Haur eta gazte literatura. 'Arrautzan'

Atseginezko irakurketaren bila

Idazlea eta ilustratzailea: Emma Lidia Squillari. Itzultzailea: Xabier Olarra. Argitaletxea: Pamiela Kalandraka.

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Tamaina handikoalbum ilustratua da (29 x 24 cm), alaia, argia eta ezustekoz betea, azaleko irudiak ongi baino ongiago aditzera ematen duen gisara.

Zabaldu eta irakurtzen jarrita harritu egiten du letra tamainaren handitasunak, dena proportzioz ohikoa baino handiagoa da liburu honetan. Zergatik?

Goazen, poliki-poliki. Liburua lau baliabide hauei begira aztertuko dugu: umorea, intriga, kate-ipuinen egitura errepikakorra eta konposizioa.

Azal dezagun, lehenik, zer eman nahi dugun aditzera konposizioa aipatzean. Apur bat gorago letraren tamaina ezohikoarekin harritu gara —ez alferrik—, eta honi gehitu behar zaio ilustrazioetan agertzen diren animalien tamaina eta kokapena orrialdeetan. Testuak eta irudiak atzealde zuri baten gainean ezarri dira, elkarrekin pilatuta bezala, hobeto esanda: puzzle bateko piezak bezala. Efektua harrigarria lortzen du egileak elementuen antolakuntza honekin, izan ere, orrialde guztietan asetasun sentipen bat dago, elementu guztien artean batasun bat osatuko balute bezala. Zeren batasuna, ordea?

Lehen orrialdean elkarren oso desberdin diren hamabi arrautza aurkezten zaizkigu. Animalia espezie askotarikoak dira —narrasti, hegazti eta ugaztunak daude tartean—, eta unibertso oso bat ordezkatzen ari direla ematen du. Nolabait, guztiaren ordezkari bihurtzen dira orrialde-bikoaren azalerak (ezker-eskuin dauden bi orrialdeak): habia dela, esparrua dela, edo zuk nahiago duzun zer absolutu hori dela.

Katean dauden ipuinetan gertatzen den antzera, piztia hauek guztiak segida bat osatzen dute, banan-banan protagonista izateko pronto. Baina zeren protagonista?

Hona intrigaren papera istorioan. Piztietako bat narratzailea da, baina ezin zehaztu daiteke zein den, gutxienez kontakizunaren lehen herena baino lehen. Ordurako antzematen hasita egongo gara pertsonaiak desagertzen ari direla, banan- banan, zeren nahiz eta orrialdea beti dagoen betea, gero eta gutxiago gelditzen dira. Une batetik aurrera, galdera aldatu egiten da, hiltzaile-narratzailea nor den argituta, baina jolasak jarraitzen du, nor jan duen (eta nor jango duen) zehaztea bihurtzen delako jolas. Orrialdeetan atzera joatera behartuko gaitu, eta ilustrazioetan arakatzera, faltan dagoen animalia zein den izendatzeko. Begira genezake hiltzailearen sabelaren forma, baina, Printze Txikiaren istorioan bezala, itxurak engaina gaitzake. Eta honek hurrengo puntura garamatza: umorea.

Kontakizun bihurria dela esan genezake. Umorea darie pertsonaien irribarreei, marrazki sinpleekin, kolorearen bidez nor den nor zehatz bereizita... Esan liteke alderdi grafikoak irakurlearen konplizitatea bilatzen duela, beste ezeren gainetik irakurketa gidatzeko, atseginezko irakurketaren bila.

Guztiak bat lan eraginkorra burutzea lortu du egileak, frogatuaz, nire ustera, betiko erremintekin sor litezkeela obra berri on askoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.