Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kultura
Literatura
Manuel Rivasen 'Zer nahi nauk, Amore?' ipuin bilduma ekarri du euskarara Juan Garziak
Gehienbat Galizian eta XX. mendearen amaieran girotutako hamabost narrazio biltzen ditu liburuak. Sen poetikoa duen «narratzaile peto baten» ipuinak dira, itzultzailearen arabera. Literatura Unibertsala bildumaren barruan kaleratu dute Ereinek eta Igelak.
Isabel Etxeberria EIZIEko lehendakaria, Juan Garzia itzultzailea eta Inazio Mujika editorea, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Manuel Rivasek (Coruña, 1957) 1995. urtean argitaratu zuen Que me queres, Amor? ipuin bilduma, idazle galiziarrak ordurako literaturaren alorrean lortuak zituen oihartzuna eta ospea sendotu zituen liburua. Bazuen Rivasek garai hartarako bide bat eginda bai narratiban (Un millon de vacas, 1989; En salvaxe compaña, 1994), bai poesian (Balada nas praias do oeste, 1985; Mohicania, 1986), eta kazetaritzan ere trebatuta zegoen, baina Que me queres, Amor?-ekin, arrakasta handia izateaz gain, hainbat aitortza ere eskuratu zituen, Galiziako Torrente Ballester saria eta Espainiako Narratibaren Sari Nazionala, kasurako. Orain, galizieraz argitaratu eta hiru hamarkadara, euskarara ekarri dute liburua, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Juan Garzia Garmendiak itzuli du, eta Zer nahi nauk, Amore? da euskarazko izenburua.
Hamabost ipuin laburrek osatzen dute liburua, eta Garziak berak gaur Donostian eginiko aurkezpenean azaldu duenez, hasieran ez du ematen bilduma «batasun batetik» pentsatuta dagoenik. «Ematen du ipuin bakoitza bere aldetik idatzita dagoela. Alde horretatik gozamen hutsa da. Ipuin oso bariatuak dira, alde batetik bestera mugitzen direnak». Hala ere, badira liburuari «zirkulartasuna» ematen dioten elementuak ere. Eta adibide bat eman du itzultzaileak: «Lehenengo ipuina [Zer nahi nauk, Amore?] amaiera bat da; eta azkena, berriz [Yokoren argia], hasiera bat. Eta gehiago esanda, azken ipuin horretan agertzen den ume koxkorrak egingo duen bidea, beharbada, amaituko da lehen ipuineko amaieran».
Pare bat ipuin izan ezik, narrazio guztiak Galizian daude girotuta —landa eremuan nahiz hirian—, eta haietako gehienak XX. mendearen amaiera aldera gertatzen dira. Bada kontakizunen batean edo bestean antzinakotasunaren aztarnarik, baina ez igarotako garaien mitifikaziorik. «Ipuinotan ez dago iraganaren idealizaziorik edo exotizaziorik. Ipuinak Galizian girotuta daudela adierazteko marka berezirik ere ez dago». Horri lotuta, Zer nahi nauk, Amore? osatzen duten ipuinak «modernoak» dira, Garziaren iritziz, «zentzu guztietan» modernoak.
Manuel Rivas, artxiboko argazki batean. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
Narratiba egile ez ezik, poeta ere bada Rivas, eta hori, itzultzaileak azaldu duenez, nabari da ipuinotan. «Ikusten da poeta dela, baina asko kontrolatzen du joera hori. Irudimen metaforiko hori oso modu ekonomikoan erabiltzen du. Ez da apaingarriekin hasten, baina giroa emateko baliatzen du poesia. Zerbait deskribatzen ari da, baina sartzen dituen ukitu poetiko horiekin giro batez jabetzen zara». Eta egileak darabilen tonu poetikoari baino gehiago, hark istorioak kontatzeko duen nahiari eta gaitasunari erreparatu die itzultzaileak. «Izaeraz, narratzaile petoa da Rivas, baina poetikaren tresneria erabiltzen du istorioak kontatzeko».
Ipuinen beste ezaugarri bat nabarmendu du itzultzaileak: amaieran, «bertsolari tipiko batek egiten duen eran», kolpea ematen du idazleak. «Zerbait espero duzun une horretan, buelta ematen dio».
«Izaeraz, narratzaile petoa da Rivas, baina poetikaren tresneria erabiltzen du istorioak kontatzeko»
JUAN GARZIA GARMENDIAItzultzailea
Inazio Mujika Iraola Erein eta Igela argitaletxeetako editoreak, bestalde, nabarmendu du ipuinotan maitasuna, indarkeria, familia, desioa, galera eta beste gai unibertsal ugari ageri direla, baita beldurra ere. «Eta horiek hizkera poetikoaren bitartez aletzen ditu. Irudi ederrak, metafora egokiak erabiltzen ditu, umorea eta tristura konjugatzen ditu. Ipuin errealistak dira, baina fantasiazko ukitu bat dute».
Garziak, halere, ñabardura bat erantsi nahi izan dio horri. «Hemen ez dagoena da naturaz gaineko mirari edo asmakeriarik. Halako zerbait dagoela dirudienean, pertsonaiaren baten subjektibotasunetik ikusita dago. Badago zerbait bisionarioa ipuin hauetan».
Liburuaren hitzaurrean bertan azaldu du Garziak nola landu duen Rivasek errealismoa: «Errealitatetik jasotakoak dira ipuinotako kontuak, nahiz eta arrazoimenaren, logikaren edo normaltasunaren ulerbide estutik at agertu zenbaitetan, itxuraz».
Film batek ezagutarazia
Bildumako narrazioen artean bada besteek baino oihartzun handiagoa erdietsi duen bat: Tximeleten mihia. Hamabost orrialde eskaseko ipuina da, baina hortik abiatuta, eta bilduma bereko beste bi kontakizun ere txertatuta (Saxo bat lainopean eta Carmiña) film luze bat zuzendu zuen 1999an Jose Luis Cuerda zinemagileak. Garziak berak laudatu egin du Tximeleten mihia ipuina: «Ez daukat gogoan hain laburrean [frankisten] altxamendu nazionala herri txiki batera nola iristen den hain zabal kontatzen duen ipuinik. Ikaragarria da. Planteatzen da irakaslearen papera, familiarena...».
Galizian girotua egonagatik ere, Rivasen ipuin hori, eta bildumako beste asko ere bai, handik kanpo girotuak egon zitezkeela uste du itzultzaileak, eta hori azaltzeko adibide praktiko bat ere eman du: «Orain dela hogei bat urte, Irungo Plazara aldizkarian parte hartzen nuen, eta han Ai gureak balira izeneko sail bat genuen. Hor, gustuko ipuinak hartu, eta izenak eta lekuak moldatuta ematen nituen. Eta ipuin hori bera prestatu nuen».
Bildumako seigarren liburua du Garziak
1990. urtean jarri zuten abian Literatura Unibertsala bilduma EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta 200. zenbakira iritsiko da aurki. 194.ena da, zehazki, Zer nahi nauk, Amore?. Ez da Garziak bildumari egiten dion lehen ekarpena, aurretik Literatura Unibertsaleko beste bost liburu itzuli baititu: G.K. Chestertonen Ostegun izan zen gizona (Ibaizabal, 1997), Jorge Luis Borgesen Ipuin hautatuak (Ibaizabal, 1998), Juan Rulforen Pedro Paramo (Ibaizabal, 2001), William Shakespeareren Hamlet: Danimarkako printzea (Ibaizabal, 2002) eta Marcel Schwoben Bizi alegiazkoak (Ibaizabal, 2002).