Kritika. Musika

Gazteria izerditan

2026ko uztailaren 2a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

shame

Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: ekainaren 30a.

Ekainaren azken egunean, energiaz betetako kontzertu elektrikoaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen. Izan ere, Londresko Brixton auzotik Shame bostekoa etorri zen Cutthroat izeneko laugarren diskoa aurkeztera. Azken urteotan, hainbat talde 1980ko hamarkadako post-punk soinuak berritzen ari dira Ingalaterran, gaur egungo baliabideak erabiliz eta hainbat estilorekin nahastuz: hardcorearekin, punkarekin, hitz esanarekin eta elektronikarekin. Emaitza, originala eta eraginkorra. 2000ko hamarkadako taldeekin alderatuta (Bloc Party, Editors eta abar), gaurkoek (Idles, High Vis, Shame eta Maruja, besteak beste) arreta ez dute estetikan jartzen, euren letra zuzenetan baizik; euren abestietan punkaren agresibitatea munduko egoera salatzeko ateratzen dute.

Bilbon ikusi genuen Shamekoek izugarrizko eragina dutela gazteen artean. Agertokira atera ziren, eta, denborarik galdu gabe, euren eliteen kontrako kantua, Axis of Evil, jotzeari ekin zioten. Hasiera-hasieratik, publiko gaztea ingelesez kantuan eta pogo-an sartzen hasi zen, giro paregabea sortuz. Jarraian, galdera-erantzun egiturako Concrete abestia jo zuen taldeak. Charlie Steen abeslaria Tasteless abestiaren hasieran agertokiaren alde batetik bestera ibili zen publikoa animatzen. Amaieran mikrofonoaren euskarria hartu, eta ikusleak seinalatzen hasi zen, txantxetan, «I like it better when you're not around» (Gusturago nago zu inguruan ez zaudenean) oihukatzen zuen bitartean. Badirudi Ingalaterrako rock abeslariek, estilo gogorrenetan ere, interpretazio teatrala zaintzeko joera dutela. Antzeko jarrera ikusi genuen duela gutxi Andoaingo Rock Jaialdian Maruja taldeko abeslariarengan, eta asteartean ere, Charlie Steenen eskutik. Jada laugarren abestian kendu zuen Steenek alkandora, eta modu probokatzailean abestu zuen Cowards around.

Publikoaren artean, hogei urte inguruko ikusle ugari zeuden, oporrak ospatzeko grinaz. Euren artean, Bilboko Norman Bates rock taldeko kide guztiak han ziren, eta haiek ekin zioten pogo-ak pizteari. 2023an argitaratutako Fingers of Steel kantuak oihartzun berezia izan zuen bertaratutakoen artean. Hurrengoan, berriro olgetan esan zuen lo kanta britaniar bat joko zutela. Hala ere, eromen kolektiboa eragin zuten, Six Pack kantu bortitza hasi bezain pronto. Erritmoaren aldaketaren unean, publikoari lurrera makurtzeko eskatu zion, berriro ere mosh pit-ak eta pogo-ak piztu baino lehen. Aspertzeko momenturik ez zegoen: Brasilgo folkloreko pertsonaia eztabaidatsuan oinarritutako LampiĂ£o abestia tarteka portugesez kantatu zuten. Ondoren, Adderall jo zuten giroa apur bat baretu nahian. Handik gutxira, Snow Day eta Cutthroat kantu energetikoekin berriro igo zuten tenperatura. Ikusgarriak izan ziren, halaber, Josh Finerty baxu jotzailearen akrobaziak.

Ziurrenik, gazte askorentzat asteartekoa izango da orain arte ikusi duten nazioarteko kontzerturik onena. Eta hori guztia, mezuz beteriko errepertorio batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA