Literatura. 'Munduko Poesia Kaierak'

Poetika oso baten bilduma edo nola egin liburu berria baina zaharra

Idazlea: Yannis Ritsos. Itzultzailea: Joannes Jauregi. Argitaletxea: Susa.

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Susaren Munduko Poesia Kaierak sailean argitaratu da Yannis Ritsos poeta greziarraren bilduma, Joannes Jauregi itzultzaileak euskaratutakoa. Idazlea hainbat urtez Nobel sarirako kinieletan egon zela aurreratzen da BeƱat Sarasola sailaren zuzendariak idatzitako sarreran, eta egilearen militantzia politikoaren nondik norakoak azaltzen dira. Bi alderdi horiek argi geratuko dira poema-bilduma osotasunean irakurtzerakoan, poesia jardunaren inguruko hausnarketak eta klase-borrokaren gaiak zentralak baitira Ritsosen ondare literarioan.

Horrela, bada, poema-bilduma Greziako 1936ko langile-iraultzan hildako langile greziar baten heriotzaren inguruan osatutako poema batek irekitzen du. Poetak erreboltetan hildako semearen hilotzaren aurrean negarrez dagoen amari epitafio bat eskaintzen dio. Amak semea hiltzera eraman dutenak eta heriotza eragin diotenak madarikatzen ditu eta, azken ahapaldian, semearen testigua jasotzeko intentzioa aldarrikatzen du. Esan ohi da lehen poemak liburu guztiaren poetika bildu ohi duela, eta, hori onartuz gero, poemako azken bertso-lerro horiek egilearen intentzioarekin alderatu daitezke: poesiaren bidez iraultzaren alde kantatzea, hain zuzen.

Bildumaren hasiera intentzio-aitorpentzat jotzen badugu, azken poemak ere liburua zeharkatzen duen beste gai nagusia lantzen duela onar dezakegu. Poema alegoriko baten bidez, Ritsosek egunerokoan zehar heriotzaren etengabeko presentzia nabarmentzen du: nahitaez eta kasik ezkutuka gerturatzen den heriotzaren metafora ontzen du, saihetsezina delako eta heldu artean eguneroko mundutarrean justiziaren alde borrokatu behar delako aldarrikapen idealista plazaratuz.

Beraz, bi poema horiek lotuz, bildumak forma zirkularra hartzen du. Poema batetik besteraino zeharkatzen dituen hari ikusezin batek lotuko balitu legez, gainerako poemak bi gai horien inguruan egituratuko dira.

Aurrekoak kontuan izanik, badira klase-borrokari eta heriotzari loturik ageri diren beste bi auzi ere: herritartasuna eta historiaren zama. Auzi horien zantzuak bilduma guztiko poemetan ageri badira ere, Romiosine poema luzean lotuko dira preseski. Greziako historia guztiaren errepasoa egitearekin batera, heriotzaren presentzia gordina agertuko da; guda etengabeei, kultura heleniarrari, mitologiari eta poesiari loturik. Poema horri esker, beraz, bildumako hari nagusi guztiak elkartzen dira, honela, bilduma guztiko poetika osoa liburuaren erdigunean elkartuz.

Aurretik aipatutakoak kontuan izanik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi liburuak orotara zentzu osotua hartzen duela edizio lan landuagatik; nahiz eta egileak berak honela editatu gabeko poemak izan, guztiak elkartzeko egin den saiakerak zentzu berriko liburu osotu bat eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.