Kritika. Musika

CocoRosieren unibertsoa

2026ko ekainaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

COCOROSIE

Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Ekainaren 7a.

Urteko igande gaurik bereziena izan genuen ekainaren 7koa Bilboko Kafe Antzokian. Izan ere, Frantzian bizi diren AEBetako CocoRosie ahizpek beren Old TV Show Tour aurkeztu zuten bertan. Hasierako gonbidatua Niños Luchando izan zen, hots, Granadako Javier Bolivarren pop elektronikoko proiektua. Baxu jotzaile batek eta bateria jotzaile batek lagunduta osatu zuen zortzi abestiko emanaldia, gehienak jab/cross album berrikoak. Oso proposamen interesgarria izan zen, baina, zoritxarrez, haren ahots xuxurlatua apur bat galdu zen nahasketan. Territorio azken abestiarekin dantzatzeko gogoa piztu zigun Deloreanen antzeko soinuak.

Ondotik, Sierra Casady atera zen oholtzara, eta hasiera-hasieratik publikoa liluratuta geratu zen haren soprano ahotsarekin Crystal sarrerako piezan. Atzeko horman hitzak proiektatu zituzten; aurrean, berriz, arropa batzuk zeuden zintzilik, apaintzeko helburu bakarrarekin; eta, eszenatokiaren erdian, lisatzeko taula bat oinarri gisa erabili zuten euren gailu elektronikoak ezartzeko. Unibertso propio bat sortu zuten elementu bitxi horiekin. Geroxeago, Bianca igo zen agertokira, eta Give it to the Wind abestu zuen. Lana del Rey baino askoz lehenago hasi ziren bi ahizpak hip-hoparen soinuak erabiltzen euren pop barrokoa sortzeko. 

Little Death Wishes albumetik ateratako Least I Have You abestiarekin jarraitu zuten, Biancak bere ahizpari eskainitako hitzak rapeatzen. Soinua hobeezina izan zen, baita kontzertura joandakoen isiltasuna ere, zeina eskertzekoa den. Jarraian Wait for Me abestiaren tonu zinematografikoa sumatu genuen, Sierrak telefono batekin abestu zuena. Nothing But Garbage bi zortzidun ezberdinetan rapeatu zuten ahizpek. Leloan, bere burua euritako batekin estali zuen Sierrak bat-batean. Bi emakumeen irudiak atzeko horman zuzenean proiektatzeak oso efektu bisual polita sortu zuen modu sinplean. Cut Stitch Scar kantuan, aldiz, telebistaren elurra (zarata estatikoa) proiektatu zuten. Zenbat abestiren hitzak ere aipatzekoak dira; «I'd rather be rainwashed than brainwashed» («Nahiago dut euriak bustitzea eta garbitzea, norbaitek garuna garbitzea baino») abestu zuten Witch Hunt kantuan. 

Ikuskizun osoa paregabea izan zen, patchwork postmoderno baten modukoa: oilar baten kukurrukuak, beatbox-a, erratz bat, kaleidoskopio bateko irudiak,hip-hoparen oinarri erritmikoarekin nahastutako vintage kutsuko soinuak, bi ahizpen look-a... Harritzekoa da aretoa guztiz bete ez izana. Dena den, hurrengo baterako gomendioa: ez huts egin CocoRosieren ikuskizun artistikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE