Zinema

Lara Izagirrek euskaraz eta hirian filmatuko du Lorcaren 'Yerma' antzezlanaren zinemarako egokitzapen gaurkotua

Maria Goirizelaia antzerkigileak 2021ean estreinatutako 'Yerma' antzezlana da filmaren oinarria. Umeak edukitzeko zailtasunak dituen bikote baten nondik norakoak kontatuko ditu, eta Ane Pikaza eta Aitor Borobia izango ditu protagonista.

Ane Pikaza eta Aitor Borobia aktoreak 'Yerma' filmaren grabazioan, Bilbon. ANDREA MARTINEZ
Ane Pikaza eta Aitor Borobia aktoreak 'Yerma' filmaren grabazioan, Bilbon. ANDREA MARTINEZ
Inigo Astiz
2026ko apirilaren 29a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Federico Garcia Lorca idazleak 1937an taularatutako izen bereko antzezlanaren «interpretazio garaikidea» da Yerma pelikula. Euskaraz eta hirian. Lara Izagirre zinemagileak zuzenduko du lana, eta astelehenean hasi zituzten filmatze lanak, Bilbon. Iragarri dutenez, amatasunaren eta antzutasunaren gaineko presio sozialak eta ugalketa lagunduaren dilema etikoak aztertzen ditu filmak, besteak beste. Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira aktore nagusiak, eta zazpi astez luzatuko dira filmatze lanak. Bilboko Guggenheim museoan, Azkuna zentroan eta Euskal Herriko Unibertsitatean filmatuko dituzte eszenak, baina baita Greziako Evia irlan ere. Oraingoz ez dute estreinaldirako datarik aurreratu. 

Mara izango da filmeko protagonista, 36 urteko emakumezkoa. Eskultura irakasle izatezko postu finkoa lortu berri du unibertsitatean, eta etxea ere erosi du, Jon bikotekidearekin. Espero zuten egonkortasuna lortuta, ama izateko desio gero eta indartsuagoa sentituko du Marak, baina zailtasunak izango ditu. Lorcaren jatorrizko kontakizunak bezala, umeak izateko zailtasunak ditu ardatz filmak ere, baina, ekoizleek iragarri dutenez, zinemarako egokitzapenak eraldatu egingo du antzerkigilearen jatorrizko bertsioa. Pelikulak «narratiba eraldatzailea» planteatuko duela azaldu dute, eta protagonistak bere etorkizunari buelta emateko bidea aurkituko duela.

«Istorio hau kontatzera behartuta ikusten dut neure burua, ezkutuan dagoena agerian ipintzeko, emakume askoren bizitza baldintzatzen baitu»

LARA IZAGIRRE Zinema zuzendaria

Ohar bidez eman dute pelikularen berri, eta Izagirreren hitzak ere bildu dituzte bertan. «Istorio hau kontatzera behartuta ikusten dut neure burua, ezkutuan dagoena agerian ipintzeko, emakume askoren bizitza baldintzatzen baitu», adierazi du zuzendariak. «Arrazoiak arrazoi, gaur egun ama ez izateak zer esan nahi duen hausnartzera gonbidatu nahi ditut ikusleak, zinematik abiatuta iruditeria berria sortzeko».

Antzerkitik zinemara

Antzezlan modura estreinatu zuten lehenengoz orain zinemara egokitu duten Yerma-ren bertsio eguneratua. 2021ean egin zuten lehen emanaldia, Bilboko BBK Salan. La Dramatica Errante konpainiak sortu eta taularatu zuen lana, eta egokitzapen onenaren Max saria ere eskuratu zuten hari esker. Maria Goirizelaiak sortu eta zuzendu zuen antzezlan hura, eta harekin elkarlanean ondu du orain Izagirrek filmerako gidoia ere. Eta aktoreak ere berberak dira bi proiektuetan; hala antzezlanean nola filmean ere, Pikaza eta Borobia dira protagonistak. Haiekin batera, Loli Astoreka, Leire Orbe, Naiara Carmona eta Aritz Kortabarria aktoreek osatuko dute lan taldea.

Izagirrek zuzenduko duen hirugarren fikziozko film luzea izango da Yerma. Aurrez Un otoño sin Berlín eta Nora filmatu ditu. Eta orain artean ohiko izan duen lantalde teknikoa bildu du oraingoan ere. Gaizka Bourgeaud izango da argazki zuzendaria, Eva Valiño da soinuaren arduradun, Zaloa Ziluaga da arte arduraduna, eta Paula Olazenek sortuko du filmerako musika.

Gariza Films da ekoizlea, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Europa Creativa Mediaren, Eurimagesen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin ari da lanean, baina baita EITB, RTVE eta BBK Fundazioaren partaidetzarekin ere. Bestetik, Greziako Neda Film ekoiztetxearekin, Greek Film Centerrekin eta ERT Greziako telebista publikoarekin ere elkarlanean ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA