'ERREPLIKA'
Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta zuzentzailearen bigarren literatur lana da Erreplika. 2021ean kaleratu zuen bere lehenengo sorkuntza lana, Eskuan beti zerbait poema liburua. Poesiatik narraziora egin du eta Susa argitaletxean kaleratu Erreplika nobela. Nobela metaliterarioa da, jolastia, bihurria eta geruza ugarikoa. Izenburuan bertan gordetzen da gakoetako bat, erreplika baten istorioa kontatzen duelako eleberriak.Â
Mara Meleiro idazlegaiaren eta Maria M. MĂ¼ller idazle beteranoaren arteko hartu-emana jasotzen du liburuak. Hari hainbat gutun bidali ostean, Maria idazle kuttunaren etxean bukatuko du Marak, oso ondo jakin gabe nola. Idazleak etxean hartu eta gero abiatuko da bien arteko harreman gorabeheratsua, berezia, estrainioa ere bai. Itsasertzeko etxeko —horixe da idazlearen gotorleku bakartia— gertaera eta pasadizoez jakingo du irakurleak narrazioan aurrera egin ahala. Mara eta Mariaren arteko harremana aldatuz joango da, espero ezinezko moduan sarritan. Amaierako gutunak emango dio nobelari zentzu betea, aurretik antzemandako zenbait zantzu berretsiz irakurleari.Â
Izan ere, irrealtasun aire batez zeharkatuta dago liburua, hasieratik bertatik. Kutsu amestia dario narratzaileari —zeinak hirugarren pertsonan ematen baitu Mararen ibileren berri—, naif samarrak dira hainbat deskribapen, herri ipuinen tankerako fantasia giroa ere sumatzen zaio tarteka. Ez dago, dena dela, ageriko fantasia elementurik. Irakurleak, ordea, zerbait galtzen ari delako sentsazioa izango du, narratzailearekiko halako mesfidantza garatzeaz batera. Fikzioz tindatuta dago eleberriko giroa; kitzikagarria eta iradokitzailea suertatzen da hori. Fikzioa da errealitatearen erreplika eta fikzioa dugu berau ulertzen saiatzeko bideetako bat. Literaturari heltzen dio Marak bizitzari aurre egiteko, hori du sekula hutsik egiten ez dion salbamendu-ekipajea. Gainerakoan iluna da nagusi haren bizitzan. Hortaz, errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanaren auzi betierekoa baino mamitsuagoa eta zeresan handiagoa izan daiteke zera, liburuak ematen duen literaturaren ikuspegi bizi-emailea.Â
Arrautza kraskatuz helduarora jaio berritan, mundu ziurgabe eta zakar batera irtendako Marak erreplika egiten du. Erreplikatu lehenik Mariari —eta ondorioz aurreko tradizioari, idolo literarioei—, baina baita irakurle orori ere. Ahots batez jabetzen da eta inguruari begiratzeko betaurrekoak janzten. Atoan igarotzen den bizialdiari —zentzugabeko, latz, gogor horri— erantzuteko modua aurkitzen du idazketan. Ia esan daiteke subjektu bilakatzen dela, bere buruaren jabe egiten baita hala. Lola Lopez Mondejarrek esana da bere burua narratzeko ezina dela subjektu postmodernoaren gaitz nagusia. Fikzioaren ahalegin duina balioesten du Erreplika-k, nor bere identitatearen eraikuntzan literaturak izan dezakeen funtzioa. Ez, jakina, fetitxismo hutsera lerratuz, nor izateko idazle izatea aldarrikatuz, baizik eta geure burua narratzearen garrantzia azpimarratuz munduari atxikitzeko orduan.