'argitzala'
Egilea: Jurgi Ekiza.
Diskoetxea: egilea editore.
Ekizaren lan berri hau duela ia hamar urte atera zuen lehen disko haren jarraipena izan liteke. Gainera, azala izan ezik, dena berak bakarrik egin du: grabaketa, nahasketa, masterizazioa, kantuen sortzea, ahotsa, hitzak, instrumentuak (organoa, ukelelea, sintetizadorea, gitarra, baxua, bateria...). DIY totala da lan hau; Willis Drummonden atsedena aprobetxatu du LP hau bere Hazparneko (Lapurdi) estudioan eta Polinesian grabatzeko. Biniloaren A aldea intimoa eta minimalista da, eta, hainbat instrumentu grabatu baditu ere, intentzioa barnerakoitasunaren bidea jorratzea da. Kontakizunetik at kantuan autotunea erabiltzera ausartu da. Bat abestia Zigor Gazkez/Bob Dylan estilora egindako ahotsek aupatzen dute, eta Haizea-k kalitate extra bat gehitzen dio A aldeari. B aldean grunge eta rock eskemak bilatu ditu gehienbat, betiere modu intimoan, baina egurra ere ematen du: Xira, Kabitik erortzear... Gailurra lortzen duena, ordea, Argitzala bera da: rock leuna, errepika polita, ahots altua eta borobila dauzka; segur aski hori da bakarka egin duen kanturik onena.