'hizkien jolasa'
Idazlea: Antonio Rubio. Ilustratzailea: Oscar Villan. Itzultzailea: Amaia Egidazu. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.
Oro har, erabili dituenak dakien bezala, abezedario batek irakurketa-idazketa-hizketa hirukoa eskaintzen du. Zerbait da. Alfabetatzearen oinarriak dira horiek, ezinbestekoak, behin eta berriz egiteko bideak. Hizkien jolasa albuma bertan da, oinarrietan.
Kartoizko orri zurrunak ditu. Orriek hegal altxagarriak dituzte alde banatara. Azalean agertzen den zomorrotxo urdin-gorriak irakurlea laguntzen du orrialde guztietan. Lehengotik aurrera orrialdeko letra bat agertzen zaigu, beltzez idatzia. Hegal baten gainean dago idatzita, eta berau altxatuta, ilustrazio bat agertzen zaigu letraren forma berdineko irudi batekin, koloretan, testu errimatu batekin. Ilustrazioek harridura bilatzen dutela ematen du, atseginak dira, koloretsuak. Idatzizko testuek irudiei buruzko ohar bana egiten dute, letra eta objektua lotzen. Ateraldiak dira, testuinguru bat sortzen dutenak hizketarako. Liburua fisikoki gotorra da, 18x18 zentimetroko azalera du eta 445 gramo. Ilustrazio eta testuetan estetikari garrantzi handia eman zaion bezala, fisikoki funtzionalitatea bilatu dela dirudi.