'Honela egiten da haur bat'
Ulertuko nuke guraso hasiberriren batek esango balit ez duela batere gogorik liburu hau hartzeko, ez baitago jakiterik zer galdera egingo dituen haurrak, ez eta zein izango den ere gure erantzunak emateko gaitasuna. Finean, zertarako ireki Pandoraren kutxa liburu honekin, eskura beste hamarnaka liburu edukita. Ulergarria. Dena dela, inor zalantzan balego, akaso liburuko esaldi honek adoretzen du: «[Haurrek] nahikoa dute ugalketa zertan den ulertzen hastea, eta bereziki garrantzitsua gaia tabu ez bihurtzea».
Sexu-heziketarako liburua den neurrian, jakintza liburua da hau, ipuinik gabea, sei atal argigarritan banatuta: Atarikoa, Sorkuntza [fekundazioa], Haurdunaldia, Jaiotza, Edoskitzea, Familia eta hezitzaileentzako gida.
Idazlea psikologoa da, sexu-heziketan aditua, eta ilustratzailea ere nor omen da bere alorrean.
«Adin guztietarako sexu-heziketa» bildumaren parte da liburu hau, Zakila du izena, Alua du izena, Hilekoa mundiala da eta Semena mundiala da liburuekin batera, eta guztiek osatzen dute, izenburu eztabaidaezin hauek erakusten duten gisan, gai sexualez ahobizarrik gabe jarduteko testuingurua.