Gaurko protokolozko irekiera ofizialaren ostean, publiko orokorra baino ez zaio falta orain Bilboko Arte Ederren Museo berrituari. Lau urteko lanen ostean, bihar zabalduko ditu ateak erakundeak, eta Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek sinatutako diseinuari esker, guztira, beste 6.000 metro koadro izango ditu aurrerantzean. Halako kultur proiektuek duten «ahalmen eraldatzailea» nabarmendu dute erakundeetako ordezkariek ateak ireki bezperan antolatutako ekitaldi ofizialean.
Kulturak duen balioa maiz ez dela behar bezala baloratzen aipatu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Ez da apaingarri soil bat». Baina, haren hitzetan, euskal gizarteak badaki halako museo batek «ospitale batek, eskola batek edo unibertsitate batek bezainbesteko balioa duela», gisa horretako kultur erakundeek aukera ematen dutelako «geure buruekin eta munduko beste lekuekin konektatzeko».
Pradales ez ezik, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde, Kultura sailburu eta museoko patronatuko egungo presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Miguel Zugaza museoko zuzendaria eta Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoak izan dira ekitaldi ofizialean.
Lehendik ere, bi eraikinek osatzen zuten Bilboko Arte Ederren Museoa, eta bi eraikin horien gainean pausatutako beste eraikin bat da berrikuntza proiektuaren funtsa. Museoko arduradunek zubi moduko bat dela esaten dute horregatik, eta, aipatu dutenez, hainbatek txapela ere deitu izan diote era informalagoan. Bada, hirugarren gunea eta hark beste bi eraikinei eskaintzen dien aterpea da proiektuaren berrikuntza nagusia. Bi solairu ditu, eta bertan dira BBK museoa, diseinuari eta arkitekturari eskainitako gune berria, bai eta Jorge Oteiza artistaren lanekin osatutako aretoa ere.
Azken asteetan museoko arduradunek urratsez urrats eman dute museo berrituak hartuko dituen erakusketen berri. Berritu egin dute haren bilduma erakusten duen erakusketa, esaterako, eta, nabarmendu dutenez, emakumezko artistei lehen baino leku handiagoa eskaini diete bertan. Ia 700 artelan biltzen ditu ibilbide horrek, esaterako, eta alderik alde zeharkatzen du museoa. Arduradunek kalkulatu dutenez, emakumezkoek egindakoak dira lan horien laurdenak inguru. Horrez gainera, bildumagintzak museoaren historian duen garrantzia ere azpimarratu dute egunotan, gaur egun haien bilduma osatzen duten lanen ia %70 dohaintza bidez heldu direlako bertara, eta, hain zuzen ere, ekarpen hori omendu nahi izan dute martxan izango dituzten beste bi erakusketekin: Araujo bildumako lanak dira haietako baten oinarria, eta Patricia Cisneros Phelps bildumagilearen lanekin osatuta dago bestea.
Pribilegio hutsa
Sarrera librea izango du museoak lehen asteetan, eta berrikuntzak ez dira soilik arkitektonikoak izango. Lantaldean egindako ordu eta txanda aldaketei esker, museoak egunero irekiko du aurrerantzean, eta sarrera librea izango du astearteetan. Gainerako egunetan, 12 eurokoa izango da sarrera arrunta, eta sei euroren truke eskuratu ahalko da murriztua. Horrez gainera, duela aste batzuk aurkeztu zuten bezala, urriaren 14tik aurrera sarrera bikoitz bat ere jarriko dute abian lau eguneko tartean Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bilboko Guggenheim museoa bisitatu ahal izateko.
Ekitaldiz beteta egon dira publikoarentzako irekieraren aurreko egunak museoan. Asteburuan, esaterako, bertan izan da Norman Foster Pritzker saridun arkitektoa. Bera arduratu da, Luis Maria Uriarte arkitektoarekin batera, Agravitas izeneko proiektua diseinatzeaz. Aurrez, Bilboko metroaren geltokiak eta sarrerak ere diseinatu zituen Fosterrek, eta bi proiektu horiek hartu ditu gogoan egunotan. «Pribilegio hutsa izan da Bilboko metroarekin eta erakunde bikain honekin laguntzea».
Fosterrek eta Elena Ochoa bikotekideak hiru artelan ere eman dizkiote Bilboko Arte Ederren Museoari. Orain artean haien bildumaren parte izan dira orain museoaren sabai lanak egiten dituen egituraren terrazan ikus daitezkeen Anthony Caroren bi eskulturak, eta museoaren sarrera nagusia izango denaren aurrean dago hirugarrena. Anselm Kiefer artistaren eskultura bat da.
Espoliazioa salatzea
Salaketa plazaratzeko baliatu du irekiera ekitaldi ofiziala Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa herri mugimenduak. Iñaki Uriarte arkitektoa da haren bultzatzaile nagusietako bat, eta urteak daramatza handitze lanak salatzen. Sabai gisa funtzionatzen duen egituraren ondorioz, lehen espazio publikoaren parte zen plaza orain museoaren parte izatera pasatu dela salatu du, zehazki. Eta plaza bera ez ezik bertan zegoen Francisco Durrio artistaren iturria ere «espoliatu» dutela salatu du Uriartek. «Ondare publikoaren izendapena du», zehaztu du. Uriarteren arabera, izendapen hori izanda ezin da eskualdatu. Plaza eta eskultura museoan integratuta delitu bat egin dutelakoan dago Uriarte, eta hori salatzeko bidea ere abiatu du epaitegietan.