Juanjo Mena orkestra zuzendariak (Gasteiz, 1965) bertan behera utzi ditu BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin urriaren 15ean eta 16an egitekoak zituen kontzertuak, alzheimerraren bilakaeragatik. Carlos Mena anaia arituko da haren ordez —kontratenor gisa da ezaguna, baina zuzendari ere aritu da, eta BOSekin hainbat kolaborazio egin ditu—.
Ikusi gehiago
Juanjo Menak 2025eko urtarrilean jakinarazi zuen alzheimerra zuela. Orduan azaldu zuenez, hilabeteetan proba medikoak egiten ibili ondoren eman zioten diagnostikoa, eta adierazi zuen gaixotasunaren hasierako sintomak zituela. Diagnostikoaren berri eman ondotik, nabarmen murriztu zituen lan konpromisoak, bidaiak eta jarduera profesionala, gaixotasunaren bilakaerara egokitzeko.
Azken hilabeteetan, ordea, gaixotasunak espero baino azkarrago egin du aurrera. Horren ondorioz, abuztuaren 12an zuzendu zuen azken kontzertua, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Musika Hamabostaldiaren barruan. Kontzertua amaitzean, ikusleek hamar bat minutuz txalotu zuten zuzendaria, zutik, haren ibilbidea aitortzeko.
Printzipioz, Mena BOSekin aritzekoa zen urrian, eta kontzertu horiek harentzako omenaldi gisa pentsatuta zeuden. Izan ere, bederatzi urtez izan zen orkestraren zuzendari nagusi, eta taldearekin harreman estua izan du ordutik aurrera ere. Bilbon ez ezik, Madrilen ere egotekoa zen urte amaieran, Teatro Realeko orkestrarekin Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatzeko. Emanaldi hori Gabonetako ekitaldi bihurtua zuten azken urteetan: Menak zazpi aldiz zuzendu izan zuen 2014az geroztik; azken bostak jarraian. Osasunak, ordea, bi konpromiso horiei uko egitera behartu du.
Ibilbide oparoa
61 urte beteko ditu Menak hilaren 21ean. Carmelo Bernaola, Enrique Garcia Asensio eta Sergiu Celibidache izan zituen maisu. 1999an hartu zuen BOSeko zuzendari titularraren kargua, eta bederatzi denboraldiz aritu zen zeregin horretan. Ondoren, BBCren Orkestrako Filarmonikoko zuzendari titularra izan zen zazpi denboraldiz, eta nazioarteko hainbat talde garrantzitsurekin aritu izan da zuzendari gonbidatu gisa. Besteak beste, Berlingo, New Yorkeko eta Londresko orkestra filarmonikoak eta Boston, Chicago, Cleveland eta Filadelfiako orkestra sinfonikoak zuzendu ditu urteotan.Â