Literatura. Haur eta gazte literatura. 'INUITEN MILA ZURIAK'

Kultur artekoak

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Idazlea: Isabel Minhos.

Ilustratzailea: Madalena Matoso. Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea. Argitaletxeak: OQO eta Txalaparta.

Album ilustratu honetan, haur inuit batek bizi den lekua deskribatzen du, bere ohiturak eta zaletasunak, bere inguruko paisaia eta animaliak... Eta bere inguruan dauden mila zuriak, denak desberdinak. Deskribapen hori era grafiko eta oso sinplean egina dago: «Ni bizi naizen lekuan ez dago zelairik, ezta zuhaitzik eta lorerik ere. Nire inguru guztia lautada amaigabea da, hutsa eta zuri-zuria». Bistan da: bizipen pertsonaletan oinarritutako testu bat da; oinarrizko ideia bakar hori Inuiten mila zuriak azpimarratzeko, lotura narratiborik gabeko irudi sorta eder bat erabiltzen duena.

Ideia horretatik abiatuta, iradokitzen zaigu kulturen arteko desberdintasun nagusia begiratzeko moduan egon daitekeela; azken batean, denok garela berezi bezain arrunt; etorki bereko emaitza berezituak garela; inuitek euren inguruko zurien ugaritasuna ikusten duten eran, bakoitzak beste inork ez bezala ikusten dituela bere lurraldeak dituen berezitasun propioak.

Testuari lagunduz, collage lan ikusgarri bat ere egin du Matosok, zurien desberdintasunak bilatzen, forma iradokitzaileak eraikitzen, abiaduraren moduko kontzeptuen ezaugarri grafikoak lantzen, eta haizearen ufaden gisako beste hamaika ñabardura erakusten.

Argitaletxe galiziarraren eta euskaldunaren arteko lankidetzaren emaitza ikusgarria da lan hau, eta, dudarik gabe, lauzpabost urtetik gorako irakurleen bazka gomendagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.