Kongoko artisten aldeko 'Karibu' jaiak musikari talde zabala bilduko du Bilbon

Ruper Ordorika, We Are Standard, Gari, Zea Mays, El Drogas eta beste izango dira bihar BBK aretoan

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kongoko artisten egoera eskasa bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuen Gari Hertzainak taldeko lider ohiak eta bakarlariak, duela urte bi inguru Afrikako herrialde hartan egin zuen egonaldian. Oztopoei gaina hartu, eta Lubumbashi hirian Picha izeneko zentro artistikoa ireki zuten hainbat sortzailek nolanahi den iragan abuztuan. Kemena eta indarra sobera dituzten arren, ez dute ia diru iturririk. Soinu ekiporik ere ez. Horren jakitun, «lagunei deitzea» eta kontzertu bat antolatzea deliberatu zuen Garik, «bildutako diruarekin soinu ekipo bat erosi eta kontainer batean Lubumbashira igortzeko asmoz». Erantzunak erreskadan etorri dira. Eta Bilboko BBK aretoan bihar izango den Karibu festan musikari talde zabal eta askotarikoa izango da. 20:30ean hasita ariko dira, besteak beste, Ruper Ordorika, We Are Standard, Barricadako El Drogas, Yogurinha Borova Las Fellini taldearekin, The Cherry Boppers, El Menton de Fogarty, Zea Mays, Sapali, Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta, Doctor Deseoko Francis Diez, Mareako Kutxi Romero... Karibu hitzak ongietorria esan nahi du swahiliz.

Jon Maia bertsolariak zuzenduko du festa, eta tarteka-marteka, Yogurinha Borovak hartuko du gidaritza. Musikari eta talde bakoitzak abesti bi joko ditu. Batzuk bakarka ariko dira; eta bestetzuek, berriz, biko zein hiruko taldeetan parte hartuko dute, Garik azaldu duenez.

Hartara, «emanaldi berezia» izango delakoan dago. Ez soilik estilo horren desberdineko hainbeste musikari elkartu dituen helburuagatik, denen arteko elkarlanak ekarriko dituen emaitza artistikoengatik ere. Kongoko artistarik ez da izango festan. «Ez dute etortzerik». Baina beren egoera eta oro har kongoarrek nozitzen duten jazarpenaren berri emango dute Karibu festan Xabier Zabalo Kongon 40 urtez bizi izandako jesulagunak eta Miriam Artola Alboan gobernuz kanpoko erakundeko kideak.

Gatazkaren erdian, kultura

Kongon gertatzen ari denaz hemen «desinformazio handia» dagoela uste du Garik, eta soinu ekipoa erosteko dirua biltzeaz gain, «Kongoko gezur handia salatuko» dute. «Azkenengo urteetan hainbat gerra izan dira, eta bospasei milioi herritar inguru hil dituzte hiru genozidiotan», laburbildu du Garik.

Kongon ezagutu zituen artista gehientsuenak, argazkilari eta musikariak beren kabuz trebatuak direla dio euskal musikariak. «Eta kasu batzuetan ezertxo ere eduki gabe sortzeko gai izan dira, inongo baliabiderik gabe». Gatazka politiko eta ekonomiko betean, kulturak eginkizun erabakigarria joka dezakeela sinetsita dago Gari. Horregatik iruditzen zaio «garrantzitsua» Picha zentroko artistak laguntzea. «Lanean jarraitzeko behar duten ekipoa lortu nahi dugu, haien sormenak etenik izan ez dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA