«Eta zuk, ama, zergatik ez duzu lanik egiten?». Semeak egindako galdera bildu du Irati Elorrieta idazleak Langile baten alaba eleberriaren kontrazalean. 2017. urtea izango zen. Artean, Berlinen bizi zen egilea, eta Neguko argiak eleberria idazten ari zen, baina liburua ezin amaiturik zebilenez, ordainpeko lana uztea erabaki zuen. Senarraren soldatarekin eutsi, eta etxeko lanen kargu egiteaz gainera, idazteko denbora hartzea zen plana, baina ezinegona eragiten zion zerbaitek. Semeak egindako galderari zera erantzun zion Elorrietak orduko hartan; baietz, liburu bat idaztea ere bazela lana, noski. «Eta dirua irabazten duzu?», orduan semeak. Eta idazleak ezetz, hori ezetz, baina lana zela, hala eta guztiz ere. Baina zerbait ez zebilen ongi. «Barne borroka handia nuen», onartu du idazleak.
Hain zuzen ere, soldatapeko lanari buruz sasoi hartan sentitutako kontraesan eta dilema horiek guztiak dira Langile baten alaba eleberriaren muin nagusietako bat. Baina ez bakarra. Idazleak azaldu duenez, lanari buruz sentitzen zuen ezinegonaz gainera, landatik hirira lan egitera joandako familiako emakumezko arbasoen bizitza eta bizimoduari buruzko bilaketaren berri ere ematen baitu liburuak. Irati izeneko narratzailea da liburuko ahots nagusia, eta, beraz, bizipen eta oroitzapen pertsonalak dira lanaren lehengai nagusia, baina, Elorrietak dioenez, fikzioa ere baliatu du ahanzturatik erreskatatutako txatalen arteko hutsuneak osatu ahal izateko, eta, nobela gisa aurkeztu du horregatik. Ia bederatzi urte eman ditu hura idazten, eta orain eman du argitara Pamiela argitaletxearekin.
«Autoestimua hutsaren pare nuen soldatapeko lanik ez nuelako; baina noiztik ematen dio soldata batek balioa pertsona bati? Nik ez nuen hori sinesten, baina hori sentitzen nuen: soldatarik ez nuenez, ez nuela baliorik»
IRATI ELORRIETAIdazlea
«Ondo al zegoen soldatarik irabazi gabe idazten aritzea?». Bere buruari galdera zerrenda bat eginez azaleratu ditu idazleak sasoi hartan sentitzen zituen dilema eta kontraesanak. «Horrek etxekoandre egiten ninduen? Umeen zaintzaz arduratzen zen ama bat nintzen zerbait idazteko tarteak ateratzen zituena? Edo idazten ari nintzen lan bilaketari aurre ez egiteko? Senarraren laguntza ekonomikoarekin bizi nintzen, eta zelan bateratu hori ikuspuntu feminista batekin? Zer erantzun behar nien zertan lan egiten nuen galdetzen zidatenei? Langabezian nengoela? Oso gutxitan esaten nuen idazten ari nintzela. Eta ni geratu beharrean nire senarra geratu izan balitz etxean, inork sumatuko luke hor arazorik? Noren aurrean justifikatu behar nuen egiten ari nintzena? Autoestimua hutsaren pare nuen soldatapeko lanik ez nuelako; baina noiztik ematen dio soldata batek balioa pertsona bati? Nik ez nuen hori sinesten, baina hori sentitzen nuen: soldatarik ez nuenez, ez nuela baliorik».
Ahots horiek guztiak barruan burrunbaka entzuten zituen idazleak, eta testuan elkarrekin hizketan jarri zituen. «Baziren soldatapeko lan horri garrantzi handia ematen zioten ahotsak, alde batetik, feminismoaren ikuspegitik eta klase bizipen konkretu batzuetatik zetozenak. Eta horiek argi adierazten zuten zeinen garrantzitsua den soldata bat irabaztea emakume batentzat. Baina, horrekin batera, nik urte batzuk baneramatzan Berlinen bizitzen ordurako, eta, Berlinek nigan ezer aldatu bazuen, horixe aldatu zen: hankaz gora jarri zuen ordura arte jasotako lanaren kontzepzioa. Han lan ordainduari zentraltasuna kentzen zion diskurtso bat ezagutu nuen». Eta, azaldu duenez, horri guztiari buruz pentsatzeko hasi zen liburua idazten.
Baina, edonola ere, idazleak onartu duenez, hasi, amonaren heriotzari buruz hartutako oharrekin hasi zen orain kaleratu duen liburua. Egileak dioenez, amona zenari buruz amarekin izandako solasaldien oharrek abiatu baitzuten eleberria. «Iruditu zitzaidan nire amona Presen izan zitekeela helduleku bat, lanari buruzko ahots horien guztien artean nire ahotsaren bila egiten ari nintzen bilaketan, eta, bere figuraren laguntzaz, bere eskutik eta bera eredu hartuz egin nuen bilaketa hori».
Ixtarren atea
Berlinera bisitan joan zitzaion batean amonarekin Pergamo museora egindako bisitari buruzkoak bildu ditu egileak liburuan, eta pasadizo hura hartu du gogoan liburuaren aurkezpenean ere. Ixtarren atea ikusteak amonari sortutako emozioa aipatu du egileak, zehazki, eta, azaldu duenez, nolabait ere, arkeologoek ate harekin egindako lan bera egin du berak ere eleberrian. Izan, Kristo aurreko V. mendekoak direlako Babiloniarako sarbidea ematen zuten ate horien aztarnak, baina adituek berregin egin behar izan dituztelako bateko eta besteko txatalak batuz. «Ate hori benetako zatiekin dago berreraikita», azaldu du. «Benetakoak dira zati horiek, nahiz eta gero museoan elkarren ondoan jarriz berreraiki zuten orain ikusten dena, zati horien artean zeuden hutsuneak betez. Horregatik, benetako atea izan zenaren antza duen zerbait da orain museoan ikusten dena, aldaera posible bat baino ez, arkeologoek euren jakintza eta irudimena erabiliz egindako sormen lan bat».
«Lan hau ez dut egin pentsamendu akademiko batetik, ez eta heroi edo jainkosen bideari jarraituz, baizik eta emakumezko langile arrunten eguneroko istorioei tiraka»
IRATI ELORRIETAIdazlea
Eta antzera aritu da bera ere bere nobelarekin. «Benetakoak diren zatiekin eraiki dut eleberria, nire lan bilaketa eta nire amamaren bilaketak elkarrekin lotuz».
Baina, idazleak dioenez, etxetik jasotako lehengai horiek baliatuz, etxetik harago ere joan da liburuan, eta familiatik kanpoko «hainbat eta hainbat emakumek» lanarekin izan duten harremana ere bildu du horregatik. «Lan hau ez dut egin pentsamendu akademiko batetik, ez eta heroi edo jainkosen bideari jarraituz, baizik eta emakumezko langile arrunten eguneroko istorioei tiraka».
Ernaux eta Sebald
Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editoreak bi literatur erreferentzia igartzen ditu Elorrietaren lanaren atzean. Annie Ernaux idazle frantsesa da haietako bat, eta W. G. Sebald idazle alemaniarra da bestea. Bakoitzak bere modura, baina biek ere maiz landu dute memoriaren gaia. Baina bada hori baino gehiago ere. Ernauxek errealitate historiko, sozial eta pertsonala uztartzeko duen moduagatik aipatu duelako idazle hori Majuelok, eta nobeletan testuez bestelako elementuak txertatzeko duen moduagatik gogoratu delako Sebaldekin.
Izan ere, Elorrietak ere hainbat argazki, mapa eta dokumentu baliatu ditu eleberria osatzeko. Baina, Majuelok nabarmendu duenez, ez da ausazko erabaki bat. Elementu horietako bakoitzak «marka bat» uzten baitu testuan, editorearen hitzetan. «Liburuaren esparru literarioa zabaltzen dute».