Kritika. Literatura

Mito terrorista bat da

'Izan gizona'.
2026ko urriaren 25a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'IZAN GIZONA'

Idazlea: Aritz Galarraga. Argitaletxea: Alberdania.

Georges Falconnet eta Nadine Lefaucheur soziologoek abisatu ziguten duela 50 urte inguru: «Gizontasuna mito terrorista bat da. […] Gizonen bizitza etengabeko norgehiagokak eta lehiak baldintzatzen du»; eta esango nuke Aritz Galarragak Alberdania argitaletxean atera berri duen Izan gizona obrak ezin hobeto ilustratzen dituela soziologoen hitzok. Autoreak bere bizitzako hastapeneko urteetako bizipenak eta uneak darabiltza, horien bitartez, edozein gizonen maskulinizazio prozesuan presente dauden une unibertsal gorenez eta inposatuez hausnartzeko. Unibertsal, noski, gizartea antolatzen duen mendebaldeko ikuskera heteronormatiboaren begirada zurrunetik. Eta inposatu, noski, ideologia jakin horrek eskaintzen duen ikuspegi androzentriko eta sexistak, subjektu maskulinoak pribilegioz janzten dituen arren, haien bizitzak ere arautzen eta estutzen dituen heinean. Hala, idazleak heteropatriarkatuak eskaintzen dion pribilegioz betetako talaiatik jaitsi, eta gizarteari eta bere buruari kritika egiteko aprobetxatzen du aukera.

Aitortu behar dut puntu horretan konektatu dudala gehien obrarekin, autoreak ez baititu, beste barik, hobetu beharrekoak seinalatzen eta arazoa etxetik kanpo bilatzen. Liburua baliagarria zaio bere baitara begiratzeko, erreparo barik, bizitzan zehar, hainbatetan, zapalkuntza horren parte izan dela onartzeko, eta, noski, horretaz ere damutzeko. Horrek, ezinbestean, eztabaidarako tartea ere irekitzen du; bere buruarekiko eta gizartearekiko norgehiagoka horretan, badira zenbait auzi hausnartzeko aukera ematen dutenak. Sexualitatearen inguruko gaia da horietako bat. Diskurtso estankorik ez darabilen arren, gai horretara hurbiltzeko baliatzen duen perspektiba bai iruditu zait estatikoa, bai behintzat egungo ikasketa sexologikoek aldarrikatzen duten subjektu sexuatuaren ikuspegitik. Izan ere, pertsonak prozesu konstante baten emaitza gara, elkarrekin eta une oro birsortzen ari garenak. Hala, gure identitate eredua, eta, ondorioz, baita gure desira eta sexualitatea ere, ez dira kategorikoak berez —nahiz eta etiketak geure buruak hobeto ulertzeko baliagarriak zaizkigun—; continuum bat dira, etengabe alda ditzakegunak. Galarragak bere bizipen pertsonaletik dihardu liburuan, eta ez naiz ni izango hori ukatuko duena, inondik ere; nork bere burua askatasunez definitzea zilegi iruditzen zait, baina etiketa guztiak baztertzen eta auzitan jartzen ari garen honetan, ez dakit heterosexual bezalakoek guztiz funtzionatzen duten. Edozelan ere, etorkizunean heldu eta hausnartu beharreko gaia dela iruditzen zait, eta, nahita edo nahi gabe, auzi hori problematizatzea eta mahaigaineratzea, bada, jada, nahikoa meritu. 

Simone de Beauvoir entzutetsuaren «emakume ez da jaiotzen: egin egiten da» adierazpen are entzutetsuagoari heltzen dio autoreak, eta hura luzatzen: «ez gara gizon jaiotzen; gizon egin egiten gara» baieztapenarekin. Nik neuk, ostera, feminismoen ibilbidean horrenbeste aldarrikatu den «pertsonala politikoa da» adierazpena ere baliatuko nuke obra biribiltzeko; Galarragak, intentzionalki noski, baina gizonentzat ere hertsagarria izan daitekeen sistemaz dihardu, bere buruaz soilik ari delakoan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA