Kritika. Literatura

Lorezaleak

Erleen sekretuak
2026ko maiatzaren 24a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ERLEEN SEKRETUAK'

Idazlea: Ben Hoare. Ilustratzailea: Nina Chakrabarti. Itzultzailea: Itziar Mendizabal Alberdi. Argitaletxea: Ttarttalo.

Aurten 54 urte bete ditu Erleak eta eztia (Plan, 1972) eskola liburu mitikoak; nik dakidala, gai honi dagokionez lehen argitalpena izan zena euskaraz.

Ordudanik gaia isilik mantendu da, milurteko berria hasi bitarte. Arrazoi sendoak akuilatuta, animalia lorezale horren gainbeheraz ohartarazi gintuzten bezain agudo, erleei buruzko argitalpen berriak plazaratzen hasi dira.

Egia esan, Ttarttalo izan da argitaletxe bakarra erronkari heltzen. Esku artean dugun Erleen sekretuak liburuak seiko sorta osatu du, honako tituluekin batera: Erleen liburu biziduna (2007), Erlauntza (2015), Erlea (2017), Zergatik behar ditugu erleak? (2017) eta Erleak eta lur zizareak ( 2021).

Bibliografia arakatzeko ariketa hori ezin amaitu, berriki Basque Culinary Center ikastegiak haurrentzako Loreen lagunak (2025) liburua plazaratu baitu autoedizioaren bidez. Beraz, gaur-gaurkoz Ttarttalo argitaletxearen ekimena ez da bakarra.

Erleen sekretuak liburu oso handia da haurren eskuetan (30x26cm), eta azal gogorraren erdian trokelatu biribil hanpatu bat du, ikusgarritasuna areagotzen diona. Egituraketari dagokionez, hamabi atal ditu, hasierako sarrera eta amaierako glosarioaren artean garatzen direnak. Atal bakoitzak galdera bati erantzuten dio, «Zer da erle bat?» oinarrizkotik hasi, eta «Nola lagundu erleei?» proaktiboarekin amaitzeko, intsektu horren deskribapen oro-biltzailea helburu. Era berean, atal guztiek luzera bera dute, orri-biko bana.

Azalpenak emateko testua bezala, irudiak erabili dira, album ilustratuetan ohikoa den gisara. Ilustratzaileak marrazketa zientifikoaren bertsio propioa darabil, ohikoak baino estetikoki ausartagoak diren ilustrazioen bidez. Orrialdearen erabilera erabatekoa da, nonahi eta handi agertzen dira hizketagai diren erle eta enparauak, letrekin egindako informazio burbuilak, eta, guztia janzteko, landare eta loretzar ezin koloretsuagoak.

Albumaren ahalak erabilita, irudien bidez eskuratzen dugu informazio zati esanguratsua.

Ilustrazioek atalaseko informazio maila eskaintzen dute, eta adi-gunea dira, aldi berean.

Testuak bi maila ditu. Batetik, liburuaren antolamenduaz arduratzen diren galderak proposatzen ditu; eta bestetik, informazio xehea ematen du, dela izenak eskainiz, dela informazio multzoetan. Gogoan hartu, halere, ilustrazioen osagarri direla.

Erabilerari dagokionez, liburuak aukera ematen du modu desberdinetara irakurtzeko. Esaterako, taldean irakur daiteke, tamainaz handia baita, eta aukera ematen du hiru pasaldi egiteko. Bigarrenik, irudi bidezko irakurraldi estetikoa egiteak ezinbestekoa dirudi; egin daiteke irudi bidezko jakintza-irakurraldia, zeinetan testua osagarri eta hautazkoa den. Eta, hirugarrenik, irakurraldi sakon bat egitea erabaki daiteke, obra honek eskaintzen duen guztia bereganatzeko helburuz.

Erlea boladan dagoen gaia da haurren literatura zientifikoan. Ezagut dezagun, bada, animalia lorezale hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA