The Bad Plus, Snarky Puppy
The Bad Plus taldea hirukote gisa ezarri zen, eta identitate propio eta oso bereizgarria sortu zuten lehenengo pausoak eman zituztenetik. 2017an pianistak taldea utzi, eta gitarra eta saxoa gehitu zizkioten formazioari, taldea guztiz eraldatuz eta «pianistarik gabeko laukote» ezaguna izatera igaroz. Gasteizeko jaialdian egonak ziren hirukote eta laukote gisa, eta oraingo honetan, despedida bira betean, formazio berriak gurean errepikatu du. 2024an kaleratutako Complex Emotions aurkezten ari dira.
Beraz, Reid Anderson (kontrabaxua) eta Dave King (bateria) sortzaile originalei Ben Monder (gitarra) eta Chris Speed (saxo tenorea) gehitu zitzaizkien, baina musika konposizioak lehenengo biek sortzen dituzte oraindik. Eguneko abesti guztiak haienak izan dira; kaleratu berri duten diskotik hartu zituzten, baita laukote gisa daukaten lehenengo lanetik ere, 2022ko The Bad Plus disko homonimoa.
Etapa berri honetako piezarik adierazgarriena Grid/Ocean izenekoa dugu, Complex Emotions lanaren irekiera duguna eta nolabaiteko marko teorikoa ezartzen duena. Gasteizen saioa abestia hori jota itxi zuten, eta taldeak amaiera borobila eman zion horrela. Aipatutako hori izan zen gaueko momenturik bereziena; izan ere, jorratzen duten free jazz estiloaz disfrutatu ahal izan genuen, aurreko garaia oso atzean utzita dagoeneko, zeinetan pop kanten jazz bertsioek hartzen zuten protagonismoa. Gehiago edo gutxiago gustatu, garai berriek dakartzaten aldaketak gure alde ipini behar ditugu, disfrutatzen jarrai dezagun.
Snarky Puppyren garai berrituak
Brooklyneko taldea ere egona zen Mendizorrotzan orain dela gutxi; zehazki, 2022an. Beste errepikapen bat daukagu, baina hauek ere berrikuntzekin datoz. Kasu honetan, taldearen arima izandako Shaun Martinen heriotzak eragin nabarmena izan zuen taldean. Michael Leagueren aholkuak jarraitzen dituzte orain, azken ezohiko urteen ostean. Argi dago introspekzioaren zein musikarien proiektu paraleloen aroa igaroa dutela, kolektiboki pasatu duten doluaren ondoren itzuli baitira. Talde izaera horrek gizatasun geruza berri bat eskaini dio haien musika egiteko erari, baita euren zuzenekoari ere. Berritasunez beterik datoz eta eskemak apurtzen jarraitzen dute.
Gasteizen entzundako Drift edota Waves Upon Waves horren guztiaren testigu izan ziren, abesti batzuk aipatzearren. Orokorrean, taldea gorantz ari den sentimendu ederrarekin gelditu gara, eta, dagoeneko jaialdiaren lagun diren horiek ziurtatu dute garai berriak bidean daudela. Azkenaldian, zuzeneko kontzertu berrien kaleratzeaz ez ezik, asko hitz egiten ari dira proiektu berri bati buruz, world musika besarkatuko lukeena, eta ohikoak izan diren funkaren influentziak gutxituko lituzkeena. Nolanahi ere, adi jarraituko dugu, eta Gasteizen berriro ere joko ote duten irrikaz, noski.