Juan Crisostomo Arriaga eta Ricardo Sabadie konpositoreak omenduko dituzte 54. Musikasten

Igandean hasiko da Errenteriako jaialdia, eta, besteak beste, Joseba Tapiak, Garazi Navasek eta Manu Gaignek hartuko dute parte. Hainbat kontzerturekin osatu dute egitaraua, eta berariaz haurrentzat prestatutako saioak ere badira tartean.

Musikasteko antolatzaileak, Errenteriako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Musikasteko antolatzaileak, Errenteriako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko maiatzaren 7a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sasoiko dago Musikaste, Euskal Musikaren Astea. Antolatzaileek eurek diote: «Sendotuz doa». Igandean abiatuko dute jaialdiaren 54. aldia Errenterian (Gipuzkoa), eta, hilaren 16ra bitarte, zenbait kontzertu eta jarduera antolatu dituzte musikazaleentzat. Aurten ere, Eresbilek —Musikaren Euskal Artxiboak— eta Andra Mari abesbatzak elkarlanean ondu dute egitaraua. Musikastek Euskal Herriko sortzaile eta interpreteen lanaren difusioan duen egitekoa berresten duela adierazi dute antolatzaileek. Horren erakusle da, beste urte batez, gaur egungo zein euskal tradizioko izen nabarmenak erakusteko egin duten apustua.

Aurtengoan, bada, bi euskal konpositore omenduko ditu jaialdiaren egitarauak. Batetik, Juan Crisostomo Arriaga; haren heriotzaren bigarren mendeurrena dela eta. Bestetik, ehun urte bete dira Ricardo Sabadie jaio zela, eta hari ere egin nahi izan diote aitortza. Realaren ereserkiaren sortzailea izan zen Sabadie. Bi konpositoreen lanetako batzuk entzun ahal izango dira Musikasteko kontzertuetako batzuetan.

Festibalaren lehen eguna izango da jarduera gehien izango dituenetako bat, igandea. Heinrich Walter organo jotzaile alemaniarra izango da protagonista. Ibilbide oparoa du Walterrek, azken urteetan munduko zenbait herrialdetan izan da kontzertuak ematen: Korea, Singapur, Mexiko, Japonia... eta orain, Errenterian egingo du geldialdia. 10:00etan izango da kontzertua, Andre Mariaren Zeruratzearen elizan. Lehenik, Arriagaren eta Usandizagaren bi moldaketa interpretatuko ditu, eta bigarren zatian Andra Mari abesbatzarekin arituko da. Tomas Garbizuren Misa Benedicta-ren hiru zati eskainiko dituzte.

Tapiaren berrinterpretazioa

Errenteriako txistulari taldearen txanda izango da gero; 11:45ean emango du kontzertua, plazan. Txistulariak, ordea, ez dira bakarrik egongo oholtza gainean, Karanba Otxoteak, Ereintza dantza taldeak eta Xenpelar bertso eskolako kideek ere parte hartuko baitute emanaldian. Errenteriako musika bandak itxiko du eguna, azkenik, Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan emango duen kontzertuarekin. Arriagaren, Jesus Guridiren, Sabadieren eta Pedro Alberdiren piezak interpretatuko ditu.

Urte guztian zehar, Herri Arte Eskolak hainbat diziplina artistikotan trebatzeko aukera ematen die herritarrei. Azken urteetan metodologia berriak txertatzen ari dira zentroan, eta zenbait proiektu garatzen dituzte ikasleekin; trikiti taldea da horietako bat, eta haren azken proiektua da Musikasten erakutsiko dutena. Iparraldeko Kontserbatorioarekin elkarlanean, bi ikastetxeetako ikasleek Joseba Tapia trikitilariaren errepertorioa berrinterpretatuko dute, musikariarekin berarekin batera. Joseba Tapiaren Hauspoa da elkarlan horren emaitza, eta hilaren 12an, 19:00etan, Niessen kulturgunean taularatuko dute.

Garazi Navas akordeoi jotzaileak eta Manu Gaigne musikari eta artistak sortutako ikuskizuna da Sonografia Irudipenak. Urepelen (Nafarroa Beherea), Usurbilen (Gipuzkoa) eta Errenterian lortutako audio eta bideo grabazioak izango dira emanaldiaren ardatza; musika elektronikoarekin, perkusioarekin eta akordeoiarekin uztartuta. Asteartean izango da, Niessen kulturgunean.

Beste urte batez, halaber, abesbatzen eguna egingo dute Musikasten. Hilaren 15ean, Zaraia koru eskola (Errenteria), Ondarreta (Getxo, Bizkaia), Nurat Gazte (Gasteiz) eta San Fermin (Zizur Txikia, Nafarroa) abesbatzek hartuko dute parte.

Haurrak ere bai

Jaialdia amaitzeko, beste emanaldi berezi bat prestatu dute: Euskadiko Orkestra, Andra Mari abesbatza eta Ana Otxoa Pando sopranoa izango dira protagonista. Maiatzaren 16an emango dute kontzertua, Lekuona Fabrikan. Pablo Urbinak egingo ditu zuzendari lanak.

Haurrentzako ekintzak ere egongo dira, bestalde. Hilaren 12an eta 13an, kontzertu didaktikoak egingo dituzte, herriko ikastetxeetako haurrentzat. Zaria koru eskolak gidatuko ditu saioak, eta parte hartzaileek estilo eta garai ugaritako doinuak ezagutuko dituzte. Jarduera osagarri gisa, Hara! deitu duten haurren kontzertua egingo dute maiatzaren 17an. Saio horretan ere herriko haurrak izango dira protagonista, Urruñakoekin, Hendaiakoekin eta Ziburukoekin (Lapurdi) batera. 

Ostegunean, maiatzaren 14an, Akelarre marearen kontra dokumentala proiektatuko dute; 19:00etan, Niessen zineman.

Emanaldietarako sarrerak jada eskuragarri daude, eta hiru modu daude erosteko: Eresbil fundazioaren egoitzan, Lekuona Fabrikan eta www.sarrerak.errenteria.eus webgunean. Saioak hasi baino ordubete lehenago ere lortu ahal izango dira, aretoetako leihatiletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA