Zinema

'I Lit the Fire!' filmak jaso du Ikuspuntu jaialdiko filmik onenaren saria

Valeria Lemexevskaiak zuzendutako lana izan da Sail Ofizialeko lanik onena. Zuzendari onenarentzako Jean Vigo saria Victor Laderari eman diote, 'Sin ton ni son' filmarengatik.

'3cm of Complexity' filmaren irudi bat. BERRIA
'3cm of Complexity' filmaren irudi bat. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko apirilaren 25a
21:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengoa Ikuspuntu jaialdiaren hogeigarren aldia izan da, eta, antolatzaileek festibala hasi baino lehen adierazi gisan, programazio «zorrotza» egon da ikusgai gaur arte Iruñean. Orotara hemeretzi lan lehiatu dira Sail Ofizialean: zortzi film luze eta 11 film labur. Jaialdia amaitu berritan, hogeigarren aldiko irabazleen izenak jakinarazi dituzte antolatzaileek. Beatriz Navas, Catarina Boieiro eta Daphne Xu izan dira epaimahaiko kideak. 

Valeria Lemexevskaiaren I Lit the Fire! filmak lortu du filmik onenaren saria —barne hartzen du 10.000 euroko diru saria—. Bi istorio uztartzen ditu lanak: batetik, Bielorrusiatik migratutako zinemagile batena, eta, bestetik, Kirgizistango herri bateko 10 urteko neskato batena. Bi protagonisten bizitzaren txatalen bidez, haien kezkak eta etorkizunera begirako ametsak azaltzen dira filmean. Epaimahaiaren esanetan, «energia pultsu bereizgarria» du pelikulak, eta etxearen kontzeptuaren inguruan hausnartzen laguntzen du. Halaber, zuzendariak bi protagonisten bitartez sortutako kontakizuna ere goraipatu nahi izan dute: «Izugarri gustatu zaigu ikuspuntu hori».

Victor Ladera, berriz, 2017an hasi zen zinemagile lanetan, eta, orain, zuzendari onenaren Jean Vigo saria jaso du Ikuspuntun, Sin ton ni son lanagatik. 30 minutu baino ez du irauten filmak; Laderak zinta magnetiko batean filmatu zuen pelikula, eta horren ondorio da iraupena.  Sin ton ni son-ek esperimentazioa du ardatz, hasi eta buka. Adibidez: hartualdi bakarrekoak dira plano guztiak, eta ediziorik ere ez da egon postprodukzioan. Soinu bandari dagokionez, kasete batekin sortutakoa da. Laderaren filmak «aberastasun eferbeszentea» erakusten du epaimahaiaren ustez, «non osagai bakoitzak intentsitate nabarmena hartzen duen». Sari horrekin batera, 5.000 euroko ordainsaria eman diote zuzendariari.

Epaimahaiaren hitzetan, Anna Vasof artista txekiarrak «irudimen freskagarria» du. Ez da zinemagilea soilik, Vesofek berak dioenez, multimedia artista ere bada. Arkitektura ikasi zuen unibertsitatean, eta horren ondotik, arte ikasketak egin zituen. 3cm of Complexity lana eraman du Ikuspuntura, eta film laburrik onenari dagokion saria erdietsi —EITBk babesten du sari hori—. Eguneroko gorabeheren inguruko lan bat da: beren lanarekin gustura ez dauden pertsonak, bestelako gatazka eta arazoak dituztenak... Zuzendariak umorearen bidez —esketxekin—, performanceen bidez, eta metaforen bitartez hausnartu du egunerokoaz.

Sari bereziak

Publikoaren Sari Berezia Carlos Casasen Krakatoa pelikulari eman diote. Indonesiako Krakatoa sumendiaren aurrean bizi den arrantzale baten istorioa kontatzen du filmak. Gau batez, sumendia piztu egingo da, eta arrantzalea ohartuko da bere bizitza arriskuan dagoela. 1883an Krakatoak izandako erupzio batean oinarrituta dago istorioa.

Gazte epaimahaiak aurten ere 1.500 euroko saria eman ahal izan dio filmetako bati. Oraingoan, Fomos Ficando SĂ³s-i eman diote. Adrian Canoura zinemagile galiziarrak ondua da lan hori, eta itsasoa du ardatz; hartan, egilea aitarekin batera nabigatzen agertzen da. Baina ez da nolanahiko nabigazioa, bideo eta musika instalazioen bidez egindakoa baizik. «Zinema belaunaldiz belaunaldi idatzitako maitasun gutun bat izan daiteke. Formatuen artean nabigatzen dugu, aita-semeak nola gerturatzen diren ikusteko», azaldu du epaimahaiak.

Bestalde, Sail Ofizialeko epaimahaiak aipamen bereziak egin dizkie bi lan hauei: Nao Yoshigaien Masayume-ri, eta Maryam Tafakoryren Daria's Night Flowers-i. Lehenengoan, zuzendaria bera da protagonista, eta ama hil ostean izandako dolu prozesua azaltzen du. Bigarrenean, Daria da protagonista, eta Abiri idatzitako gutunek ardaztuko dute kontakizuna. Iranen girotuta dago filma, eta herrialde hartan dagoen errepresioa ere aipatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA