Rüdiger
Aste honetan aukera paregabea izan dugu, irailerako oso aproposa den musikaz zuzenean gozatzeko. Felix Buff musikariak —Rüdiger— bere lan berria aurkeztu du Bilboko Kafe Antzokian: Love is a Muscle. Izan ere, Kafe Antzokiko goiko areto txikian, Kutxa Beltzean, musika proposamen interesgarriak ezagutu daitezke ostegun askotan, eta, gainera, prezio onean. Dena den, Felix Buff ez da batere berria musika arloan; Iparraldekoa Willis Drummonden bateria jotzailea izan zen eta hainbat urte daramatza Rüdiger proiektuarekin.
Albumaren lehen kantarekin hasi zen kontzertua —I Love You, etc.—. Pop argitsua, erabat psikodelikoa, umore ona pizten duen motakoa. Ostegunean lagundu zuen banda goi mailakoa izan zen, baita soinuaren kalitatea ere.
Gigantic Storm (Ekaitz erraldoia) bigarren abestiak, paradoxikoki, ez zuen inolako ekaitzik iragarri. Aitzitik, The War On Drugs taldearen gitarren oihartzun eguzkitsu bat antzeman genuen. Aldi berean, Fleetwood Macen oihartzuna ere sumatu genuen ekoizpenean. Kanta guztiek, nahiz eta euren artean oso ezberdinak izan, energia bera transmititzen dute: irailaren goxotasuna, malenkonia, errutinara itzultzeko gogorik eza eta globo aerostatiko batean hegan egiteko grina. Globo horrek eraman gintuen kontzertu osoan zehar, Here Comes The Man, Downtown edota Did You Ask entzun genuenean. Leku txikia eta instrumentu asko izan arren, guztiek aurkitu zuten beren lekua nahasketan. Teklatuaren presentzia, kantu batzuetan —adibidez, Dancing King-en—, oso nabarmentzekoa izan zen.
2020ko lehen albumeko Did You Ask abesti psikodelikoa jo ondoren, Felixek Love Is A Muscle albumaren eta abestiaren ideia azaldu zuen: amodioa trebatu behar den gihar bat dela, bestela atrofiatu egiten delako. Ikuskizuna oso dinamikoa izan zen: euskaraz ere abestu zuen —Bi Egun—, eta The Will kantaren positibotasunak giroa piztu zuen. The Receiver-ek Bigott zaragozarraren freak folka ekarri zigun gogora; Breve e Indoloro abestu eta dantzatu zuenean Felixek, marakak etengabe astindu zituen, bandak alderdi elektronikoa nabarmendu bitartean, eta guztiok mundu paralelo batean sartu ginen.
Hegaldia COVID garaian idatzitako Spot On kantarekin amaitu zuen, Rafael Berrio oroitzeko nahian, eta publikoa etengabe txaloka hasi zen, guztiz txundituta eta kontzertuaren esperientzia luzatzeko gogoarekin.