Musika

Lertxundiren doinutegia ohoratuz

Benito Lertxundiri omenaldia eginen diote igandean Getxon, 'Hunkidura kuttunak' ikuskizunarekin. Idoia Asurmendi, Olatz Salvador eta Mikel Urdangarin izanen dira artista gonbidatuetako batzuk.

Benito Lertxundi, urtarrilean, Orion. MAIALEN ANDRES / FOKU
Benito Lertxundi, urtarrilean, Orion. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroa zen, egunak udazken kolorekoak, eta halako goiz batez eman zuen abisua: distantzia fisiko bat jarriko zuela eszenatokiaren eta bizitzaren artean. Hirurogei urte zeramatzan halakorik egin gabe. Entzuleek bertze kantu bat eskatu nahiko liokete, eta bertze kontzertu bat, eta bertze disko bat. Zergatik utzi kantatzeari kantatu nahiko liokete, baina gorputzak geldi zedin eskatu zion Benito Lertxundiri.

Joan den urte bukaeran iragarri zuen musikariak jendaurrekoa utziko zuela, eta, geroztik, omenaldiak eta eskertzak egin dizkiote hainbat herritan. Ia urtebete igaro den honetan, Getxon (Bizkaia) eginen diote hurrengo omenaldia, Getxofolk jaialdian, igandean. 

Hamalau ikuskizun eginen dituzte orotara Getxofolk jaialdian; herenegun hasi ziren, eta igandean bukatuko dute. Estrella Morenteren kontzertua izan zuten atzo; gaur, berriz, Capercaillie Eskoziako musika taldea arituko da kantuan, 20:00etan. 

Eta bukaerarako utziko dute 41. aldi honetako ikuskizun bereziena: Hunkidura kuttunak, Benito Lertxundiri egindako eskertza eta omenaldia. Hala oroitzen du Arkaitz Hormaetxe ikuskizunaren zuzendari artistikoak guztia antolatzen hasi ziren garaia: «Gogoan dut Xabi Paya etorri zitzaidala eta Lertxundiri omenaldi bat egiteko proposamena egin zidala. Euskal Herrian ohitura handia daukagu omenaldiak hil ondotik egiteko, eta guk bizirik dagoela eskertu nahi diogu egindako lana». 

«Euskal Herrian ohitura handia daukagu omenaldiak hil ondotik egiteko, eta guk bizirik dagoela eskertu nahi diogu egindako lana»ARKAITZ HORMAETXE Ikuskizunaren zuzendari artistikoa

Baga-Biga ekoiztetxeko kidea da Hormaetxe, eta Jon Maia dantzariarekin batera aritu da zuzendari artistiko lanak egiten. «Elkarrekin egin dugu bidea, oso modu naturalean eta zentzuz», erran du Hormaetxek, eta azaldu du artisten artean ere «oso harrera ona» izan duela proposamenak. 

Izan ere, Euskal Herriko panorama musikaleko hainbat artista igoko dira oholtzara, eta Lertxundiren kantu bana kantatuko dute. Ehunka kantu dauzka argitaratuta, eta, ikuskizun bakarra egin nahi bazen, ezinbertzekoa zen horien artean aukeraketa bat egitea. Gutxi gorabehera 24 abesti aukeratu zituzten, eta, behin eskaleta egin ondotik, abeslari bakoitzari kantu bat proposatu zioten. Dagoeneko badira ikuskizunaren arrasto batzuk: Idoia Asurmendi, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Janus Lester, Mirua eta Mikel Markez arituko dira kantuan, baina iragarri gabeko bertze hainbat artista ere joanen dira Getxora. 

Abeslariak joan-etorrian arituko diren arren, zortzi musikarik osatutako banda bat etengabe izanen da eszenatokian: Ander Hurtado de Saratxo, Eneko Arraibi, Markel Arevalo, Endika Basterretxea, Amaia Miranda, Elisene Alzola, Nerea Aizpurua eta Garikoitz Ortiz de Villalba. Musika jotzen ez ezik, dantzan, bertsotan eta marrazkigintzan arituko dira gonbidatuak; Kukai dantza taldea arduratuko da dantzaz. 

Hainbertze elementu nahastea, baina, ez da erraza, eta bi zuzendari artistikoak «linealtasuna hautsi nahian» aritu dira lanean. «Oso zaindua dago gertatuko den gauza bakoitza».

Bidaia emozional bat

Hormaetxe «betidanik» izan da Lertxundiren zale amorratua, eta emanaldia prestatu ahala are zaleago bihurtu da, kontatu duenez. «Hitzak aztertu ditugu, eta ikaragarria da esan eta egin duena. Lehendik ere banekien, baina ez nekien hainbesterainokoa zenik». Bidaia emozional baten erara definituko luke igandekoa, «ez baita hirurogei urteko bidaia soil bat». 

Oriotarra da Lertxundi, eta anitzetan kantatu dio jaioterriari. Baina ez hari bakarrik, baizik eta Zuberoari, Nafarroari, Bizkaiari... Eta bidaia horren guztiaren laburpen bat izanen da igandeko eskertza. Nekez sar daiteke hirurogei urteko ibilbide bat hiru ordutik beheiti iraunen duen ikuskizun batean, eta, hortaz, «zaila» izan da eskaleta bat zehaztea. Gaur, baina, «pozik» dago zuzendari artistikoa, sinistuta baitago prestatutako obrak «modu berezian eta goxoan» kontatzen duela artistaren jarduna. «Euskal Herriaren luze-zabalera iritsi da Benito, eta guk, Getxotik egingo badugu ere, herrialde guztietatik pasatu nahi genuke, emozionalki behintzat». 

«Euskal Herriaren luze-zabalera iritsi da Benito, eta guk, Getxotik egingo badugu ere, herrialde guztietatik pasatu nahi genuke, emozionalki behintzat»ARKAITZ HORMAETXE Ikuskizunaren zuzendari artistikoa

Hain zuzen ere, lurraldetasunari begira hautatu dituzte artista gonbidatuak, bertze ezaugarri batzuen artean. «Guretzat garrantzitsua da ikuskizuna guztiona izatea, eta horretarako ezinbestekoa zen lurraldetasuna bermatzea». Ikuskizuna, ibilbide artistiko bat nola, hasi eta buka eginen da. Oi lur abestia izanen da lehena, eta, azkena, berriz, Euskal pizkundea. Leloa ere jarri diote emanaldiari: Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin. 

Lertxundik ez du agur birarik egin, ezta adio kontzerturik eman ere: nahiago izan du harrabotsik egin gabe aldendu. Getxon omenaldi bat egin ote ziezaioketen galdegitean, baina, poza hartu zuela oroitu du Hormaetxek. «Baietz esan zigun, eskertzen zuela, eta berak ezin ziola omenaldi bati ezetzik esan. Gu ere asko poztu ginen, eta orduantxe hasi ginen den-dena lotzen». Iazko urte bukaeran izan zen hori.  

Sarrera guztiak amaitu dira aspaldi, eta antolatzaileak «gogotsu» daude datorrenerako. Urrundik heldu da Lertxundiren ahotsa, Bizkaia maiteari kantatzeko itsasoari begira daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.