'Su festak'

Zer den 'basque'

Idazlea: Jon Urzelai Urbieta. Argitaletxea: Susa.

Irati Majuelo.
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Heldu da uda, zeru urdina eta europarren azal zuriak eguzkipean kiskaltzen, pulseratxoak eskumuturrean, eguzki betaurrekoak, outfit ez-axolati neurtuak. Oholtza gainean nazioarteko pop talde ezaguna, edo pop-rocka zen, indie, techno edo trapa, berdin da, bozgorailuak topera. Jendetzaren itsasgora eta itsasbeheren artean, belar horitua, plastikozko edalontziak zabor tontorretan. Kantariak azken oihua egin du, azken riff ezinezkoa gitarra joleak, baterian azken plater jolasak. Publikoaren eztanda, koloretako konfetiak lehertu dira airean. Su festa ikusgarri bat.

Dirua jaso eta amaitu da festibala, zer da geratzen dena? «The magic of the mountain», esango lukete BBK Liven antolatzaileek, «basque experience», aldarrikatuko Basque FESTekoek, «a lifestyle», Bay of Biscay-n egondakoek. Zer esan nahi du horrek, baina? Galdera horri tiraka, Euskal Herrian gaur egun egiten diren musika festibalen oholtza gainekoak eta azpikoak, esloganetako leloak eta promotoreen bulegoetako asmoak arakatu ditu Jon Urzelaik Susa argitaletxearekin plazaratu berri duen saiakera mamitsuan.

Egungo festibalizazio fenomenora iritsi aurretik, baina, musika jaialdien sorrerara jotzen du lehendabizi idazleak, bai AEBetako lehen kontzertu kontrakultural eta bakezale jendetsuetara, bai Mairuelegorretako kobazuloko kontzertuen oihartzunera. Eta handik abiatuta, musikak zein jaialdiek duten sozializazio indarrei egiten die beha, euskaltasun ereduak eraikitzerakoan izan duten garrantziari, komunitatea saretzeko eta politizatzeko egin duten lanari. Hala, euskal unibertso musikalaren errepaso esanguratsua egiten du, garairik garai Euskal Herrian zein nazioartean gertatzen ari ziren aldaketa kultural, soziopolitiko eta ekonomikoak aintzat hartuz: kantagintza berria, euskal rock erradikala, Berri Txarrak-en fenomenoa, EHZ zein Gazte Topaguneetako jaialdiak, gaztetxeen zirkuituak eta libertimenduak, besteak beste.

Aipaturiko ekimen musikalek bulkada eraldatzaileak, izpiritu kontrakulturala edota komunitatea biltzeko xedea bazuten, ordea, azken urteetan loratu diren musika festibalek guztiz bestelako balioak dituztela salatzen du Urzelaik: instituzioetatik bultzatutako jaialdiak izan ohi dira, promotora handiek antolatuak eta atzerriko turismoa helburu dutenak; Euskal Herria marka gisa saltzen dutenak. Hori dela eta, nazioartean gailentzen den eredu horrek sorrarazten dituen arazoak gure testuinguruarekin gurutzatzen ditu idazleak, eta eragiten dituen turistifikazio eta folklorizazio prozesuak azaltzen ditu, besteak beste.

Saiakera sendo eta interesgarria osatu du Urzelaik, genero honek hartu ohi duen idazkera akademiko lehorretik urrundu eta estilo adierazkorra lantzen baitu, ideien argudiaketari bezainbat azaldu nahi duenaren argitasunari bideratua. Hori hala, digresioak biderkatzen dira, haria erabat galdu gabe, eta joan-etorriei esker testua aberastuz. Izan ere, informazio asko lantzen da liburu honetan, izan gertaera historikoak, anekdotak, kontzeptu musikalak, datu soziologiko zein ekonomikoak, baita betiere esan nahi denaren mesedera, erreferentzien kateatzean irakurlea ito gabe. Ikuspuntua argi du idazleak eta horrek indartzen du lana bera; saiakeraren helburuari bete-betean heltzen dio, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.