Kirurgia arkeologikoa Iturissari

Aranzadik, Londresko Arkeologia Museoarekin elkarlanean, indusketa egin du Auritzetik gertu. Iturissa erromatar hiria izan zitekeenaren froga gehiago aurkitu dituzte bertan

Galian egindako zeramika arrastoak. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Auritz
2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
«Gure hipotesia sendotu du». Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiaren arabera, Aurizberri eta Auritz (Nafarroa) arteko zazpi hektarea inguruko eremu zabal batean zegoen Iturissa erromatar hiria. 2012an lehen zundaketa txiki bat egin ostean, azken hiru urteetan prospekzio arkeologiko bat egin du Aranzadik: «Lurra altxatu gabe azpian dagoena erakusteko erradiografia moduko bat da», zehaztu du Agirrek. Erradiografia amaituta, eremu horretako gune bat hautatu, eta kirurgia arkeologikoa egin diote orain. Azken bi asteetako lanak emaitza eman du: zortzi metro zabalerako galtzada ageri da; albo batera, etxebizitza baten arrastoak, «bihitegi edo ukuilu bat»; eta bestera, harrizko zutabe baten arrastoak, «beste egitura baten oinarria».

Erromatarren garaiko Ptolomeok edo Estrabonek idatzi zuten Pompaelo (Iruñea) eta Summo Pirineo (Ibañeta) artean, baskoien lurraldean, Iturissa izeneko hiri bat zegoela. Historialari garaikideek, berriz, aspaldidanik pentsatu izan dute Aurizberri eta Auritz artean egon zitekeela hiri hura, baina zalantza geografiko ugari egon dira kokapenari buruz. III. mendeko Antoninoren Ibilbidea agiri klasikoak bide nagusietako geltokien arteko distantziak eman zituen: Pompaelotik Burdigalara (Iruñetik Bordelera) doan bidean Iturissa izeneko mansio (edo aterpea) Iruñetik 32,5 kilometrora ingurura egon behar lukeela zioen. Datuok ez datoz bat Aurizko eremuarekin.

2011n, hiru miliario topatu zituzten tokiko Aranzadiko ikerlariek. Egungo errepideetako zirkulazio mugarrien gisan, erromatar miliak adierazten zituzten harritzar horiek, eta galtzada erromatar bat zegoela adierazten zuten. «Galtzada jarraitu dugu,eta historiografiak esaten digu hemen zegoela Iturissa. Orain froga hauek atera ditugu, baina urte gehiago behar ditugu baieztatzeko», dio Juantxo Agirrek.

Prospekzio arkeologikoek erakutsi dute «hirigune erromatar batean» daudela. «Galtzadak eremua baldintzatzen du, espazio guztia haren inguruan ardazten baita, eta, zazpi hektarea direnez, ez gara herrigune txiki bati buruz mintzo. Ibañeta pasatu aurreko gune garrantzitsu bat da», azaldu du Agirrek. Bi galtzada nagusi zeuden. Bata Caesaragustatik (Zaragozatik) zetorren: Zangozatik Irati ibaiaren ezker hegaletik Agoitzeraino, eta Urrobi ibaiak irekitako ibarrean ezkerraldetik Auritzeraino. «Eguzkiak gehiago ematen zuenez, ezker hegaletik zihoan bidea, gehiago eta hobeto irauten baitzuen», azaldu du Juan Martinez Txoperena Aranzadiko ikerlariak. Beste bidea Astorgatik zetorren, eta, Iruñetik pasatuta, Iturissara heltzen zen. Ibañetatik gertu, bi bideak elkartzen ziren Bordelerantz.

Zundaketak erakutsi du nolakoa zen galtzada: «Galtzada luzera markatu, lurra hustu, eta, lehenik, harri koskor handiekin, eta, ondoren, ibaietako hartxintxar finarekin eta buztin apur batekin betetzen zuten. Zaldi eta astoen apoetara egokitzen zen bidea», azaldu du Txoperenak. «Liburuetan beti ikusi dugu galtzadak harrizkoak eta oso politak zirela, baina hiri barruko bideak ziren,korrika egin zedin galarazteko. Beste bideok aproposak ziren abiada bizian joateko zaldunak edo asto zein zaldiek tiratutako gurdiak».

Zundaketak erakutsitako berezitasunetako bat da. Londresko Arkeologia Museoko bost ikerlarirekin batera ari dira lanean Aranzadiko hamasei boluntario. Horietako hamabi, Arkeologia eta Historia ikasketak egin dituzten gazteak dira, eta Londresen ikertzen jarraitzeko aukera dute gainera. Agirreren arabera, Nafarroan nazioarteko lankidetza duen proiektu bakarra da. Orain arte, Aranzadik jarritako baliabideez gain, Agoiztik Luzaidera bitarteko udalen eta Eugenio Arraiza zenaren Eusko Kultur fundazioaren laguntza izan du.

«Lotura sendoak»

Indusketetan, Londresko Arkeologia Museoaren metodologia erabili dute. Urteak daramatzate Londinium erromatarraren aztarna arkeologikoak aztertzen, eta esperientzia hori «baliagarritzat» jo du Agirrek. Julian Hill museoko ikerlariaren arabera, «Londres zurarekin eraikitako hiria zen, oso elementu komuna Mendebaldeko erromatar inperioan. Lotura sendoak daude Galia, Britainia edo Iberia mendebaldeko probintzien artean». Hillen arabera, antzekotasun handiak zituzten etxeen eraikuntzan, bitxietan, etxeko tresnetan... Indusketan hainbat elementu aurkitu dituzte: tokian egindako zeramika aztarnak, Galian egindako zeramika arrastoak, lepoko baten alea, inperioan luxuzko osagaia zen kristala...

Aurizko indusketak aurreikusitakoa baieztatu die, baina horixe «aurkikuntza handia» da, Agirreren arabera. Lurrazaletik frogak atera ahala, galdera berriak atera dira: Nolakoa zen bizimodua? Funtzio militarra ala zibila zuen? Noiz arte iraun zuen? Donejakue bidearen aurreko galtzada hartan erromesik bazen? Zer harreman zuten biztanleek baskoiekin? Hurrengo hamar urteetan ikertzen jarraitzeko hauspoa da, baina Agirrek Nafarroako Gobernuari eskatu dio finantza laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.