Kritika. Dantza

Leuna eta samurra

Agus Perez.
2026ko irailaren 13a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

'SUMMERLAND'

Summerland dantza-lan harrigarria izan da aurtengo Dantza Maitaldian ikusi dugun lehendabiziko pieza. Koreografiaren alorrean Benjamin Millepied egotea berme nahikoa da lanaren kalitatea ziurtatzeko, baina harekin lotuta zetorren izena ezezaguna egin zaigu Hegoaldetik etorrita, eta argi dago gaualdiko deskubrimendua izan dela.

Barkatuko didate benetako musika zaleek, baina maila goreneko arte-proposamen honekin deskubritu dut November Ultra izeneko musika-sortzaile eta abeslari bikaina, bera izan baita emanaldiaren protagonista une gehienetan, Millepieden dantzarien jardun bikainarekin lehia etengabe eta elkarren osagarrian izan bada ere.

Ama andaluziarra eta aita portugesa izanik, Frantzian jaioa da emakume miresgarri hori, eta bere nortasun handiko ahots eta inspirazio sakoneko abestiekin erabat sorgindu gaitu emanaldian zehar, halako moldez non hasierako une batzuetan uste izan baitugu dantzarekin apaindutako kontzertu bikain batean geundela. Laster urtu dira gure susmoak, ordea, Millepieden ahalegin zintzo eta sostengatuak lortu baitu maila goreneko dantzarik finena musikarekin konbinatzen, eta bien arteko elkartzetik artelan definigaitz bezain aurreratua sorrarazten.

November Ultrak ingelesez jardun du denbora gehienean, baina bizpahiru kanta abestu ditu a capella Andaluziako hizkeran, betiere dantza sublimearen osagarri. Haietan ez ezik, beste askotan zuzeneko interpretea izan da bai teklatu subliminalki sanpleatuan bai gitarra elektrikoan, eta beste batzuetan eszenatik desagertu eta haren musika grabatuarekin —kalitate handian betiere— jardun dute konpainiako bederatzi dantzariek —bost neska eta lau mutil— beren gorputz estilizatuekin eta ia kolorerik gabeko arropa informaletan bilduta eta musikariaren balada malenkoniatsuei berrinterpretatze bisual dantzatua emanez.

Zein pisugabeak, zein dotoreak! Nolako finezia eta arintasun inbidiagarria nesken hanken mugimenduetan! Nola jolasten ziren jauzika eta puntetan agertokian zehar, pinpilinpauxak edo txori arinak alaitasun betean baleude bezala! Zein disposizio buruargiak planteatu ditu Millepiedek dantzariek binaka, hirunaka, taldeka dantza zezaten, askotan elkar ukitu gabe, baina elkarrengandik bi zentimetrora edo hogei metrora ere egonda haien arteko erakarmena eta tentsioa liluragarriak izan zitezen!

Argien diseinua arte-sorkuntzaren parte izan da ezinbestean, beti leun, beti fin beste guztia bezala, eta une batean bazirudien hodei harituen formak, itsasoko bitsa edo haizeak mugiarazitako elur-hautsa ikusten genuela. Pasarte hartan abestu du kantariak Es una pena (Pena da) sei dantzarik inguratuta, eta beste batzuetan ere izan da dantzaren pieza sinbolikoa bere diva gorpuzkera sendoarekin. Trantsizio suabeak ere izan dira eredugarriak, eta haien artean isiltasun trinkoa izan da nagusi, ikusleen erabateko sorgintzearen erakusgarri.

Antza denez, Soft & Tender (Leun eta samurra) izan zen fama ekarri zion bere lehen bakarkako kanta, eta horrelakoa egin zaigu Gare du Midi hirugarrenez goraino beteta zegoen emanaldia.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA