Lander Majuelo.

Ez da zerurik gaur, soilik haizea

2025eko urriaren 9a
19:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada hari bat, baina hautsi egiten da. Hari bat Imre Kertész eta László Krasznahorkairen artean. Biek jaso dute Nobel Saria. Bakarrak dira Hungarian. Lehenak sufrimendua dakar eskutik. Auschwitz eta Buchenwald. Biziraupenaren zikina. Ez da inon esperantza baino faltsuagorik, hilik ez akabatzea baino erru hoberik. Eta halere. Gerraren ostean bada zirrikitu bat oraindik norbanakoa eta Historia lotzen dituen haria berriz ere osatzeko. Bortxatua izan den arrazoia berriz ere, ozta-ozta, osatzeko.

Bigarrenak bere gain dakar ezina. Bukatu da. Norbanakoa zikiratua eta bere baitara ekarria da. Historia egin dute baina ez beharrezko zutenek. Estatua edonon eta asegaitz dabil. Ez da jada zerurik, gauak ez du gaua ez den besterik espero. Karrikak hutsik dira, norbera etxean, auzoaren leihoari beha, maltzur bi tabernan, ez duten sosari itzal egiten. Kooperatibek aspaldi ez dakartela hautsak jana ez den deus, eta arrazoia desegin duen haize lakarrak hondar bi eskaintzen ditu bakarrik: beldurra, esamesak. Hautsi da haria, ez dago goizero putzuan esnatu eta amesgaiztoaren forma denetan urperatzea baizik.
 
Krasznahorkairen lanean hezea eta iluna goratu dituzte, erokeriaren ertza, alaia izan daitekeen tortura hori. Béla Tarren filmak baino, Andrei Tarkovskiren Stalker-eko zakurra saritu dute, Anatoly Solonitsyn lurrean fede bila etzana dela. Mundu bat dakarren idazle bat, eta gutxik dakarte. Eta halere. Non dira egun Krasznahorkairen munduko biztanle puskatuak, aginteak eta erdizka bizi garenon epelak betirako ukatuak, ez bada Khan Yunis, Deir al-Balah edo Tulkaremen. Errazagoa da beti lehenaldiko zikinkeriaren traza saritzea, egungoa baino.
 
Hautsi da beraz. Iritsi da betiereko amaiera. Iritsi da balea gizenena dakarren zirkua. Iritsi da Irimias eta xehatuko zaituzte. Egin dezagun otoitz euskarara ekarriko duen itzultzaileagatik, eta eskerrak eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.