'herio anderearen trapupean. atlantikoko piratak'
Egileak: David Lester eta Marcus Rediker.
Argitaletxea: Farmazia Beltza.
Â
Batik bat komikian eta eleberri grafikoan ardazten den Farmazia Beltza argitaletxeak Herio anderearen trapupean. Atlantikoko piratak lana argitaratu du berriki. Marcus Redikerrek 2004an idatzi zuen Villains of All Nations: Atlantic Pirates in the Golden Age, piraten urrezko aroan itsasoan ibili ziren 4.000 pirata ingururi buruzko lan oparoa. Hartan oinarrituta eta David Lesterren irudien laguntzaz ondu zuten 2022an orain euskarara itzuli berri den eleberri grafikoa.
Oinarri historiko eta ikerketa-lan handiko liburu baten adaptazioa da eleberri grafiko hau, eta hala nabarmentzen da bai hitzaurrean, bai gibel solasean. «Bizitza oparoa eta laburra» premisapean Errege Konpainietako kapitainei oldartu zitzaizkien piraten bizi-printzipioak eta antolaketa ereduak ikusaraztea du helburu komiki honek. Piraten iruditeria osatu duten estereotipoak deseraikitzeko asmoa du, nolabait, edota ezaugarri topikoen jatorria zein den azaltzekoa. Hala, ez dago lorodun piratarik, ez eta jarrera odolzale eta gupidagaberik ere. Azalean orbain itsusiak baldin badituzte, marinel izandako garaian jasandako zigorkadak ekartzen dituzte gogora; gorputz-atalen bat faltan badute, itsasontzietako bizi-baldintza eskasen ondorioz pasatutako gaixoaldiak aipatzen.
Hala, istorio honetako protagonistak John Gwin, Ruben Dekker eta Mary Reed dira: esklabo gisa erosi dituen James Skinner kapitainaren barkua bahitu eta pirata bilakatzen diren unea ekartzen da orriotara. Handik aurrera, tripulazioak bere burua gobernatzeko hautua egiten du, eta beraz, denen artean hasten dira erabakiak hartzen: nora nabigatu, nola banatu lanak, zer egin gatibuekin eta abar. Komunitate horizontal eta irekia irudikatzen da, jatorri ugaritako piratak biltzen dituena. Mary Reed-ek gizonez jantzitako emakumea dela iragartzen duenean, esaterako, begi onez hartzen dute. Pirata barkaberak dira, halaber, haien ehizan dabilen Snelgrave kapitaina ez baitute heriotzara zigortzen.
Alabaina, komikiaren funtzioa piraten irudia estereotipoetatik aldentzea bada ere, lan honek ez du lortzen pertsonaia konplexu eta interesgarririk eraikitzea. Ohiko iruditeriatik urrunduta, kontrastean eraiki dituzte eta, beraz, ez dute sakontasunik: ongi ulertzen dute elkar denek, denek dituzte giza balio duinak, denak dira solidarioak. Ez dute kontraesanik, eta ondorioz, ez dago gatazkarik. Eta gatazkarik ez dagoenean, ez dago egiarik.