Literatura

Joxe Manuel Odriozolak irabazi du Miguel Unamuno saria, eta Jon Iturregik, Blas de Otero-Angela Figuera lehiaketa

'Oroiminaren hirietan aldaroka' poema sortarekin gailendu da Jon Iturregi, eta 'Heriotzak bizi gaitu' saiakerarekin, Joxe Manuel Odriozola.

Miguel Unamuno eta Blas de Otero-Angela Figuera sarien irabazleak, atzo. BILBOKO UDALA
Miguel Unamuno eta Blas de Otero-Angela Figuera sarien irabazleak, atzo. BILBOKO UDALA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko abenduaren 11
11:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Blas de Otero-Angela Figuera poesia sariketak hemezortzigarren aldia izan du aurtengoa, eta Jon Iturregi Martin gailendu da Oroiminaren hirietan aldaroka poema sortarekin, 21 lehiakideren artetik. Miguel Unamuno saiakera lehiaketaren 26. aldia, berriz, Joxe Manuel Odriozolak irabazi du, Heriotzak bizi gaitu idazlanari esker. Harenarekin batera, beste bost lan aurkeztu dira saiakera lehiaketara.

Epaimahaiak «literatur erreferentziak underground kulturaren erreferenteekin modu originalean harilkatzea» eta «kanpoko mundua eta horrek egilearen baitan dituen ondorioak ironiaz uztartzea» txalotu dio Iturregiri. 5.500 euro jasoko ditu. Odriozolaren lanean, berriz, honako hau baloratu dute epaimahaikideek: «Egileak maisuki azaltzen du heriotza dela gizakiaren gertakari existentzial garrantzitsuena, eta heriotzaren presentziak berak ematen diela zentzua, forma eta muga gure bizitzari». Bizitza eta heriotza «ezin bereizita» agertzea, «hiltzen ikastea bizitzen ikastea dela» ondorioztatu izana ere txalotu diote Odriozolari; 6.000 euro jasoko ditu.

Bilboko Udalak antolatzen ditu urtero Miguel Unamuno eta Blas de Otero-Angela Figuera sariketak, Bilbon sortutako hiru idazleak oroimenean gorde eta beren ekarria transmititzearren. Literatura sorkuntza bultzatzea eta talentu berriak bilatzea ere bada bi sariketen helburua.

Gaztelaniazko modalitatean Gines Cutillas eta Josefina Aguilar Recuenco gailendu dira, Aprender a mirar. Cómo reinterpretar nuestro mundo saiakerarekin eta Solo soy quien nada poema sortarekin, hurrenez hurren.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak banatu zituen sariak atzo, udaletxeko Arabiar aretoan. Udane Goikoetxeak Miguel Unamunoren, Angela Figueraren eta Blas de Oteroren testu batzuk irakurri zituen, eta Matxalen Erzillak sari banaketa girotu zuen, zenbait biolontxelo pieza joz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.