaiaren kontrapuntua izango da, ahots lasai eta sosegatuagoa, protagonistaren alderik ganberroena eta ikonoklastena azalduko duena, bien arteko adiskidetasun istorioa garatzen duen bitartean».Â
Aldi berean, Aizpuruaren lagun minak izan ziren pertsonaia historikoei ere egingo die leku eleberriak, hala nola Federico Garcia Lorca eta Jose Antonio Primo de Rivera. «Hiru intelektual izan ziren, hiru lagun min, hiru fusilatu; gerrak zapuztu zituen haien bizitzak. Haien arteko harremanaz haratago, kontatu nahi dut lotura horiek agerian uzten dituztela joan den mendeko 30eko hamarkadako kultura jardueraren eta politikaren artean izandako harreman nahasiak», aurreratu du Oizek.
Bekari esker, 70.000 euroko laguntza izango du Oizek eleberria osatzeko. Aurrez, beste bi nobela dauzka argitaratuta: Beñat Dardo (2006, Susa) eta Amazurtza (2025, Txalaparta; VII. (H)ilbeltza bekaren irabazlea). Euskal Filologia ikasi ostean, Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen lanean, eta irakaskuntzan dihardu 1992. urteaz geroztik.