Antzerkia

«Logaletuta dagoen gizarte hau» esnatzeko, desobedientzia zibila oholtzara

Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendutako ‘Desobedienteak 18/98’ antzezlana estreinatuko dute bihar Arriaga antzokian; Maria Goirizelaiak idatzi du. Doktoretza egin berri duen gazte baten istorioa baliatzen du 18/98 sumarioaz jarduteko.

'Desobedienteak 18/98' antzezlaneko irudi bat. ARRIAGA ANTZOKIA
'Desobedienteak 18/98' antzezlaneko irudi bat. ARRIAGA ANTZOKIA
June Montero
2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Desobendientzia ezinbesteko tresna da demokraziaren fosilizatzea eragozteko». Maria Goirizelaiaren hitzek haren azken antzezlanaren izaera dute euskarri. Antzerkigileak txikitatik izan ditu barnean «errebeldia eta bidegabekeriak borrokatzeko grina». Desobedientzia zibilaren gaia oholtzara ekartzeko ideia, ordea, Fernando Bernuesi bururatu zitzaion, eta hark egin zion Goirizelaiari testua idazteko proposamena. Ondoren, Mireia Gabilondo batu zitzaien proiektura, eta Bernuesekin batera aritu da zuzendari lanetan. Biak ala biak Tanttaka konpainiako kideak dira. Hiru urteko lanaren ostean, bihar estreinatuko da Desobedienteak 18/98, Bilboko Arriaga antzokian. Bira bete-betea daukate jarraian; besteak beste, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egongo dira.   

Antzezlanak Zientzia Politikoetan doktoretza egiten ari den ikasle gazte baten istorioa kontatzen du, Ainhoarena. Doktore tesia defendatu behar du epamahai akademiko baten aurrean, eta desobedientzia zibilaren historia azaleratzen da kontaketa horretan. Bere tesian, pertsonaia nagusiak defendatzen du desobedientzia zibila ezinbestekoa dela demokrazia babesteko. Antzezlana, gainera, 18/98 sumarioaren makroprozesu judizialean murgiltzen da, tesiaren defentsaren aitzakian. Ainhoa protagonistaren rola Aiora Enparantza aktoreak beteko du. Gaztelaniazko bertsioan, berriz, Miren Arrieta arituko da. Iñigo Azpitartek, Klara Badiolak, Kepa Errastik eta Omar Somaik jokatuko dituzte gainerako pertsonaiak. 

(ID_17667468603335) DESOBEDIENTEAK 18/98 antzezlaneko irudi bat. Maria Goirizelaiak
Desobedienteak 18/98 antzezlaneko irudi bat. Aurrean, Omar Somai; atzean, Klara Badiola eta Kepa Errasti. ARRIAGA ANTZOKIA

Desobedientzia zibila ikuspuntu «garaikide eta eguneratu» batetik aztertzea izan da antzezlana bultzatu duen motorra, Bernuesek azaldu duenez. «Desobedientzia zibila birpentsatu nahi nuen, logaletuta dagoen egungo gizarteari borroka baketsuaren tresna existitzen dela gogorarazteko. Protesta oso kriminalizatuta dago, eta, beraz, garrantzitsua iruditzen zait antzerkiaren bitartez eszenatokiaren gainera ekartzea». Borondate hori islatzen duen testua idazteko, Goirizelaia iruditu zitzaion antzerkigilerik «erakargarriena». Zuzendariaren hitzetan, gidoiaren idazleak ikerketa lan «neketsua» egin du, oinarri dokumental «handia» baitauka. 

«Desobedientzia zibila birpentsatu nahi nuen, logaletuta dagoen egungo gizarteari borroka baketsuaren tresna existitzen dela gogorarazteko. Protesta oso kriminalizatuta dago, eta, beraz, garrantzitsua iruditzen zait eszenatokiaren gainera ekartzea»

FERNANDO BERNUES Zuzendaria

Goirizelaia ohituta dago gatazka sozialak lantzen dituzten antzezlanak plazaratzera. Ane Pikaza lankide eta lagunarekin La Dramatica Errante konpainia sortu zuenetik, «argia eta kontziliazioa bilatzea» izan dira haren helburuak. Pikazak Desobedientes 18/98 idatzi zuen, eta lehen aldiz utzi du testua beste zuzendari batzuen eskuetan. Hala ere, antzezlana sortzeko prozesua «harmonia handiz» bizi izan duela azaldu du: «18/98 sumarioan egon ziren lekukoekin hitz egin dut, eta epaiketa batzuetako transkribapenak erabili ditut, bereziki Joxemi Zumalabe Fundazioarekin harremana zutenak». Izan ere, Joxemi Zumalabe Fundazioak 18/98 sumarioan izandako rola nabarmendu du Bernuesek antzezlanean. Makroprozesu judizialean auzipetua egon zen fundazioa. Tribunalak, ordea, desobedientzia zibila eskubide zibilak defendatzeko tresna zilegizkoa zela ebatzi zuen. Hori onartutako lehen auzitegia izan zen Espainian. 

18/98 sumarioari ez ezik, eskubide zibilen aldeko beste borroka batzuei ere egiten die erreferentzia antzezlanak: besteak beste, Mahatma Gandhik eta Martin Luther Kingek egindako hiltzaldiei eta LGTBI eta Black Lives Matter mugimenduei. Goirizelaiaren aburuz, obrak «askotariko erresistentzien eta desobedientzien zertzeladak» aurkezten ditu. Lanak funts historiko handia duenez, «fikziozko dokumental» gisa definitu du egileak.

«Adierazpen borobilak»

Idazketa lana bukatuta, zuzendarien eskuetara iritsi zen gidoia, eta eszenaratzea nola egin erabakitzea izan zen hurrengo pausoa. Tanttaka konpainiaren «kutsua eman» diotela azaldu du Gabilondok, eta «gauza batzuk kendu eta beste batzuk gehitu» dituztela. Nabarmendu du entseguei «denbora asko» eskaini izana izan dela onena, horrek aukera eman baitie testua lantzeko, euskaraz zein gaztelaniaz. Alabaina, aitortu dut aurre egin behar izan dietela zailtasun batzuei: «Antzezlanak erritmo azkarra du, eszena batetik bestera salto egiten duelako; baina pozik gaude adierazpen borobil asko egiten direlako, politikoki esanguratsuak». 

Jendaurreko entseguak kemenduta heldu dira biharko emanaldira. Abenduaren 14an egin zuten jendaurreko entsegua, Urnietan (Gipuzkoa), eta bertaratutakoak «oso gustura eta hunkituta» atera zirela kontatu du Gabilondok. Bihartik aurrera ikus-entzuleek zer erreakzio izango duten ez dago aurrez jakiterik, baina Gabilondok adierazi du 18/98 sumarioa ikusaraztea «beharrezkoa» dela: «Jende askok ez daki prozesu judiziala nolakoa izan zen, eta haientzat gai berria izango da. Beste askorentzat, berriz, gertutik bizi izandako zerbait da, eta uste dut eskertuko dutela horri buruz hitz egitea». Goirizelaiak bat egin du adierazpen horrekin: «Desobedienteak 18/98 ikuskizun mobilizatzailea da: ikuslea, begiratzera baino gehiago, hausnartzera gonbidatzen du, ziurra dena zalantzan jartzera eta demokrazia zer den berrikustera».  

«'Desobedienteak 18/98' ikuskizun mobilizatzailea da: ikuslea, begiratzera baino gehiago, hausnartzera gonbidatzen du, ziurra dena zalantzan jartzera eta demokrazia zer den berrikustera»

MARIA GOIRIZELAIA Antzerkigilea

Eszenografiari dagokionez, «espazio hutsa» aukeratu dutela azaldu du Gabilondok. Eszenatokiaren gainean aulki batzuk egongo dira, atzean pantaila handi bat, eta antzokiko sabaitik eskegita lanpara batzuk, besterik ez. Denbora saltoak irudikatu eta eszenei «bizitasuna» emateko irudiak eta bideoak erabiliko dituztela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.