KRITIKA. Dantza

Ezkerparetan hobeki

Mizel Theret Komunikazio inkomuniazio piezaren une batean. MAITALDIA.
Agus Perez.
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Mizel Thereteta Hessisches Staatsballet

Konpainiak eta lanak: Traversee (Komunikazio inkomunikazio) eta Staatsballet (I'm afraid to forget your smile eta Bolero) Lekuak: Miarritzeko Petricot auzoko ezkerpareta eta Gare du Midi antzokia. Eguna: irailaren 16an.

Miarritzeko Dantza Maitaldiko pozetariko bat da Iparraldeko lagun euskaldunak aurkitzea, eta aurten topo egin dugu Mizel Theret dantzari eta koreografoarekin. Komunikazio inkomunikazio deitu da bere lana Traversee konpainiak ekoiztua, eta Theretek berak esan digun bezala, Petricot auzoko ezkerparetan eman izanak bere esangura politikoa dauka, era horretan dantza eta euskal kultura langileen auzo batera eramanak izan direlako.

Asteko egun guztietan errepikatu du emanaldia, eguraldia eguzkitsua nahiz euritsua izan, eta horrek bermatu du era askotako ikusleen presentzia. Theretek behin esan zidan bezala, «berak ez du fama xerkatzen», eta horrelakoa izan da bere ibilbide artistikoa: aratza, pertsonala, inoren zordun izan gabea. Izenburuak dioen moduan, oraingo sorkuntzak Mikel Laboaren izen bereko kanta du oinarri, eta ezin hobeki uztartu dira abeslariaren irudimena eta ahotsa dantzariak gure aurrean garatu dituen eboluzioekin. Dotorea, zehatza eta iradokitzailea da beti, eta horrela agertu da, trixerta, jaka, praka eta zapata beltzak jantzita, eta apaltasun osoz, baina presentzia eszeniko itzelarekin eta zeharo sartuta lanak eskatzen zion barne-disposizioan.

Laboaren eta Thereten elkartze miresgarri horretan igaro zaizkigu emanaldiaren hogeita bost minutuak, eta nik uste dut askorentzat eskertzeko modukoa izan dela Laboaren maisutasuna zintzotasunetik eta kontzesio errazik gabe eszenara eraman izana. Era berean, ikustekoa izan da zenbat haur hurbildu zaizkion dantzariari emanaldia bukatu orduko, eta nolako hurbiltasunez tratatu dituen haiek guztiak.

Iluntzean Alemaniako Hessisches Staatsballetekin genuen zita ustez nagusia. Ostiralean bi pieza zoragarri ekarri zuten kasinoko antzokira, eta larunbatean Gare du Midin aurkeztu dituztenek beste zapore bat utzi digute.

Lehen lana Imre eta Marne van Opstal anai-arreben I'm afraid to forget your smile izan da (Zure irribarrea ahanzteari beldur diot) eta ustezko biluztasunean agertu dira sei dantzariak bi emakume eta laugizon, konpainiaren argazkian diseinuzko jantzi beltzekin agertzen ziren arren. Agian, aireportuan galdu zituzten maletak. Konpositore askoren musikaren pean haien artean Arvo Pärt famatua hileta kutsua hartu du giroak dantzariek lurretik izterrekin emandako kolpeen harira, eta beranduago erakustaldi fisiko hutsaren eremuan sartu gara, non haietariko bakoitzak bere birtuosismo unea eduki duen. Anartean, musikak tristezia sakonean murgildu gaitu eta dantzaren diseinuak mugimendu-estudio hutsean geratu da, talde eskultoriko geldoen kalitate piktorikoa gorabehera.

Bolero izan da Eyal Dadonek ekarri digun bigarren pieza, eta esku-programan ikusi dut hogeita hamar minutu iraungo zuela, Ravelen musikak horren erdia irauten duen arren. Hasi da boleroa pertsonaia bakar bat eszenan zegoela, eta horrela igaro dira lehen hamabost minutuak, dantzari gizajoa betelan hutsean zebilela. Azken uneetan, ordea, beste kide bat agertu eta akabuko konpasekin azaldu da konpainia osoa. Orduan ulertu dut emanaldiaren iraupena: beste behin hasi da Ravelen in crescendo jada usatua, eta orain dantzari guztiek partu hartu dute beren gris-urdin koloreko arropekin eta mugimendu erritmikoekin makinen giro industriala nahiko era figuratiboan irudikatzen. Lehen atalaren ezean askoz hobeto irientsiko genukeen Bolero-ari emandako ikuspegi berritzailea, baina ordurako beranduegi zen ene pazientzia akiturako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.