'Zientzialari egingo zaituen liburua'
Idazlea: Sheila Kanani. Ilustratzailea: Ellen Surrey. Itzultzailea: Ainhoa Eguren. Argitaletxea: Ttarttalo.
Izenburuak zalantzarako aukera gutxi uzten du. Liburu hau jakintza testuen bilduma bat baino gehiago da. Hitzaurrean zientzia zaletasunaren alde gogotsu egiten du, eta proposatzen diren esperimentuek ere ideia hau azpimarratzen dute: irakurlearengan zientzialari sena sustatu nahi dute, proposatzen dituzten irakurgaiekin, ariketekin eta hausnarketekin.
Guztira, hogeita bost jakintza unitate aurkezten zaizkigu, fisika, kimika, biologia eta geologia alorrekoak. Bakoitzean zientzialari bati egiten zaio erreferentzia, haren ingurumaria orokorrak erakutsiz batetik, eta haren ekarpen jakin bat azalduz bestetik; segidako esperimentua ekarpen horren araberakoa izango da: lurringintza Mesopotamiako Tapputik egiten zuen eran, grabitate zentroak aurkitu Newtonek bezala, eta maila bereko beste hogeita hiru.
Praktika batzuk haurrek bakarrik egiteko modukoak dira, baina badira helduen kolaborazioa eskatzen dutenak; asko ura, papera eta eskulan gai arruntekin egiten dira —haurrek ongi dakiten eran—, baina badira batzuk helduen parte hartzea eskatzen dutenak, sua edota alkohol antiseptikoa erabili behar direnean, kasurako.
Irakur ezazue hitzaurrea, mesedez.