Literatura

Laszlo Krasznahorkai idazle hungariarrak irabazi du Literaturako Nobel saria

Bere obra «bisionario eta liluragarriagatik» eta «artearen boterea berresteagatik» eman diote saria idazleari. Haren prosaren bizitasuna ere nabarmendu du Suediako Akademiak. 2022an, Iruñeko Topaketetan izan zen egilea.

Laszlo Krasznahorkai idazlea. GYULA CZIMBAL / EFE
Laszlo Krasznahorkai idazlea. GYULA CZIMBAL / EFE
Inigo Astiz
2025eko urriaren 9a
13:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Airean zebilen haren izena, eta hark jaso du saria, azkenean. Laszlo Krasznahorkai idazle hungariarrak irabazi du aurtengo Literaturako Nobel saria. «Bere obra bisionario eta liluragarriagatik, artearen boterea berresten baitu izu apokaliptikoa nagusi den honetan». Nobel sariak banatzen dituen akademiak gaur plazaratu du erabakia. Haren lanen ikuspegi maiz «iluna» ez ezik, haren prosaren «bizitasuna» ere nabarmendu dute. «Ilusio izpirik gabeko haren begirada artistikoa» ere nabarmendu dute, bai eta begirada horri esker egileak «gizarte ordenaren hauskortasunari sakon behatzeko» duen gaitasuna ere. Horrez gainera, sortzaileak «artearen botereari buruzko fede sendoa» duela ere aipatu dute.

Gyula izeneko herrian jaio zen Krasznahorkai 1954an, Hungaria hego ekialdean, Errumaniako mugatik gertu. Eta hain zuzen, sorterri izan zuen landa giroko herriaren antzeko leku batean girotu zuen bere lehen eleberria ere: Sátántangó (1985). Akademiak nabarmendu duenez, Hungarian eragin handia izan zuen lanak, eta hari esker egin zen ezagun nazioartean ere. Komunismoa erori aurretxoan baserri batean bizi den talde baten nondik norakoak kontatzen ditu liburuak. Behartsuak dira guztiak, eta esperantza izpiren baten zain ematen dute kontakizuna, harik eta, amaiera aldera, Irimias eta Petrina azaltzen zaizkien arte. Hiltzat zeuzkaten biak, eta baserritarrek zalantza egiten dute itxaropenaren ala azken epaiketaren mezulari ote diren. Franz Kafkaren aipu bat dago lanaren hasieran, eta Bela Tarr zinemagilearekin elkarlanean egokitu zuten gero liburua zinemarako, 1994an. Zazpi ordutik gorako lan bat izan zen emaitza.

«Apokalipsiaren maisua». Susan Sontag idazle eta pentsalariak hitz horiekin deskribatu zuen Krasznahorkai. Haren bigarren eleberria irakurri ostean izan zen hori, Az ellenállás melankóliája (Erresistentziaren malenkonia). Suediako akademiako kideen arabera, irakurleak lehen orrialdetik bertatik sentituko du «larritasun egoera zorabiagarri batean» dagoela. Zirku bat iritsiko da herrira, eta balea erraldoi baten eskeletoa izango da haren ikusgarri nagusia. Biolentzia eta bandalismoa piztuko ditu presentzia arraro horrek. Militarrek ezingo dute kaosa kontrolatu, eta diktadura bat ezartzeko aukerak zabalduko ditu horrek. Eta hori kontatzeko modua ere nabarmendu dio Nobel saria eman dion aditu taldeak ere. «Eszena onirikoak eta karakterizazio groteskoak baliatuta, Laszlo Krasznahorkaik maisuki irudikatzen du ordenaren eta desordenaren arteko borroka».

2022an izan zen Euskal Herrian, Iruñeko Topekatetan solasaldi publikoa egin baitzuen Adan Kovacsisekin batera, eta bere literatur ibilbideaz eta herrialdearen iragan komunistak izandako eraginaz aritu zen bertan. Aipatu zuenez, esaterako, sekula ez zuen idazle izateko asmorik izan. Ez idazle, ez eta beste ezer ere. Eta, haren hitzetan, sasoi hartako sistema politikoaren ondorio zen hori. «Gizarte komunista hartan nik ez nuen inolako aspiraziorik. Gorrotoa nion norbait izatera iritsi beharrari, eta ez nuen idazteko grinarik ere, sistema hark gizarte osoa kutsatzen zuelako, salbu eta klaserik baxuenak; haiek ziren mundu hipokrita hartatik urrunen zeudenak».

Solasaldi hartan, gainera, etsipenaren ertzean kokatu zuen bere mundu ikuskera idazleak. «Heriotza da artearen patua gaur egun, artearekiko sentiberatasunak jadanik ez duelako oxigenorik, eta suntsitzen doalako. Lehen, arteak mundu transzendentalera heltzeko energia ematen zizun, baina orain ez, gizakia ziurgabetasunez beteta dagoelako, hainbesteraino, ezen jadanik ez baitu denborarik museo batera joateko, existitu egiten dela frogatzera bideratu behar du bere denbora guztia».

Hiru ordu lehenago

Izan da anekdotarik ere sare sozialetan. Gaur goizean, Laszlo Krasznahorkai idazlearen izena daraman profilak apenas zituen 900 jarraitzaile X sare sozialean. 2025eko uztailean sortu zuen profila, eta Suediako akademiak adierazpen publikoa egin baino hiru ordu lehenago eman du bertan erabiltzaileak sariaren berri. «Suediatik dei bat jaso berri dut. Suediako Akademiak 2025eko Literatur Nobel Saria eman dit. Pozarren nago. Eskerrik asko!!!».

Sekretua izaten da akademiaren erabakia, eta, maiz, baita ezustekoa ere. Edonola ere, apustu etxeetan urtero izaten dira kinielak, nor izango ote den irabazlea, eta badira urtero agertu ohi diren izen batzuk ere. Hain justu, Krasznahorkairena izan da aurten nabarmendu direnetako bat, baina zerrenda horretan daude Mircea Cartarescu errumaniarra, Haruki Murakami japoniarra eta Cristina Rivera Garza mexikarra ere.

Bere lehen lanak ez ezik, idazleak 1999an argitaratutako Háború és háború (Gerra eta gerra) nobela ere nabarmendu du Suediako akademiak. Korin artxibozainaren azken urteak kontatzen ditu liburuak. Budapestetik New Yorkera bidaiatu ostean, etxera itzultzean antzinako testu epiko bat topatu, eta hura ezagutaraztearekin egiten du amets. Edonola ere, kontatzen duenaz gainera, hori kontatzeko darabilen teknika ere txalotu dio akademiak. Izan ere, saria ematen duen aditu taldearen arabera, idazlearen esaldi luze eta bihurriz osatutako sintaxi oparoaren erakusle da lan hori. Eta, zehaztu dutenez, punturik ez erabiltzea da haren estiloaren ezaugarrietako bat.

2016an kaleratutako Báró Wenckheim hazatér (Wenckheim baroiaren itzulera) da egilearen «nobela handia», halere. Eleberri horretan literatur tradizioarekin egiten duen jolasa nabarmendu dute.

Kafka eta Bernhard

Akademiaren arabera, «idazle epikoa» da Krasznahorkai, eta Europa erdialdeko tradizio zabalago baten parte egiten du horrek. Kafkarekin hasi, eta Thomas Bernhardenganaino heltzen da soka hori, Nobel akademiako kideen ustez, eta «absurdoa eta gehiegizko groteskotasuna» ditu ezaugarri nagusietako bi. Baina, zehaztu dutenez, hori baino gehiago ere bada idazle hungariarra, eta haren ipuin bildumak aipatu dituzte horren froga gisa. 2013an kaleratutako Seiobo járt odalent (Seiobo han behean) bilduma eta Aprómunka egy palotáért: bejárás mások őrületébe (Palazio baterako prestakuntza: besteen zoramenean sartzen) narrazio laburra nabarmendu dituzte bereziki.

1901ean eman zuten Literaturako lehen Nobel saria, eta, geroztik, gizonezkoak eta nagusiki Mendebaldekoak izan dira akademiak saritutako idazle gehienak: Europakoak edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80. Aurtengoa ere kontuan hartuta, guztira 118 aldiz eman dute saria, eta hemezortzi emakumezko baino ez daude irabazleen zerrendan. Gainera, azken bi hamarkadetan jaso dute saria haietako zortzik: Doris Lessingek 2007an, Herta Mullerrek 2009an, Alice Munrok 2013an, Svetlana Aleksievitxek 2015ean, Olga Tokarczukek 2018an, Louise Gluckek 2020an, Annie Ernauxek 2022an, eta Han Kangek iaz. Eta sei gizonezko hauek ere jaso dute saria azken urteetan: Patrick Modianok 2014an, Bob Dylanek 2016an, Kazuo Ishigurok 2017an, Peter Handkek 2019an, Abdulrazak Gurnahk 2021ean, eta Jon Fossek duela bi urte.

Nobel saridunak euskaraz

Guztira, 40 hizkuntza ingurura itzuli dituzte Krasznahorkairen lanak, baina euskaraz oraindik ezin da haren testurik irakurri.

Saria jaso aurretik ere euskaratuta egon dira saritutako hainbat idazleren lanak, eta Annie Ernauxen kasua da horren adibiderik argiena. Izan ere, 2022an saria eman ziotenerako, jadanik euskaraz irakurri zitezkeen haren liburu garrantzitsuenetako batzuk. Baina ez da beti hala gertatzen. Horregatik, saritutako idazleen lanak euskaratzen laguntzeko sari bat ere badago martxan 2002az geroztik. Hain zuzen, hori da Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketaren helburua.

Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta Elkar argitaletxeak abiatu zuten proiektua, 2002an, eta harrezkeroztik urtero antolatu dute. Akademiak saritutako idazleen lan nabarmenetako bat hautatu, eta haren lagin bat jarri ohi dute sarean, deialdian parte hartzen duten itzultzaileek euskaratu dezaten. Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza du sariketak, eta beka horren bidez heldu dira euskarara, besteak beste, Imre Kertesz, J. M. Coetzee, Doris Lessing, Svetlana Aleksievitx eta Hang Kang —iazko Nobel sariduna— idazleen lanak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.