Komikia

Lego piezekin, platanoekin eta soilik lapitzez ere komikiak sortu daitezkeela erakutsiko du Nafarroako Komiki Azokak, bihartik aurrera

Irailaren 27ra arte hedatuko dute programazioa. Dozenatik gora jarduera antolatu dituzte hala haurrentzat nola helduentzat, baita hamahiru erakusketa jarri ere. Asier Sanz, Ignatius Farray eta Clara eta Olivia Cabez azokan izanen dira, besteak beste.

Lego piezetan oinarritutako tailer bat ere kabiarazi dute aurten Nafarroako Komiki Azokaren programan.
Lego piezetan oinarritutako tailer bat ere kabiarazi dute aurten Nafarroako Komiki Azokaren programan.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko irailaren 3a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikitan, bazkalorduan lardaskan aritzean, janariarekin ez jostatzeko esaten zieten horientzako mezua ematen du. Zirika bat. Irudipena baita zera esaten ari zaizkiela haiexei orain: «Jostatu, jostatu beldurrik gabe urdaiazpiko egosiarekin, eta otapurrekin. Jostatu dilistekin». Larunbat honetan, irailaren 5ean, jakiekin karikaturak egiten ikasteko tailer bat gidatuko du Asier Sanzek Iruñean, Zabalguneko merkatuan. Umorista grafikoa da Sanz, eta, besteak beste, 2018an Donald Trumpen parodiazko erretratu bat egiteagatik egin zen ezagun komikiaren munduan, nazioartean: platano batekin eta mortadela eta txorizo xerra batzuekin collage bat eginez marraztu zuen AEBetako presidenteren aurpegia. Orain, halako asmamenez jarduteko trikimailuak jendeari erakustea izanen du erronka, batik bat horretarako gonbidatu baitu Nafarroako Komiki Azokak, eta, hori bakarrik ez: hari eman diote egitaraua kasik zabaltzeko ardura ere. Kasik, azoka bihar bertan hasiko baita, Comic & Gastronomía izeneko erakusketaren aurkezpenarekin.

Tiza elkarteak hamazazpigarrenez antolatu du azoka, eta egitarau mardula osatu dute atzera ere. Bihartik irailaren 27ra bitarte hedatuko da programazioa, zehazki, eta dozenatik gora jarduera ez ezik, hamahiru erakusketa ere prestatu dituzte. Iruñean izanen dira jarduera gehienak, baina Antsoainen, Sarrigurenen eta Lizarran ere izanen da eskaintzarik. 

(ID_17881774032045) Asier Sanzen umoregile grafikoaren 2018ko obra bat. Donald Trump
Asier Sanz umorista grafikoaren obra. NAFARROAKO KOMIKI AZOKA

Antolatzaileek tailerretan egin dute azpimarra batik bat. Sanzek larunbatetan gidatuko duenaz gain, tailer gisara sailkatu dituzten beste zenbait jarduera ere ageri dira egitarauan, eta baita, batera edo bestera, herritarren parte hartzea ardatz duten beste hainbat proposamen ere. Kasurako, Ottstuff artista nafarrak stop motion teknikan oinarritutako ikastaro bat emanen du irailaren 12an Kondestablearen jauregian; irailaren 16ko iluntzean, komikiari buruzko Trivial bat izanen da Alde Zaharreko Campana tabernan; 19an, larunbatarekin, Basurde Resano ilustratzaileak komiki zintak sortzen irakatsiko du, eta iraileko azken larunbatean, hilaren 26an, haurrentzako tailer bat izanen da Sarrigurengo Discover Bricks dendan: Lego piezak izanen dira tresna nagusia, eta inspirazio iturria, berriz, superheroien mundua. 

«Azokan aurrez aurre egon ezin direnentzako» tailerrak ere prestatu dituzte, gainera. Hirugarrenez, collage tailer bat eginen dute Erruki Etxean, eta, oraingo honetan, Arantxa Jabato artistaren gidaritzapean jardunen dira egoitzako erabiltzaileak. Gainera, Joseba Beramendi Exprai-k lau eguneko ikastaroa zuzenduko du Iruñeko kartzelan, presoentzat. Tailerrean eginen dituzten obrak datorren urteko azokan jarriko dira ikusgai, erakusketa batean.

Bisiten irrikan

Komikiaren munduko itzal handiko artisten topagune ere izanen da azoka, beste behin. Kasuan-kasuan, aurkezpenak, solasaldiak edo erakusketen bisita gidatuak eginen dituzte artistok. 

Paco Alcazar umore beltzean espezializatutako marrazkilari eta musikaria da azokaren karietara Iruñean izanen diren artistetako bat. Irailaren 10ean, Katakrak liburu dendan sinatzen ariko da Alcazar 17:30etik 18:30era, eta, 19:00etan, hitzaldia emanen du Kondestablearen jauregian. Besteak beste, 2024an argitaratutako La gran época komikia izanen du hizpide Alcazarrek; lan horretan, marrazkilariak komikira itzularazi du 2000ko hamarkadan El Jueves aldizkarian sortu eta urteetan garatu zuen Silvio Jose pertsonaia. Gainera, haren marrazkiekin osatutako erakusketa bat ere ikusgai jarri dute Kondestablearen jauregian bertan: Cavando mi propio túnel.

Clara eta Olivia Cabez ahizpak ere gonbidatu dituzte Nafarroako XVII. Komiki Azokara, eta, preseski, Alcazarren ibilbidearen antzekoa eginen dute Iruñean, noiz-eta biharamunean. Irailaren 11n, lehenik sinatzen ariko dira, Chundarata liburu dendan; gero, Olaia Bloom marrazkilari nafarrak elkarrizketa eginen die jendaurrean, Kondestablearen jauregian, eta, bestalde, erakusketa bat ere paratuko dute han bertan: Del Fanzine al Libro: El Rock dibujado por Cols Comix

Eta beste hainbat ere izanen dira Iruñean, bineten barrenetako arteaz eta bestez mintzatzeko, hala nola umoreaz: Roma Arranz, J. J. Chas, Ana Miralles, Emilio Ruiz, Ignatius Farray, Iker Garate, Jon Juarez, Pedro Porcel, Patxi Huarte Zaldieroa, Andrea Ganuza, Daniel Gojenola, Tina Asensio, Luis Piedrahita, Eva Hache, Cesar Oroz...

Komiki azokaren antolatzaileek plazaratutako informazioari so, jarduera bakarrean dago propio adierazia euskaraz eginen dela: irailaren 23koan. Egun horretan, 19:00etan hasita, Pello Varela marrazkilariak Mo. Behi euskaldun baten memoriak (2024) albuma aurkeztuko du Antsoainen, Txokogorri gunean. 

Binetak luzitzeko eta erosteko

Erakusketei dagokienez, aurten bost lekutan izanen dira ikusgai. Kondestablearen jauregian izanen dira gehienak —zortzi, zehazki—, baina Pinaquy aretoan, Zabalguneko merkatuan, La Morea merkataritza gunean eta Lizarrako Karlismoaren Museoan ere jarri dituzte batzuk. Ordutegiak toki haietako bakoitzaren webgunean daude zehaztuta. 

Horrez gain, Tiza elkarteak Zart bildumaren zenbaki berria aurkeztuko du, eta autoedizioaren eta bigarren eskuko komikien Komikitoki azoka antolatuko dute atzera ere. Irailaren 12an izanen da, Iruñeko autobus geltoki zaharrean. 

'Zart' aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren azala.
'Zart' aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren azala.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA