Kritika. Literatura

Oroitzapenak eta desioak

Urte baten bueltan
2026ko maiatzaren 10a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'urte baten bueltan'

Idazlea: Mariana Ruiz Johnson. Ilustratzailea: Mariana Ruiz Johnson. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Urte baten bueltan gauza asko gertatzen dira, liburuaren azalean ikusten ditugun saguek gogorarazten diguten bezala. Biraka bezala, aisialdian agertzen dira sagu-protagonistak, atseginez, sorkuntza honetan topatuko dugunaren sintesia egiten, zeren, azken finean, liburu hau urtean zehar haurrek egiten dituzten ekintzen errepaso alaia da; eta ez nolanahikoa, zeharkakotasunak antzematen baitzaizkio gai sozialetan.

Kontakizuna kronologiaren arabera antolatuta dago, narratzaile batek gidatzen du, eta istorio batean garatzen da. Irudiek berebiziko garrantzia dute, zeren, testuak hari orokorra eramaten duen bezala, ilustrazioek dute gainerako guztia adierazteko zeregina. Eta, irudi eta testu, bien beharra dago, liburu honek ekaia baitakar berarekin.

Berrogeita hamar orrialdeko liburu hau eskuetan handia (28x21 cm) eta pisutsua (400gr.) da; kartoi mehekoak dira orriak eta kartoi zurrunekoak tapak.

Ilustrazio lanean zehaztasuna nabarmentzen da: erabaki asko hartu dira pertsonaien eraketarako, demagun, gorputz adarrak, begirada, bekainak, ahoa eta mihia; aitaren bekainak eta ama-alaben belarritakoak bezala. Eta badira erabaki orokorragoak, kolorearen erabilera, proportzioak eta antzeko parametroak hartzen dituztenak.

Irudi bakoitza eta irudi multzo guztiak eratu dira balio sozial eta kulturalak neurtuta. Sagu familia bat ezagutzen dugu, aitonak, aitak, amak, semeak eta alabak osatua. Ilustrazioetan, irakurleari haur baten edota bestearen artean alter ego-a hautatzeko (irakurlearen ordezkaria ipuinean) aukera ematen zaio, narratzailearen esanak anbiguotasunean gelditzen baitira irudien anbibalentziengatik. Ziurra dena da familia hetero bat topatzen dugula, nahiko tradizionala gainera, aita semearekin eta ama alabarekin esertzen diren horietakoa. Gainerako pertsonaiei dagokienez, mestizajean, homosexualitatean eta halako gaietan sentsibilitate handiagoa antzematen da.

Narratzailea irakurleari mintzatzen zaio, hasieratik bukaeraraino. Testu gutxi du liburuak, baina berebiziko garrantzikoa. Haurrari hizketagaia jartzen dio.

Ez pentsa jaiegun eta urteurren zerrenda bat topatuko duzunik hemen, liburu honek nahiago ditu urtearen bueltan bizitzen diren egoera intimoak; bereziki, familia eta lagun girokoak. Eta hori, azken ideia hori, liburuak eskaini ahal digun gauzarik handiena da. Aukera ematen digu, finean, gogora ekartzeko katarroa hartu genuenekoa, orduko barbakoa hura, eta beste hamaika anekdota irakurlearen (haurraren) memoria sendotzen, janzten eta aberasten laguntzen dutenak.

Beraz, narratiba entretenigarri bat eskaintzen du, hainbat ekintza atseginen zerrenda urtaroka, eta irakurlearen oroitzapenetara hurbiltzeko aitzakia.

Azkenik, ez dezagun ahantzi urtea naturaren behaketatik sortutako neurri bat dela parte batez, eta, beste parte batez, adina bezalako kontzeptuak sortzeko erabiltzen dugun ideia abstraktu bat. Gogoan izan hurrengoan, haur txiki bati zenbat urte dituen galdetzen diozunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA