Kneecap musika talde irlandarreko kide Mo Chara —Liam Og O Hannaidh du egiazko izena— kargurik gabe dago dagoeneko. 2024ko azaroaren 21ean Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah talde xiitaren bandera bat erakutsi zuelakoan, «terrorismoa» leporatu zioten musikariari. Londresko Poliziak jarri zuen abian haren kontrako auzibidea, aurtengo maiatzean, batik bat hau izanik horretarako heldulekua: Erresuma Batuak talde terroristatzat dauka Hezbollah, 2019tik. Azkenerako, baina, epaileak bertan behera utzi du kasua, eta, hortaz, kargu guztietatik absolbitu du musikaria, kolpez. Epailearen esanetan, kargua aurkezteko prozeduran «akats tekniko bat» izan delako hartu dute erabakia.
Hain zuzen ere, defentsak joan den abuztuan nabarmendu zuen kantariaren kontrako kargu ofizialak «epez kanpo» aurkeztu zirela, tankera horretako kasuetarako sei hilabeteko epea ezartzen baita. Epaileek ez zieten zuzenean eman arrazoia, baina, azkenerako, Paul Goldspring magistratuak onartu du auzibidea ez zela behar bezala abiatu, eta ebatzi du akusazioa «ilegala» eta «baliogabea» dela hortaz.
Justiziaren alorrean ez ezik, Kneecap taldeko kideek beren kontrako beste zenbait mugimendu ere jasan dituzte azken urteotan. Kantuetan zein zuzenekoetan zabaltzen dituzten mezu politikoen kontura, hainbat aldiz kritikatu eta are zentsuratu dituzte —BBCk uko egin izan dio haien emanaldiak telebistan emateari—. Besteak beste, Palestinaren erresistentziaren alde eta Israelen kontra mintzatzen direlako izan dituzte askok jomugan. Gainera, urteak dira irlanderaren ofizialtasuna aldarrikatzen dutela, eta, neurri handi batean, mugimendu horren irudi dira gaur egun.