noura mint seymali
'Yenbett'
Diskoetxea: Glitterbeat.
Mauritaniako kantaririk ezagunenetakoa da Noura Mint Seymali. 1990etik ari da kantuan; disko hau, ordea, bere ibilbideko seigarrena baino ez da. Musikarien familia ezagun batean sortua da, 13 urterekin hasi zen taulagainean, eta orduz geroztik itzal handiko ibilbidea osatzen ari da. Musikalki, Afrika beltzaren eta arabiarraren arteko mugan kokatu behar da haren lana, eta lotura zuzena du desert-blues deritzonarekin. Beraz, gitarra elektrikoak, perkusio hipnotikoak, melodia hegalariak eta ahots indartsuak topatuko dituzue disko honetan. Hasi eta buka entzuteko disko horietako bat da, kantuz kantu sarrarazten baitzaitu musikariak bere munduan. Bikaina.