Aurrera doa Donostiako dFeria arte eszenikoen azoka. Gaurtik asteazkenera bitarte antzerki eta dantza ikuskizunek beteko dute hiriburua, eta, antolatzaileek testuinguru hori probestu dute Larrun proiektua aurkezteko. Miarritzeko Malandain Koreografia Zentroaren eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokiaren arteko elkarlanaren ondorio da proiektu hori; biak ala biak 2007az geroztik ari baitira «elkarrizketa kulturala indartzeko» lanean. Parte hartzaileek adierazi dutenez, hiru helburu ditu: beren sormen prozesuetan elkarri laguntza eskaintzea, ekoizpen baldintza hobeak lortzea, eta ikuskizunen hedapena bultzatzea. «Tresna estrategikoa da Larrun, bai dantza garaikideari laguntzeko, bai bi testuinguru soziokulturaletan proposamen berrien zirkulazioa sustatzeko». Bi ikuskizun hautatu dituzte proiektuari hasiera emateko.
Lehena Leila Ka koreografo eta dantzariak ondu du; talde boteretsu batentzat sortutako lana da. «Dantzarien gorputzak kodeetatik askatuko dira, eta espazioa bere egingo dute inolako mugarik gabe», ziurtatu dute. Hamar dantzarik osatuko dute ikuskizuna, baina horietatik zazpi daude hautatuta: Oceane Crouzier, Jennifer Dubreuil Houthemann, Jane Fournier Dumet, Mat Leva, Jade Logmo, Elsy Robert eta Leila Ka bera —hautaketa prozesuan daude falta direnak—. Ordubeteko emanaldia da, eta ekainaren 18an entsegu irekia egingo dute, Miarritzen. Ikuskizuna azaroaren 5ean estreinatuko da Frantzian, La Garance antzokian.
Baionako Bilaka kolektiboaren ikuskizun berria da Dirau, eta euskal musika tradizionalaren «erritmo egituratuek» ere dantzan jolasteko aukera eskaintzen dutela frogatu nahi dute; izan ere, dirau hitzak iradokitzen duen mugimendu «etengabea eta amaigabea» gorpuzten ahaleginduko dira Bilaka kolektiboko dantzariak. Hauexek dira: Arthur Barat, Zibel Damestoi, Ioritz Galarraga eta Oihan Indart. «Dantzariek zalantzan jarriko dute tradizioa, eta berrasmatu ere egingo dute, tradizioaren beraren bizitasuna eta metamorfosirako gaitasuna agerian uzteko». 35 minutuko emanaldia da, eta espazio publikoan dantzatzeko dago sortua. Apirilaren 16an ikusi ahal izango da estreinatu aurreko entsegua Miarritzen, eta irailean izango da estreinaldia, Maitaldia jaialdian.
Arte eszenikoen azoka
Beste hiru antzezlan aurkeztu ditu Donostiako dFeria arte eszenikoen azokak: No pares (sigue, sigue), Sin fichero adjunto eta Bloody Moon by Marina Mascarell. Sergi Casero da bertako zuzendari eta protagonista, eta spinning saio bat hitzaldi performatibo batekin uztartu du. Obrak kapitalismoaren zenbait agindu jarri nahi ditu zalantzan: esfortzuarena eta norbere burua gainditzearena. Umorea baliatuko du Caserok erruari eta zigorrari buruz hitz egiteko, eta modu kolektiboan inertziaren kontra egiteko estrategiak planteatzeko asmoa du. Martxoaren 14an eskainiko du, 16:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.

Sin fichero adjunto Erain konpainiako Ioar Labatek eta Julia Errazkinek zuzendu dute; haiexek izango dira bertan arituko diren dantzariak. Galdera bat jarri dute mahai gainean: «Zenbat aldiz topatu ote du gizakiak bere burua askatasunean korapilatuta?». Hain zuzen, horri buruz dihardu antzezlanak; inolako gidalibururik gabe aurrera egin beharrari buruz, alegia. Martxoaren 15ean izango da emanaldia, 10:00etan, Gazteszenan.
Bestalde, Danish Dance Theatre konpainiaren Bloody Moon by Marina Mascarell antzezlana Georges Bataille idazlearen L'Érotisme liburuan dago oinarrituta. Hiru erotismo mota «ospatzen» ditu obrak: gorputzaren erotismoa, bihotzarena eta erotismo sakratua. «Bizitza oso-osorik bizitzeko irrikaz dagoen talde baten azken dantza bat» taularatuko dute. Martxoaren 14an egongo da ikusgai, 18:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.