Kultur arloko mila lagunetik gora Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren aurka agertu dira

Diziplina ugaritako sortzaileek atxikimendua agertu diote ‘Ez gure izenean!’ manifestuari. Haien iritzian, «kultur komunitateak eskatu ez duen eta nahi ez duen museo bat pribilegiatzeak oso nabarmen erakusten du turismoa dela helburu publikoa».

Manifestua aurkezteko egindako agerraldia, herenegun. GUGGENHEIM URDAIBAI STOP PLATAFORMA
Manifestua aurkezteko egindako agerraldia, herenegun. GUGGENHEIM URDAIBAI STOP PLATAFORMA
Ainhoa Sarasola.
2025eko azaroaren 22a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean zientzia arloko 374 ikertzailek egin zuten eskaera. Eta orain, kulturgileek altxatu dute ahotsa. Sinadura bilketa egin dute Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eta hainbat kultur eragilek, eta kultur munduko mila lagunek baino gehiagok izenpetu dute Ez gure izenean! izeneko manifestua. Hartan, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diete baztertzeko Urdaibain Guggenheim museo bat egiteko asmoa, eta salatu dute erakundeak kultur arloarekin izaten ari diren jarrera «guztiz arduragabea» dela.

Hasteko, Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduari elkartasuna agertu diote sortzaileek, eta adierazi dute ezin dutela onartu «artearen eta kulturaren izenean naturari kalte egitea», gogora ekarrita Unescok Urdaibai biosferaren erreserba izendatua duela. Gaineratu dute, halere, haien eskaera ez dagoela soilik naturagune hori babestearekin lotua, eta «kultur erakunde eskudunei» —hots, Bizkaiko Aldundiari eta Jaurlaritzari— galdetu diete ea zer estimazio egin dituzten proiektu horren epe ertaineko kostuari buruz, eraikuntza ez ezik mantentzea ere aintzat hartuta. «Zer aurrekontutatik aterako dira kopuru horiek? Nola eragingo die beste kultur jarduera batzuei, bereziki euskaraz egindakoei?», galdetu dute. Ikusita Jaurlaritzak Bilboko Guggenheim museoari urtero zortzi milioi euro inguruko laguntza ematen diola, azaldu dute «zaila» egiten zaiela sinestea halako inbertsio ekonomiko batek ez duela zuzeneko eraginik izango kulturarako aurrekontuetan. Hala, «erantzukizuna eta gardentasuna» eskatu dizkiete instituzioei: «Egin nahi dituzten kontuak argitara eman ditzatela, eta kulturaren munduan izango dituzten ondorioak zintzotasunez azal ditzatela».

Bide beretik, iritzi diote Urdaibain edo Euskal Herriko beste edozein lekutan Guggenheim museo bat eraikitzeak ez diela erantzungo euskal kultura ingurunearen beharrei, nahiei eta proposamenei. «Kulturaren hainbat arlotako eragileek erakundeei jakinarazi diete zer arazori aurre egin behar dieten: sortzaileen prekaritateari eta sustapen faltari, besteak beste».

Halere, erakundeek kultura plan estrategikorik garatu ez izana txarretsi dute, «ez arazoak identifikatu eta diagnostikatzeko, ezta konponbideak proposatzeko ere», eta, halaber, salatu dute azken urteetako inbertsiorik handienak, Bizkaian bereziki, eraikuntza handietarako izan direla. «Ekintza indibidualizatu horiek eragin handia izan dute aurrekontuetan, baina ez dute inolako eraginik izan edukien sorkuntzan, bokazio sortzaileak eta lankidetza sareak sendotzean».

Inbertsio handia eginagatik, kultur munduan ez da apenas eraginik nabaritu, haien hitzetan; are, kultur eragileei entzungor egin zaielakoan daude. «Horren arrazoia da erakundeek gero eta gehiago ulertzen dutela kultura turismoa erakartzeko eta masak entretenitzeko tresna gisa, eta ez identitate kritiko eta kolektiboak eraikitzeko tresna gisa. Gure lurraldeko eragile guztiak kontuan hartuko dituen kultura plan estrategiko baten ordez, kultur komunitateak eskatu ez duen eta nahi ez duen museo bat pribilegiatzeak oso nabarmen erakusten du turismoa dela helburu publikoa, eta ez Euskal Herrian bizi garenok».

Horiek horrela, proiektua bertan behera uzteko eskatu dute bai manifestuari atxikimendua eman dioten sortzaileek bai Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek. Eta erakundeei galdegin diete entzun, errespetatu eta kontuan har ditzatela kultur komunitatea, herritarrak eta ikertzaile adituak. «Euskal Herriko biztanleontzat kultura propioa, bizia eta aberatsa sustatuko duten politikak behar ditugu».

SINATZAILEETAKO BATZUK:

Manifestuari atxikimendua eman dioten sortzaileen artean daude, besteak beste, Aitor Gorosabel, Aiora Renteria, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte musikariak; Aissa Intxausti, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariak; Katixa Agirre, Miren Agur Meabe, Jose Luis Otamendi eta Joseba Sarrionandia idazleak; eta arte eszenikoetako, plastikoetako eta zinema munduko beste hamaika sortzaile ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.