'Uretan'
Idazlea: Heejin Park. Ilustratzailea: Heejin Park. Itzultzailea: Nahia Zubeldia. Argitaletxea: Haria.
Album ilustratua da, tamaina ertainekoa (28x21 cm) eta tapa gogorrekoa.
Izenburuak dioen bezala, uretan aritzeaz mintzo zaigu istorioa, eragiten duen plazeraz eta sortzen duen onuraz, amona eta biloba batzuen eskutik.
Kontakizun honi ipuin klasiko bati bezala begiratuko bagenio, testuingururik ia batere ez duela azpimarratuko genuke, hasi eta buka zaputzaldi bat deskribatzen zaigulako, hasmentan igeri egitera joan nahi ez izateagatik, eta amaieran bertatik atera nahi ez izateagatik.
Egileak —idazle eta irudigile aldi berean—, ordea, baliabide ezin soilago hauek baliatu ditu gorputzari buruz hitz egiteko, giza gorputzez, bere osotasun fisikoan, istorio irrigarri bat eskaintzeko aitzakiarekin.
Eta ezagutzen dugu amona, zaputzean, igerilekura joaten, dutxetan, murgil egin ezinda, uretan, igerian, gorputz astuna arin bihurtu zaiola-eta gozatzen, handik atera nahi ez duela, eta protestan etxera.
Hitz gutxiko liburua izanik, irudiek ozen esaten dute, aldi oroz iradokitzen dute, eta zer pentsatua ematen.
Aipatzekoa da, irudien estiloa asiarra izanik, dezente hurbiltzen dela, demagun, Sin Chan bezalako irudien marrazketara.