Idazlea

Juan Garzia: «Literatura arte berbal bat da; hori ahaztu egiten da batzuetan»

Kanpoan luze egon ostean iraganak zauritutako baserri-etxe batera eta sakonki eraldatzen ari den ingurune batera bueltatu den emakume baten istorioa kontatu du ‘Erbeste’ liburuan. Itzultzaile lanari emanda, 30 urte ziren ez zuela fikziorik argitaratzen.

Juan Garzia Garmendia idazlea eta itzultzailea, Irunen. JON URBE / FOKU
Juan Garzia Garmendia idazlea eta itzultzailea, Irunen. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Irun
2026ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Afizio txoroz». Literaturan egin duen bidea hala egin duela esango luke, laburbilduz, Juan Garzia Garmendiak (Legazpi, Gipuzkoa, 1955). Nazioarteko literaturako milaka orrialde ekarri ditu euskarara, eta ez edonorenak; Borges, Rulfo, Shakespeare, Beckett, Primo Levi eta besterekin «bizi» izan da, «haiek izan» da aldi batez. Melvilleren Moby Dick ikonikoa du azken itzulpenetako bat; azkena, Manuel Rivasen Zer nahi nauk, Amore?. Etenik izan ez duen jardun horren aldamenean, ordea, sorkuntzarena airean izan du urteetan. 30 urte baino gehiago igaro dira Akaso (1987), Itzalen itzal (1993) eta Fadoa Coimbran (1995) argitaratu zituenetik, eta «nobela» modura ikusten ez duen baina tarteka «nobela» izendatzen duen narrazio bat plazaratu berri du: zer-eta itzulera istorio bat, «kontakizun xume, arrunt bat, tonu apalean» emana.

Izenik ez duen narratzaile bat, argazkilaria, baserri-etxera itzuli da, aitaren eta «ttanttoa falta» duen nebaren ondora. Haren harrigarri, aita joango zaio aireportura bila, hitz gutxiko, eta Miarritzetik (Lapurdi) Tolosaldera (Gipuzkoa) jo ahala, Nafarroako autobidea izango da kanpoan egon den bitartean gertatu diren aldaketen lehen pista, datorkion arroztasunaren abisu. Erbeste (Erein) deitu du liburua. 

Zure kasuan, zeri zor zaio itzulera? 

Tira, Estatu Batuetan egon gara luzaro, eta han ez dago despistatzeko aitzakiarik. Hemen, sentsazioa daukazu denbora guztian zerbait egiten ari zarela, eta ez duzu ezer egiten; han, berriz, jaiki, eta nahi nuen orduan jartzen nintzen lanean. Horrela atera nuen Moby Dick: hemen ezingo nuen. Tarteetan, beste gauza batzuk irakurtzen dituzu, eta, halako batean, oinarrizko egoera hori etorri zitzaidan: kanpoan luzaroan egon den pertsonaia bat, ez dena itzuli hogei bat urtean. Hori zen puntu bat; beste bat, erbestearen ideia —bistan da erbesteagoa dela bueltakoa—, eta beste bat izan zen hemen kokatzea, Tolosan, baina Legazpi balitz, antzera.

Gertu, baina ez gertuegi?

Bai, batetik, neurriagatik; eta, bestetik, ez dudalako hain ondo ezagutzen. Hobe da hori, ondoegi ezagutzen duzuna baino; bestela, gehiegi joan zaitezke xehetasunetara eta zeretara. Legazpin Patrizio Etxeberriaren fabrikaren atariko langileentzat egin zen lehen etxean bizi ginen gu, eta atzean baratzeak-eta zeuden. Ni jaio nintzen garaiko plano hori ageri da, eta baita mundu zaharra ere, aitak lehenagotik dakarrena. Horrek kontrasterako aukera ematen zidan, baita Singapurrek eta agertzen diren japoniakeriek ere. Minimoetan geratu da hori, baina inportantea da gogorarazteko nondik datorren protagonista. Tira, protagonista deitzea ateratzen zait, baina argitu behar dut protagonista kamera bat dela. Argazkiekin lan egiten du, eta oso ondo ez dakizun gaur egungo beste zera batzuekin. Bera joan aurretik, zerbait gertatu zen etxean, baina, berez, egin zitekeen hori gabe ere. Garai hartan, ahal izanez gero, guztiz normala zen giro itxi hartatik ihes egin nahi izatea.

Nobela laburra da; horregatik, kasik nahiago duzu «ñobela» deitzea, «elleberria». Neurri hori nahi zenuen aurrez, ala istorioak eskatu dizu?

Ez, aurrez ez. Atera ditudan liburuen errepaso bat egiten baduzu, ez dago nobela bakar bat ere. Hasten zarenean, ez dakizu istorioak zer eskatuko dizun. Niri beti ateratzen zait luze samar ipuin izateko eta motzegi nobelarako. Ez naiz nobelagilea, nik egiten dudan bereizkuntzaren arabera. 

Eta zein da?

Nobela kazetaritzarekin lotuago dago, eta ipuina, poesiarekin. Ipuina, tik, eserialdi batean har dezakezu, eta, sintetikoa denez, estilizatua da; ezin zara xehetasun txikietan sartu, ezin duzu oso kanpora egin. Nobelarekin, alderantziz; zaharrak eta modernoak modu diferentean, baina benga, raka-raka-raka egin behar da. Oso desberdina da. Nire teoria da idazleak fabulatzaileak edo nobelagileak direla. Saizarbitoriak lau orrialdeko bat egiten du, eta hori nobelistikoa da; Atxagak nahi duzuna egiten du, eta hori fabulazioa da. Badira biak egiten dituzten batzuk, gutxi, baina hor ere bat izaten da dominantea. Pedro Páramo eta Zekale artean harrapaka, adibidez, nobela onenen artean jartzen dira beti, eta oso laburrak dira biak. 

«Bizi izan dudan hori transmititzea da nire helburua. Beste batek horri segitzea, sentitzea. Niretzat hori da literaturaren %90. Irakurtzen duenak benetan presentzia edukitzea testuan»

Laburtasun horren barruan, azpigenero ugariren ukituak topatuko ditu irakurleak: eleberri instrospektiboarenak, ruralismo beltzarenak... Omenaldi bat izan da? 

Tragedia ruralaren horretan badago Atxagaren estiloa edo Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan-ekoa, adibidez, hemen asko landu den baserri sakoneko tragedia eta tremendismo puntu hori. Estiloa, alde horretatik, zor handikoa da. Gero, kontziente naiz inbidia handia diedala liburu batzuei. Esaterako, nabarmenenetako bat, Vargas Llosaren La tía Julia y el escribidor —niretzat umorezko liburuetan onenetako bat—. Istorio errealista bat kontatzen da, klasikoa, eta horrekin kontrapuntuan datoz pertsonaia batek irratian egiten dituen serialak. «Harrapatu duk!», esan nuen nik hor, «orain idazle modernoa haiz, eta ez diate utziko horrela idazten». Baina, trikimailu bat asmatzen baduzu, orduan bai, supermelodrama desmadratu bat egin dezakezu, eta umeak bezala disfrutatu [barrez]. Beste kontzientzia guztia kendu, eta hor doaz erraietatik ateratzen zaizkizun astakeriak libre. Baziren elementu batzuk sartu nahi nituenak: patataren historiarena, adibidez —oso errealista dena, bide batez—, eta apaiz birziklatuekin sartzeko gogoa. Elizatik atera, ezkondu, eta ondo, bakoitzak egin dezala nahi duena, baina eta jendeak konfesatutako sekretuak? Signo indeleble famatua [zeinu ezabaezina]... Horiek denak hemen ikasi ditugu. Hori ere bada beste desterru bat. Gero, beste erabaki nabarmen bat izan da ez nuela sartuko justu urte horietan dena itzaltzen zuena, ETAren kontua.

Zer dela eta?

Aspaldiko partez istorio bat kontatzeko gogoa nuen, kontakizun xume, arrunt bat, tonu apalean. Idatzi ahala, ikusten nuen zentzu batean kontua bazter samar geratzen zela nagusi dabiltzan joeretatik. Garaia ere ez da jendeak espero duena, 2000.ean bukatzen da, eta garai hori historia sentimentaletik dago errepasatuta, nolabait. Gero, nire baitan egiten nuen bestea, ETAren ingurukoa, Hamaika pauso-n dagoela kontatua, ezin hobeto kontatua ere.

Isiltasunek pisu handia dute narrazioan. Iraganean gertatu direnak ez dira guztiz argi geratzen, eta esaten ez denak osatzen ditu pertsonaiak eta belaunaldien arteko tentsioa. Idazkera fintzeko ere ezinbestekotzat daukazu elipsia?

Ematen du poetizatuta dagoela esango dudana, baina hala da: lehen bai, baina orain pertsonaiek ez dizkidate kontatzen beren sekretu guztiak. Espazio handiagoa utzi nahi dut irakurleak betetzeko, elekubratzeko, zalantzarako... Inaziok [Mujika, Ereineko editorea] aurkezpenean esan zidan Velazquezen Meninak koadroen inguruan esaten dela airea sentitzen dela, eta hori sumatzen duela berak ere liburuan. Ez dakit hainbeste lortu dudan... Izatekotan, ikuspuntuari esker dela esango nuke. Lehenengo pertsona bat da, baina ez dago bere zilborrari begira: kamera baten antzera, ikusten, kontrastatzen eta erregistratzen ari da ikusten duena, utzi zuena, tartean gertatu dena, lehenagokoa... Azkenean, hemen ez dagoenez mezurik edo errekadurik, bizi izan dudan hori transmititzea da nire helburua. Beste batek horri segitzea, sentitzea. Niretzat hori da literaturaren %90. Irakurtzen duenak benetan presentzia edukitzea testuan. Momentu horretan hor egotea. Sinestea baino gehiago, hor egotea. Eta hor, asko da ahotsa; sentitu behar dut, irakurle modura ere, ahots bat dagoela, ez bakarrik informazioa. Erritmoa beste ezer baino inportanteagoa da batzuetan.

«Txirrita Shakespeareren pare dago nire erreferentzietan. Liburuan mundu zaharreko oroitzapen pila bat dago, eta hori ezin duzu kontatu estilo diskurtsibo batean»

Senide bat suge batek ziztatuta hiltzen ikusten du protagonistak, eta, gerora, Singapurrera joaten da lan egitera; hori guztia bizialdi bakarrean. Gauzak zein kolpetik aldatu diren bistaratzen du horrek?

Bai, jendea esne bila baserrira joatetik aurreglobalizaziora arteko mugimendua, nolabait. Hori oso azkar pasatu da, eta hortik aurreragokoa, oraindik azkarrago. Begira burdinaren inguruko industria hori dena nola aldatu den... Museo bihurtu da. Pedro Páramo itzuli nuenean, Olaberriko andre batek esan zidan: «Gurean bezalaxe da». Guk, gure belaunaldikook, kasik Erdi Arotik mugitu ez den zerbait ezagutu dugu, baserri-baserriko giro hori. Zerbait oso egonkorra zen orduan. Gero dena joan da azeleratuz, baina ez da aldaketa areagotu egin dela, baizik azelerazioaren azelerazioa gertatu dela. Dickens hartzen baduzu, hor gutunak daude, eta horrek tempo bat markatzen du; hemen etxeko telefonoa dago, eta horrek berea. Sakelako telefonoak erabat aldatzen du hori orain; datorren urterako, gainera, zaharra geratuko da telefono hori. Baina hori kontatzea... Asko konplikatzen du horrek dena. 

«Sortzen ari zarenean, ez dakizu non zauden: jenialidadearen aldean, ala kaka zaharrarenean. Itzulpenean, esaten duzu: 'zuek diskutitu, nahi baduzue, baina material hau zoragarria da'»

Aipagarria da joan den mundu horren hizketa modua nola jaso duzun. Antonio Zabalaren bildumen oihartzuna ere badute zenbait pasartek. Bazter samar utzitako iturria da tradizioa?

Atxagaren parte kostunbrista ere hortik elikatu da, Zabalaren horretatik eta. Nire erreferentzien barruan dago bertsolaritza, tradizionala. Txirrita Shakespeareren pare dago nire erreferentzietan. Giroaren arabera, hori hor daukazu, eta atera egiten zait. Liburuan mundu zaharreko oroitzapen pila bat dago, eta horko gauza batzuk ezin dituzu kontatu estilo diskurtsibo batean, esaldi luzeekin, zeren-ekin eta zeina-rekin. Gaur zaila da tradizioaren mundu hori inguruan jasotzea. Mundu hori ez dugu bizi, eta ez da bakarrik hizkera, prozedurak ere badira. Nik aspaldi egin nuen saiakera bat, Txirritaren baratzea Norteko trenbidetik, eta Txirritaren poetika aztertu nuen hor. Bertsolaritza klasiko horrek darabiltzan prozedura batzuk ia zuzenean aplikatzekoak dira bestelako literaturan ere. Bereziki, estilizazioa, bai deskribapenean, bai kontaeran eta bai joskeran, ez soilik elipsi hain aipatuan.

Prosa oso bizia da liburuan, aberatsa joskeretan eta adierazkortasunean. Badago eztabaida pixka bat orain euskararen esanindarra dela eta, ez ote den galtzen ari. 

San Tomas Akinokoak esaten zuen, ez? Denbora zer den galdetzen badidazu, ez dakit; bestela bai. Niri gertatzen zaidana da oso leku txarrean nagoela horretarako. Ni beti izan naiz hizkuntzaren bizioso bat —uste dut hori etxetik ere badatorrela—; filologia ikasi dut, gramatika batzordean nabil, irakaslea izan naiz, itzultzailea... Nik ezin diot exijitu beste inori buruan edukitzea autore zaharrak, modernoak, Txirrita, bestea, eskema mental bat egiturena... Baina bai txukun samar idaztea; okerrik gabe eta sinesteko moduko euskara batean. Hasten direnean esaten «ze dotore dagoen hau idatzita» [burla tonuarekin], pentsatzen dut: barkamena eskatzen bukatuko dugu txukun idazteagatik. «Landu dezagun espontaneitatea», esaten da orain. Baina landua bada, ez da espontaneitatea. Gramatikarekin gertatzen zait niri. Beti gustatu zait, bizio bat da, baina oso eszeptikoa naiz. Gramatika deskribapen bat da; ez du, berez, hizkuntza hobeto erabiltzen laguntzen. Horretarako, irakurketa besterik ez dago. Ahozkoa lantzeko ere, irakurketa da inportanteena; kasik, funtzionatzen duen bakarra.

«Orain beste Shakespeare bat ere badut egina, inork argitara eman nahi balu ere. 'Moby Dick'-ekin saturatuta nengoela egin nuen, gauetan, hartatik aldaturik deskantsatzeko»

Gaiaren inguruko jardunaldiak egin berri ditu Jakinek, esaterako. Miren Amuriza bertsolari eta idazleak esan zuen «hizkuntzari txinpartak ateratzea» dela idazlearen egitekoa.

Bai... baldin eta literatura arte berbal bat bada oraindik. Eta ez dokumentu bat, mezu bat, airean dagoen giroa harrapatzen duena, zerbait islatu, entretenitu... Entretenitzeko, fikzio gose arrunta asetzeko, gaur egun idatzia bigarren mailakoa da ikus-entzunezkoen aldean. Dickensek orain ez lituzke idatziz emango bere serieak. Hortik aurrera, literaturan tresna da hitza; bai tresna eta bai helburua. Literatura hori da, arte berbal bat; ahaztu egiten da batzuetan oinarri hori.

Punta-puntako idazleen lanak itzuli dituzu azken hamarkadetan. Zer irakatsi dizu jardun horrek literaturaz?

Itzuli ditudan liburuak jende gutxik irakurri ditu nik baino hobeto; irakurri, zentzu potentean, eta ez zer dioten enteratu. Idazle horiek izan naiz, idazle horiekin bizi izan naiz... Trabestitu egin behar duzu, hor sartu bete-betean. Eta, zentzu batean, ez dakit hori egin izan ez banu bizirik egongo nintzatekeen. Itzulpenaren aldean sortzeak dakarren estresarengatik diot. Ez dakit itzuli dudanaren hamarren bat sortzeko gai izango nintzatekeen. Zalantzengatik, behar den energiarengatik. Sortzen ari zarenean, ez dakizu non zauden: jenialtasunaren aldean, ala kaka zaharrarenean. Gozoa da, nahi baduzu, baina sufrimendua da. «Zer ari naiz, zer ari naiz?», hori beti dago hor. Itzulpenean, berriz, esaten duzu: «Zuek diskutitu, nahi baduzue, baina material hau zoragarria da». Parte teknikoa dago egiteko, baina deskantsu moral handia da. Ni afizio txoroz ibili naiz beti liburu batetik bestera. Inguruan izan ditudan beste batzuen aldean (Anjel Lertxundi, Iñaki Aldekoa, Inazio Mujika...), oso desordenatua izan naiz irakurketetan. Ikusten dudana da lana eta zaletasuna, hori behar dela. Orain beste Shakespeare bat ere badut egina [Antonio eta Kleopatra], inork argitara eman nahi balu ere. Moby Dick-ekin saturatuta nengoela egin nuen, gauetan, hartatik aldaturik deskantsatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA