Literatura. 'Jainkoaren seme'

Infernuaren mugez

Idazlea: Cormac McCarthy. Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal. Argitaletxea: Igela.

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Igelak Child of God eleberriaren itzulpena kaleratu eta gutxira iragarri da Cormac McCarthyren bi nobela berri argitaratuko direla udazkenean, hamasei urteko isilaldiaren ondoren. Ausazko bat-egite horrek are oihartzun handiagoa ematen dio berez albiste erraldoia denari; hemen dago euskarara ekarritako McCarthyren lehenengo lana, Jainkoaren seme, Juan Mari Mendizabalek itzulia. Egilearen ibilbidean hirugarrena dugu, 1973koa. Autorearen paisaia maiteenetako batean, Tennesseen kokatua, Lester Ballard hiltzailearen istorioa kontatzen du.

Liburu iluna da. Ohi duen gisan, McCarthyk ilunpeetara darama irakurlea, infernurako bidean jartzen du. Literaturaren historiako pertsonaia ikaragarrienen multzoan sar daiteke Ballard, gizaki amoral hori. Kontzientziarik eza, jendetasun falta eta jazartzen zaion sen eutsiezinari jarraitzea dira protagonistaren ezaugarri nagusiak. Gizartetik at bizi da, baso ertzeko txabola zahar batean lehenik, eta kobazulo batean gero. Joera nekrofiloa du eta eskopeta bidelagun bakar. Autoreak idazkera zehatz eta neutroz ematen du Ballarden ibileren berri, aldian behin kutsu poetikoko pasarteak txertatuz, batik bat paisaiaren deskribapenetan. Estilo horren balizko astuntasuna lehenengo pertsonan emandako zatiekin arintzen du, nahiz eta joera hori urrituz doan narrazioak aurrera egin ahala. Pasarte laburrek laguntzen dute, hala autorearen prosa dentsoa dosifikatzen nola tentsio narratiboa areagotzen. Elipsiaren erabilera trebeak, berriz, narrazioa biziagotzen du.

Estiloa da, dudarik gabe, autorearen bertute handietako bat. Maisua da McCarthy deskribapenetan, eszena girotzeetan, elkarrizketetan. Paisaia irudikapenetan jotzen du goia. Naturaren errepresentazioa da Jainkoaren seme-ren giltzarrietako bat. Ballard naturaren eranskin huts gisa ageri da. Basoen meneko, naturak berezkoa duen krudeltasun eta gogortasunez jokatzen du. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz dihardu egileak, aringarririk gabe. Estatubatuar tradizioan wilderness deitzen zaion horren baitakoa da liburuko natura, gizakiaren eraginik gabea, basatia. Natura horrek protagonistarengan eragindako sentsazio fisikoak, biziraupenerako borroka eta jainkoaren semeen ezdeustasuna haren aurrean, horietaz aritzen da nobela.

Naturarenarekin batera, eta horrekin lotura estuan, giza nortasuna eta giza harremanak ere badira liburuko gai esanguratsuak. Funtsean, Gaizkiaren auzia dago Ballarden istorioaren atzean. Hobbes eta Rousseauren eztabaida zaharra, alegia, gizakia berez gaiztoa ote den ala gizarteak halakoa egiten duen. Egileak ez du erantzun argirik ematen. Agerikoa da protagonistaren higuina; horretan inguruak eta komunitate baten historiak duen erantzukizuna ere aipatzen da, ordea, Txano Zurien istorioaren bidez. Narratzaileak zera iradokitzen du: inor ez dago gaiztakeriatik salbu. Horretarako baldintza egokiak emanez gero, edonor eror daiteke bere zurrunbiloan. Non dago infernurako muga? McCarthy muga-mugako lurralde ospel horietan barrena sentitzen da erosoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.