Sei urteko ibilbidearen ostean, geldialdi bat egingo du Azkoitiko (Gipuzkoa) Bulego musika taldeak. Urtebetez oholtzetatik urrunduko dira, sorkuntzari denbora eskaintzeko. Lau kidek osatzen dute taldea: Tomas Lizarazuk (ahotsa eta gitarra), Elba Azpillagak (teklatua), Ruben Lizarraldek (gitarra) eta Xabier Arrietak (bateria). Bilboko Euskalduna jauregian eman dituzte azken hiru kontzertuak; horietako bi asteburu honetan bertan. Atzo, azken emanaldia amaitu bezain laster iragarri zuen taldeak itzulerako kontzertuaren data: 2027ko martxoaren 6an izango da, Bilboko Miribilla aretoan.
Hiru aldiz bete duzue Euskalduna jauregia, eta horren aurretik, baita Iruñeko Baluarte ere. Nola joan dira azken kontzertu horiek?
Oso hunkigarriak izan dira, eta jendearen erantzuna sekulakoa izan da. Hiru aldiz bete da Euskalduna, eta guretzat eskertzekoa da. Soka laukote bat eta Bilboko korala eraman ditugu, eta, kontzertuaren zati batean, berrogei korista egon dira gurekin abesten. Kontzertu horiek bereziak ziren berez, eta are bereziago egin nahi izan ditugu. Publikoaren erantzunak eraman gaitu Euskaldunan hiru kontzertu ematera. Erabat hunkituta gaude.
Jendeak espero zuen horrelako kontzertuak entzutea?
Nik uste dut askok ez zutela halakorik espero. Espero zuten Euskaldunan kontzertu bat entzutea, baina agian ez zuten espero horrelako aldaketa bat egingo genuela gure ohiko errepertorioan. Eskertu dute, eta nabaritu da jendea gustura zegoela. Ez genuen nahi publikoa Euskaldunara joan, eta plaza batean ikusi ahal zuen kontzertu bat ikus zezan.
Urtebetez oholtzetatik aldenduko zarete. Zer dela eta?
Guretzat urtebete eszenatokietatik urruntzea bada gauza desberdin bat, orain arte gure ibilbidean egin ez duguna. Horixe egiteko gogoa genuen, baina era berean bertigo puntu bat ere sortzen digu. Are gehiago bizi garen aro honetan: antsietatez betetako aro honetan. Badirudi egun batez fokuan ez bazaude edo ez badituzu kantak ateratzen ahaztua izateko arriskua dagoela. Barrura begiratzeko tartea hartu nahi izan dugu, eta gauzak lasai hartu.
Taldeak gelditzeko beharra zuen?
Beharra baino gehiago, nahia genuela esango nuke. Argitu nahiko nuke ez dugula geldialdia egingo oporretara joateko, jendeak hori uste baitu. Guztiz kontrakoa da. Geldialdi hau nahi baten ondorioa da. Bizi guztia daramagu sorkuntzan, eta bagenuen gogoa, nolabait, planteatzeko ea posible zen urte oso bat sorkuntzari bakarrik eskaintzea. Kalitatezko denbora eskaini nahi diogu sorkuntzari, orain arte ezin izan baitugu halakorik egin. Beti egin nahi izan dugu hori. Askotan, kosta egiten zaigu, baina aspertu egin nahi dugu. Ikusi nahi dugu ea horrek nora eramaten gaituen.
«Ondo etorriko zaigu 2027ko martxoaren 6a buruan izatea, argi edukitzeko hau geldialdi bat dela, eta ez amaiera»
Jada iragarri duzue itzulerako kontzertua: 2027ko martxoaren 6an itzuliko zarete. Nolakoa izango da?
Espero dugu oso polita izatea. Urtebete sorkuntzan buru-belarri ibiltzearen emaitza izango da, eta, nire ustez, Bulegok orain arte egin duen kontzerturik ederrena izango da. Ez dakit zer forma hartuko duen, baina ilusioz beteta gaude; guretzat pauso handia da.
Miribillan izango da, gainera.
Hori da. Orain arte areto handi batzuk bete ditugu, baina tamaina horretaraino ez gara inoiz gerturatu ere egin. Badugu ilusioa Bulegoren ibilbidean beste pauso bat emateko eta ikusteko nora eramaten gaituen. Ondo etorriko zaigu martxoaren 6a buruan izatea, argi edukitzeko hau geldialdi bat dela, eta ez amaiera.
BERRIALAGUNEk DESKONTUA IZANGO DUTE Aurresalmentan
2027ko martxoaren 6an egingo du Bulegok itzulerako kontzertua, Bilboko Miribilla aretoan. BERRIAlagunek eta Bulegoren komunitatekoek aurretiaz erosi ahal izango dituzte sarrerak: ostegunean, 10:00etan. BERRIAlagun direnek, gainera, %20ko deskontua izango dute. Publiko orokorrarentzat ostiralean jarriko dituzte sarrerak salgai, 10:00etan.
Haur eta nerabe asko joan dira, bereziki, Euskaldunako kontzertuetara.
Hala da. Publikoaren aniztasuna azpimarratuko nuke. Asko gustatzen zait publikoan hori ikustea: umeak gurasoekin etortzen dira, eta nerabeak, berriz, lehen aldiz etortzen dira euren kabuz kontzertuetara. Plazetan ere ikusten dira gaztetxoak litroak egiten kontzertua ikusten ari diren bitartean. Musikari gisa hori ikustea oso polita da; izan ere, musikak badu gaitasuna pixka bat desberdintzen gaituen horri guztiari pisua kentzeko, eta batzen gaituenari eusteko.
Askorentzat erreferente zarete. Ardura bat duzuela sentitzen duzue?
Gaztetxoek entzuten gaituzte, eta agian horrek sor dezake ardura bat. Baina sortzeko garaian hori guztia alde batera uztea gustatzen zait niri. Guri musika egitea gustatzen zaigu; saiatzen gara bihotzari begiratzen, eta bihotzetik sortzen. Antsietate handiko aro batean bizi gara, beti presaka. Musikan, bereziki, baina esango nuke arlo guztietara estrapolatu genezakeela baieztapen hori. Niri behintzat gustatzen zait abestiak sortzen ari naizenean benetakotasun hori bilatzea, bihotzera begiratzea, eta neure buruari galdetzea: zer ari naiz sentitzen? Oinarri horretatik sortzea gustatzen zait, inori gustatzeko nahi horretan erori gabe.
«Musikarako pasioa da proiektu honen motorra, eta pasio horri eutsiko diogu aurrerantzean ere. Aldatuta etorriko gara, baina esentzia horri eutsiko diogu»
Geldialdiaren ondoren, zer-nolako Bulego ikusiko dugu oholtza gainean?
Gure esentziari eutsiko diogu. Musikarako pasioa da proiektu honen motorra, eta pasio horri eutsiko diogu aurrerantzean ere. Nik uste dut aldatuta etorriko garela, baina esentzia horri eutsiko diogu. Bulego izaten jarraituko dugu, eta musika egiten jarraituko dugu. Lan berri batekin etorriko gara ziurrenik: disko bat, single bat edo EP bat.
Atsedenaren aurretik, badago entzuleei helarazi nahiko zeniekeen mezuren bat?
Bulegoren pausorik ederrenak jaiotzear daude, eta martxoaren 6an hasiko dira.