«Zer izango litzateke Euskal Herriko kultur politika eta praktika bat, Bestea abiapuntu eta erdigune bihurtuko lukeena?». Arantza Santesteban zinemagile eta kultur langilearen iritziz, galdera hori ez da batere «abstraktua», egunerokoan behin eta berriz agertzen da, eta arrisku bat du hari ihes egiteak: «Erantzun ezean, beti gailenduko da agortzear gaudelako kezka». Distira apur bat izenpean, hark idatzi du 2025ak kulturgintzan emandakoa aztertzeko Jakin aldizkariak kaleratu duen zenbakiko bi artikulu nagusietako bat, eta Edouard Glissant pentsalari dekoloniala hartu du abiapuntutzat horretarako. Glissantentzat, bestelakotasunarekin topo egitea ez da mehatxagarria, sorkuntzarako eremu eta jario nagusietako bat baizik, eta, Santestebanen iritziz, haren pentsamenduak argi egin diezaioke aurre gaur euskal kulturgintzak dituen zenbait erronkari —«elkarrekin bizitzea den erronka konplexuari», bereziki—. Zenbakiko beste artikulu nagusia Lander Arretxea gidoilari eta ekoizleak idatzi du, eta ikus-entzunezko eremuan jarri du begia hark, (E)zinezko misio bat artikuluan. Kultur arloko beste sei egileren artikulu laburragoak ere bildu ditu aldizkariak 271. zenbakian —Elena Olabe, Alexander Gurrutxaga, Leire Lison, Xalba Ramirez, Galder Perez, Maite Berriozabal eta Gaizka Izagirre—, eta euskal liburugintzak 2024an utzitakoa ere aletu du, azkenik, Xabier Eizagirrek.
«Badago euskal kulturarekiko —eta orobat euskal identitatearekiko— kezka ulerkor bat», Santestebanen esanetan. «Elementu kritiko ugari dago, euskararen biziraupenaren ikuspegitik eta baita lurralde batasunaren ikuspegitik ere». Are, «kezkagarriagoa» begitantzen zaio argazkia soziolinguistika datuek erakusten duten euskararen «bilakaera eskasa» ikusiz gero. Hori esanda, baina, kezkaren motibo horiekin «zerbait ezberdina» egitearen alde egin du Santestebanek artikuluan. «Nola eman egoera baten larritasunaren berri, eta, aldi berean, nola sustatu baikortasun apur bat bizi dugun unearekiko?», galdetu du. «Indartu behar dugu egiteko gai garenaren aldarria. Potentzia izugarria gordetzen dugu, eta esango nuke hori askatzeko bidea ez dagoela mezu triunfalista antzuetan, ez eta mezu katastrofiko izutietan ere».
«Nola eman egoera baten larritasunaren berri, eta, aldi berean, nola sustatu baikortasun apur bat bizi dugun unearekiko?»
ARANTZA SANTESTEBAN Zinemagilea eta kultur langilea
Bide argitsuagoen bila, Glissantek proposatutako «logika artxipelikoaren» ideia jaso du Santestebanek, zeinak «egitura askotariko eta bateratu gabe bat» lantzeaz diharduen. Euskal Herria ere «artxipelikoa» izan litekeela defendatu du zinemagile eta kultur langileak: «Euskal Herria bera, historian eta egituran, neurri handi batean artxipelikoa dela esango nuke. Hizkuntza gutxitu baten baitan antolatutako kultur sistema askotarikoa da —gero eta gehiago—; lurraldez, instituzioz eta gobernantzaz zatitua —gero eta nabarmenago—; komunitate diasporikoa duena —gero eta zabalagoa—; nortasun konposatuz beteriko eremu soziala (...). Horrek aukera ematen du gure etorkizun kulturala logika artxipeliko horretatik pentsatzeko, logika kontinental modernoaren inertziatik urrunduz —homogeneotasuna, erdigune bakarra, definizio zorrotzak lehenesten dituena— eta lotura zein joskera malgu, heterogeneo eta polifonikoetan oinarritutako ikuspegi batera pasaz».
Galderak ezin du izan «nola integratu besteak», Santestebanen arabera: «Baizik eta nola ulertu nor bihurtzen garen Besteekin elkarrekin bizi garenean, eta nola bihurtzen den kultura bera sistema oso bestelako bat bestelakotasunarekin harremanetan dagoenean». Testuinguru horretan, museo batek egin dezakeenaz ere egin du gogoeta artikuluan, eta komunitateak «kontsumitzaile pasibo» ez, baizik eta «protagonista» bihurtuko dituen eredu baten alde egin du.
«Oso zaila da, herri honetan, telebista egitea»
EITBko kargudun esanguratsu bati entzundako esaldi batekin —«Oso zaila da, herri honetan, telebista egitea»— eta gisako beste adibide pare batekin abiatu du bere artikulua Arretxeak. Ikus-entzunezko eremuan dabiltzanen zailtasunez idatzi du, eta nabarmendu jarduna are nekezagoa dela euskaraz ari direnentzat. Euskara «bidegurutzean» bada, eta «nolabaiteko berpizkundea» etorriko bada, eremu ez-formala eta horren baitan ikus-entzunezkoak «borrokaleku ezinbestekoak» direla adierazi du. «Euskararen etorkizunaren partida, halakorik bada, pantailetan ari omen da, hein handi batean, jokatzen».
Zeregin horretan lan egiten dutenek topatzen dituzten zenbait galdera ere zerrendatu ditu artikuluan Larretxeak. «Euskaldunentzako ikus-entzunezkoak edo euskalduntzekoak dira sortu behar ditugunak?», esaterako; edo, «kalean —kalea bat eta bakarra balitz bezala— erabiltzen den hizkera pantailetara eramatea da gakoa? Edo kalera iristea nahi genukeen hizkera da pantailetan erabili beharrekoa? Nola egin behar dugu lan: nahi genukeen herria bagenu bezala, edo daukagun horrexetan eragiteko asmoz?».
«Euskarazko ikus-entzunezkoak inoiz nagusi izango badira, arrisku handiagoak hartu ditugulako izango da»
LANDER ARRETXEA Gidoigilea eta ekoizlea
Hiru Damatxo ekoiztetxeko kidea da Arretxea, eta 2025ean egin duten Linbo izeneko late night saioaren esperientziaz ere aritu da artikuluan. Besteak beste, aipatu du «etengabeko erronka» dela «hizkuntza bizia, erakargarria, kalekoa, gaztea eta jostaria erdaretatik pasa gabe» garatzen ahalegintzea. «Baden moduan helburua Bilbo Handiko euskaldunei, goierritarrei, iruindarrei eta lapurtarrei, denei ulergarria zaien formula batekin egitea ustezko umore hori. Ipar hori galdu gabe, eta etengabeko probaldi fasean, Linbo horrexetan gaude».
Hala ere, ospatzeko motiboak ere badirela uste du Arretxeak. Eta ideia hau ere azpimarratu du: «Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezkoak inoiz nagusi izango badira (dela zineman, sarean edo telebistan), arrisku handiagoak hartu ditugulako izango da, edota ikus-entzunezkoen eremutik haragoko eraldaketak gertatu direlako».
2024an, 2.181 liburu
Iazko urtean, artearen eremuan, literaturarenean, informazio eta komunikazio teknologietan, musikan, arte eszenikoetan, bertsolaritzan eta ikus-entzunezkoetan sumatutako gertakarien balantzea egin dute, hurrenez hurren, Olabek, Gurrutxagak, Lisonek, Ramirezek, Perezek, Berriozabalek eta Izagirrek. Eta urteko kulturgintzari buruzko lan grafikoak ere osatu dituzte Joseba Larratxek, Patxi Gallegok, Mariñe Arbeok, Paula Estevezek, Ainara Azpiazu Axpi-k, Dani Fanok, Eider Eibarrek eta Expraik.
Joan Mari Torrealdaik 1976an jarri zuen abian euskal liburugintzaren azterketa, eta orain Eizagirrek —Jakin-eko erredakzio buruak— ematen dion hari segida. 2024ko liburu ekoizpena «indar handiz» erori dela adierazi du aurtengo azterketaren hasieran —2024a, 2.181 liburu argitaratu dira, 2023an baino %21,3 gutxiago—, baina «amiltze horrek» azalpen jakin bat duela azaldu du segidan: testuliburuak argitaratzera dedikatzen diren kanpoko hiru argitaletxek ekoitzitako liburu digitalen beherakada.