'Lehoikumea', haur euskaldun erbesteratuen ikur

Preverten 'Lehoikumea' Orixek euskaratu zuen lehenengoz, baina Juan Kruz Igerabidek «manipulatua» zegoela igarri zuen, eta berriro ere itzuli du, jatorrizko idazleari leialago. Orixeren bertsioa ezinbestekoa izan zen haur euskaldunak alfabetatzeko.

Carmen Elvira eta Juan Kruz Igerabide, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Carmen Elvira eta Juan Kruz Igerabide, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko maiatzaren 19a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuetan «harribitxi» bat zutela aurkeztu dute Jacques Prevert idazlearen eta Camilla Koffler Ylla argazkilariaren Lehoikumea liburua. Izan ere, ez da euskarara itzultzen den lehen aldia: Nikolas Ormaetxea Orixe-k itzuli zuen lehenengoz, eta Parisen argitaratu, 1948an, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean. Lana erbesteko Eusko Gobernuak enkargatu zion, atzerrira ihes egindako haurrek irakurketa testutzat erabil zezaten. Orduko horrek Leoi-kumea zeraman izenburutzat, eta aurkezpenera bertaratu den batek atera du itzalpetik, besoa jendearen artetik luzatuta. Oraingoan Juan Kruz Igerabidek euskaratu du, baina Orixerena ere irakur daiteke liburuaren azken orrian dagoen QR baten bidez. Carmen Elvira Pamielako kideak azaldu du Manuela Rodriguez Kalandrakako kideak «ezustean» izan zuela Orixeren liburuaren berri, eta «editore lanean aritu beharrean, detektibe» lanetan aritu dela, hariari tira eta tira, Preverten liburu originala eta Orixeren bertsioa eskuetan izan arte. Kalandrakak gazteleraz, katalanez eta galizieraz argitaratu du, eta Pamielak, euskaraz. Irakurgai egongo da Gipuzkoako udal liburutegi guztietan, baita hainbat eskolatan ere. 

Zentsuratu egin zuten hasiera batean Prevertek idatzitako Le petit lion liburua. Arts et Metiers argitaletxeak kaleratu zuen, 1947an, baina jatorrizko testuari hamahiru pasarte kenduta. Ingelesezko edizioa ere «erabat manipulatua» argitaratu zutela kontatu du Igerabidek, eta, hain zuzen, Orixeren bertsioa ez zela salbuespena izan. Madrilen gerraondoko exilioko literatura aztertzen ari zirela eta, Igerabideri Orixeren itzulpenari buruzko artikulu bat idazteko eskatu zioten, eta berak lanari ekin, «gustura». Liburua garai hartako faxismoaren kontrako borrokaren emaitza zela uste zuen itzultzaileak, «gerraren mirarietako bat»; izatez, antagonikoak baitziren Preverten eta Orixeren pentsamoldeak: «Prevert, surrealista eta komunista; Orixe, berriz, kontserbadorea», azaldu du Igerabidek. Bada, lehenengoz Orixeren bertsioa irakurri zuenean, Igerabideri «izerdi hotza» hasi zitzaion bekokian. 

«Orixek ezabatu egiten du Prevert, idazle kontserbadore gatzik gabea bihurtu, poeta surrealistaren zolitasun eta ironia pikutara bidali»JUAN KRUZ IGERABIDE Itzultzailea

«Zentsura baino gehiago, Orixek berak egindako manipulazioa zegoen», kontatu du itzultzaileak. Besteak beste, pasarte batzuk ezabatu zituen, eta badira ere jatorrizko istorioan azaltzen ez diren zenbait pertsonaia: ehiztari bat eta herri txiki bateko apaiz bat. Liburuaren epilogoan xeheki azaldu du Igerabidek: «Orixek ezabatu egiten du Prevert, idazle kontserbadore gatzik gabea bihurtu, poeta surrealistaren zolitasun eta ironia pikutara bidali. Manipulazio ideologikoa dario egokitzapenari, Preverten gizarte kritika sotila erabat inausten du, eta testuaren gune lirikorik ederrenak ezabatzen ditu». Hain zuzen, horregatik jo dute Prevertek berak idatzitako originalera eta ez Orixeren bertsiora liburua berriro ere argitaratzeko orduan.

Lehoikumearen larruan

Haurrentzako liburua izanik ere, sakontasun handia duen liburua dela argitu du Igerabidek, eta, beraz, adinaren arabera zenbait irakurketa egin daitezkeela. «Ez dago ideologia komunistaren aldarrikapenik, baina badago askatasunerako kantu bat, izugarri ederra», esan du itzultzaileak. Eta gaineratu du garaiari ez zegokion ekologismo hasi berri bat ere antzeman daitekeela bertan: «Animaliak preso edukitzearen kontrako aldarria egiten du, eta garai hartan zoologikoak hezkuntzaren eredutzat jotzen ziren; ontzat hartzen ziren zooak, baita zirkuetan animaliak erabiltzea ere». Alde horretatik, gaur egungo gizarteak garatu duen sentsibilitate bat igartzen dio Igerabidek Preverti; alegia, ordu hartan ohikoa ez zen sentsibilitate bat. Hala, Prevertekin liluratuta, Igerabidek argi du, batez ere, idazlearen joko onirikoak berreskuratu behar zirela. Istorioan, lehoiak askatasuna imajinatuko du, eta, haren imajinazioaren bidez, baita irakurleak bere askatasun propioa ere. 

«Ez dago ideologia komunistaren aldarrikapenik, baina badago askatasunerako kantu bat, izugarri ederra»JUAN KRUZ IGERABIDE Itzultzailea

Dena den, Orixeren bertsioari garrantzia aitortu nahi izan diote. Dokumentu historikotzat jotzen du Igerabidek: «Erbesteratutako euskal ume askok irakurritako liburua da, Xabiertxo ipuinarekin batera alfabetatzeko erabilitakoa. Are, diktadurapean ere, familia askok zuten liburua, eta altxor kuttun gisa iraun du». Liburua bete-betean memoria historikoarekin eta erresistentzia antifaxistarekin lotzen du Igerabidek, eta, horregatik, bi arrazoi ditu Lehoikumea liburuaren argitaratzeak: batetik, idazle «handi» baten lana bere horretan ekarri nahi izatea eta, bestetik, euskarazko lehen bertsioa erresistentzia ikur gisa aitortzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA