Literatura

Karmele Mitxelenak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria

'Benetako zirkua' nobela laburrari esker jaso du saria idazleak. Zirku italiar baten bisitaren eraginez haur batzuek biziko dituzten abenturek eta piztuko zaizkien sentipenek ardazten dute istorioa. Elkarrek emanen du lana argitara.

Karmele Mitxelena idazlea, artxiboko irudi batean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena idazlea, artxiboko irudi batean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko ekainaren 4a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karmele Mitxelenak jaso du Mikel Zarate haur literatura saria. Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean sortutako sariketa da Mikel Zarate, zehazki, eta antolatzaileek gaur jakinarazi dute, hain zuzen, nor gailendu den 2025eko aldian. Benetako zirkua izeneko eleberri labur bati esker irabazi du Mitxelenak, Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak hala erabakita, eta 4.000 euroko ordainsaria jasoko du horregatik, baita liburua argitaratuko den bermea ere: Elkarrek plazaratuko du.

Gaur-gaurkoz, Mitxelenaren eleberriari buruzko datu gutxi batzuk baizik ez dituzte aurreratu. Jakina da, ordea, herri txiki batera iritsi berria den zirku italiar baten bisita hartu duela abiapuntu idazleak. «Bertako haur talde batengan piztutako sentimenduak eta haiek biziko dituzten abenturak kontatzen ditu nobelak», zehaztu dute hedabideei helarazitako oharrean. Bestalde, nobelaren tonuari dagokionez, nabarmendu dute «samurtasunez, umorez eta kritika sozialeko ukituekin» idatzi duela Mitxelenak eleberria. Sariketako parte hartzeari buruzko datu bat ere eman dute: aurten zazpi lan lehiatu dira osotara.

Mitxelenak bigarrenez jaso du Mikel Zarete saria. Aurrez, 2022an irabazi zuen, Marrubizko uda eleberriari esker. Elkar argitaletxeak urte berean plazaratu zuen lana, Saguxar bilduman kabiarazita, eta, gainera, Alex Orbe ilustratzaileen irudiek osatu zituzten idazlearen hitzak.

Eta, bestalde, haur literaturan ez ezik, helduei zuzendutako lanetan ere abiatua du bidea Mitxelenak. Bi lan eman ditu argitara: Haragizko mamuak (Elkar, 2022) narrazio liburua izan zuen estreinakoa, orain hiru urte, eta 2024aren hondarrean eman zuen bigarrena: Zoriona edo antzeko zerbait. 2023an Augustin Zubikarai saria jaso izanaren emaitza da azken hori, eta Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak aitortza egin dio berriki, narratibaren alorrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.