Kadentzia andaluziarraren jiran ariko dira aurtengo Flamenco on Fire festibalean

Abuztuaren 21etik 29ra eginen dute jaialdia aurten, eta Vianan, Lizarran eta Iruñean izanen dira emanaldiak. Mayte Martin, Jose Merce eta Yerai Cortes taularatuko dira, besteak beste.

Jose Merce abeslaria, artxiboko irudi batean. FLAMENCO ON FIRE
Jose Merce abeslaria, artxiboko irudi batean. FLAMENCO ON FIRE
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko maiatzaren 5a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Flamenkoaren historia kantuan, txalo zartaka eta tablao gainean dantzan kontatuko du berriz Flamenco on Fire jaialdiak. Festibalaren aurtengo aldia aurkeztu dute gaur Iruñean, eta, hain justu, iaz urratu zuten bide berean aurrera eginen dutela iragarri dute antolatzaileek; flamenkoaren sustraietara eginen dute atzera berriz, «trilogiari» segida emateko. 2025eko abuztuan egindako jaialdian, 1830etik 1925era arteko aldian jarri zuten arreta, eta haren segidan gertatutakoei erreparatuko diete oraingoan: 1925etik 1950era artekoei. Aurten, gainera, flamenkoaren eta gitarraren oinarri harmonikoa ere hartuko dute hari nagusitzat: kadentzia andaluziarra.

Abuztuaren 21etik 29ra eginen dute festibalaren XIII. aldia, eta Nafarroako hiru udalerritara zabalduko dute egitaraua: Vianan, Lizarran eta Iruñean izanen dira emanaldiak. 34 jarduera eginen dituzte, hamasei agertokitan banatuta. Ohartarazi dutenez, tantaka emanen dute haiei buruzko informazioa, baina dagoeneko hasiak dira amu batzuk botatzen: hainbat kontzertu jakinarazi dituzte.

Kasurako, bost emanaldi kabiarazi dituzte jaialdiaren ziklo nagusian; hau da, Kontzertu Handiak izeneko programan. Abuztuaren 21ean, Mayte Martinek Arqueología de lo puro ikuskizuna plazaratuko du Vianan, eta biharamunean, hilaren 22an, Sandra Carrascok eta David de Arahal musikariek Recordando a Marchena obra taularatuko dute Ana Morales dantzariarekin. Eta Iruñeko Baluarten oholtzaratuko diren beste hiru kontzertu ere jakinarazi dituzte: abuztuaren 27an Jose Merce ariko da kantuan; 28an, Manuel Liñan buru duen konpainiaren dantza ikuskizuna taularatuko dute, eta 29an Yerai Cortes ariko da antzokian. Cortes iaz ere izan zen Iruñean, baina emanaldi berri batekin itzuliko da aurten: Solo

Gainera, Flamenco on Fire sariak nork jasoko dituen iragartzeko ere baliatu dute agerraldia antolatzaileek. Hiru pertsonari eginen diete aitortza: Fermin Lobaton kazetari eta kritikariari, Elvira Lopez Hidalgo flamenko munduko ikurrari eta Tere Peña ekoizle eta kazetariari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA