Atzeko atetik sartu, eta azken eguneko azken eszena filmatzen harrapatu du BERRIAk Koldo Almandoz zinemagilearen lantaldea, Irungo Araso industrialdean (Gipuzkoa). Azken agurra filmak hileta zibilak antolatzen dituen beilategi bateko burua du protagonista: Tomas Martinez, 45 urteko aita trakets, enpresari kaotiko eta ameslari amorratua, Iñigo Azpitarte aktoreak gorpuztua.
Azken eszena horretan, ehun bat metro egiten ditu protagonistak bere beilatokira bidean oinez, traje ilun bat soinean eta gorbata dinbili-danbala dabilkiola. Denbora tarte handi bat behar izan dute eszena hori biribiltzeko, besteak beste kamioi hots etengabeengatik, aurreikusi gabeko atzeratzeengatik eta bestelako ezustekoengatik. Denetik izan omen dute filmaketan, eta azken egunean ez ezik, baita grabaketak iraun duen egun oro ere. Prozesuak eskatu duen egokitzea adierazteko, adibide bat jarri du Almandozek: «Igerileku baten ondoan hasi ginen filmatzen, eta egun hartan erre egin nintzen. Bost aste eta gero, beroki lodia jantzita gaude, hotzez. Iruditzen zait bost sasoi pasatu direla filmaketak iraun duen bost aste hauetan. Oso intentsoa izan da». Baina beti omen da horrela. «Beti da Vietnam txiki bat».
«Iruditzen zait bost sasoi pasatu direla bost aste hauetan. Oso intentsoa izan da»
KOLDO ALMANDOZ Zinemagilea
Zinemagileak jende xumea erretratatzea du gogoko. Epikoari, behintzat, ihes egiten dio, bai eta agendan dauden gaiei edo «komunikabideetako tertuliei jaten ematen dieten kontuei» ere. Hari, hain zuzen, Jim Jarmuschen ildoa zaio atseginago, eta Azken agurra filmeko pertsonaiak ere tankera horretakoak dira; esan nahi baita, arruntak, «normalak».
Dunning-Kruger efektua
Protagonista nagusiaren ezaugarri behinena deskribatzeko, Dunning-Kruger efektua aipatu du Almandozek, «hortik» omen doalako filma: «Inpostorearen sindromearen kontrakoa litzateke efektu hori, eta garai honi oso lotuta dago: denok dakigu denetik, gure iritzia balekoa da beti eta zernahira ausartzen gara». Alde horretatik, pertsonaia «ez sinpatikoa», are «gorrotagarria», izan liteke Tomas Martinez, zinemagilearen ustez. Nolanahi dela, garapen handia omen du; «Filmak aurrera egin ahala, alde onak ikusiko dizkiogu Tomas Martinezi, finean denok garelako neurri batean horrelakoak».
Azpitarte bere pertsonaiaren alde on horiez mintzatu da batik bat: «Tomas Martinez nahiko nahastuta dago, baina bere nahaste horretan, komentzimendutik egiten du aurrera, eta iruditzen zait hor dagoela pertsonaiaren aldeko enpatia sentitzeko arrazoia». Enpatiarako arrazoiak arrazoi, pertsonaia «osoa» iruditzen zaio Azpitarteri, eta esker oneko agertu da Almandozek eman dion aukeraren aurrean: «Plazera da pertsonaia beraren hainbeste mundu ezagutzea. Tomas Martinez gozpuztea erronka izan da egunero, hain baita konplexua. Ezer ez dago hori baino aberasgarriagorik aktore batentzat».
«Tomas Martinez nahaiko nahastuta dago, baina bere nahaste horretan, komentzimendutik egiten du aurrera, eta iruditzen zait hor dagoela pertsonaiaren aldeko enpatia sentitzeko arrazoia»
IÑIGO AZPITARTE Aktorea
Azpitarteren alboan Izaro Nieto aktorea izan da etengabe, azken eszenan lanik egin behar izan ez duen arren. Nietok Sara, Tomas Martinezen enpresan praktikak egiten ari den antropologia ikaslea gorpuzten du Azken agurra-n: «Nire lehen film luzea da, eta oso esperientzia ona izan da». Eroso aritu omen da bere rolean, eta entseguetan egindako lanketa eskertu du.
Bi aktoreen lana dela eta, miresmenez mintzatu da Almandoz : «Ez naiz etengabean egon haiekin, eta intuizioz aritu behar izan dute. Niretzat hori haluzinantea da». Aparteko dohain bat ere txalotu dio Nietori: «Aktoreek txikitzen ikasi behar izaten dute antzerkitik zinemara pasatzerakoan, baina Izarok berezkoa du hori». Azpitartek eta Nietok ez ezik, Iñaki Beraetxek, Iraia Eliasek, Josean Bengoetxeak eta Pako Sagarzazuk ere rol bana izan dute.

Filmaren helburu orokorraz tinko mintzatu da Almandoz: «Gogaituta nago zinemara joan eta handik diskurtso intelektual batekin atera beharraz. Ordu eta erdiko tartean filmak beste norabait bidaiatzeko aukera eman badezake, niretzat nahikoa». Alde horretatik, esan du «haize kontra joateko saiakera bat» dela Azken agurra.
«Zer egingo duzu aurrerantzean?», galdegin dio teknikarien taldeko kide batek Azpitarteri, azken eszenako azken saioa filmatzen hasi baino lehen. «Iñigo izan», erantzun dio Azpitartek, askorik pentsatu behar izan gabe.