Gaur-gaurkoz, Luzia Urigoitia Otxandioko (Bizkaia) gaztearen kasua itxita dago, bide judizialari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak «gehiago ikertu beharreko» kasuen artean dauka, eta, beraz, ez du biktima aitortzarik. Urigoitia 1987an hil zuten, 28 urte zituela, Guardia Zibilak ETAren Donostia komandoa desegiteko antolatutako operazioan. Pasaiako Trintxerpe auzoko (Gipuzkoa) etxebizitza batean zegoen gaztea, beste kide batzuekin; guardia zibilak bertan sartu ziren, eta, atxilotuta zeukatela, haietako batek buruan tiro egin zion. Aurrera Begira elkarteko kideek ez dute haren kasua ahazterik nahi, eta Lander Garro zinemagileari eskatu zioten haren inguruko dokumental bat egiteko. Horren emaitza da Lutxi eta zuhaitza film dokumentala. Bihar emango dute Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian, 16:30ean, Viktoria Eugenia antzokian. BERRIA da filmaren babesleetako bat.
Erlazionatuta
Duela hiru urte jaso zuen Garrok dokumentala egiteko proposamena. Errenteriakoa (Gipuzkoa) da bera, baina familiaren parte bat Trintxerpekoa du. Horregatik, ezaguna zitzaion gertatutakoa: 10 urte zituen Urigoitia hil zutenean, baina etxean behin baino gehiagotan entzun zuen jazotakoa. Urteen poderioz, ordea, pixkanaka auzia ahaztuz joan zen zinemagilea, harik eta Aurrera Begira-ko kideak agertu ziren arte. Gertatutakoa kontatu nahi izan du, baina bere begirada emanez: «Ez nuen erreportaje soil bat egin nahi. Zinematografikoki, ikuslearentzako bidaia bat izatea nahi nuen».
Besteak beste, kasuak izandako bide judizial gorabeheratsua agertzen du dokumentalak. Gertatutakoa ezkutatzeko saiakerak izan ziren lehenik: Urigoitiaren heriotza tiroketa baten ondorio izan zela argudiatu zuten —poliziak bere burua babesteko egin ziola tiro, alegia—, forentseek tiroa gertutik egin ziotela frogatu zuten arren. Gerora, epaiketan aurkeztu beharreko frogak ere manipulatu egin zituztela ageri da filmean. 1987an, nahikoa material egonda ere, kasua itxi egin zuten. 2000. urtean ireki zuten berriro, baina azkenerako ere itxi egin zuten. Oihartzun mediatiko handia izan zuen auziak, Euskal Herriko hedabideek ez ezik, Espainiakoek ere eman baitzuten haren berri.
Fikzioa eta elkarrizketak
Aspaldiko gertaerak izanik, haiek irudikatzea erronka izan da zinemagilearentzat. Eta, hala, ikusleari bidaia hori iradokitzeko, fikzioa ere baliatu du. Izan, dokumental bat delako, eta elkarrizketetan eta dokumentazioan oinarrituta dagoelako ikus-entzunezkoaren zatirik handiena; baina Lutxiren bizitzan oinarritutako pasarte batzuk ere badaude —heriotzarena, adibidez—, eta horiek fikzionatu egin dituzte. Atxiloketa irudikatzeko plato bat muntatu zuten Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian, eta bertan grabatu zuten pasarte hori. Klaketaren irudiarekin hasten da eszena hori, kameren atzeko lana erakutsi nahian bezala. Garro: «Artifizioa erakutsi nahi nuen, guk egindakoa kontakizun bat dela azaltzeko».
«Gure helburua, gizarte bezala aurrera egin nahi badugu, min guztiak azaltzea da»
IBON GARATE Aurrera Begira elkarteko kidea
Bestalde, zuzendariak Aurrera Begira-koekin batera ondu zuen elkarrizketatuen zerrenda, baina hasieratik argi izan zituen bi izen: Paco Etxeberria forentsea —kasuan parte hartu zuen— eta Iñigo Iruin abokatua —familiaren abokatua izan zen—. Urigoitiaren familiako kide batek, lagunek eta hainbat adituk ere parte hartu dute filmean, eta hamabi ataletan antolatu du guztia zinemagileak.
«Gure helburua, gizarte bezala aurrera egin nahi badugu, min guztiak azaltzea da», azaldu du Ibon Garate elkarteko kideak. Beste gertakari batzuk bezala, hori ere mahai gainean jartzeko beharra ikusi du Garatek «kontakizun poliedriko bat» osatzeko bidean.
Gertakariak somatizatzea
Behin kasua sakonean aztertuta, zinemagilea konturatu zen urteen poderioz auziari «geruzak» jartzen zitzaizkiola gainean, eta «urruneko oihartzun baten moduan» geratzen zela: «Neuri ere hori gertatu zitzaidan, ia ahaztua bainuen». Jule Goikoetxea filosofoari egindako elkarrizketak eman zion filma egituratzeko gakoa. Judith Butler filosofoaren kontzeptu bat erabili zuen memoriaren gaia azaltzeko: «Gizakiak somatekak dira, eta gertakariak gorputzean geratzen zaizkie». Goikoetxeak zuhaitz batekin alderatu zuen ideia hori, eta Garrok paralelismo hori bera erabili zuen kontakizunerako; hortik izenburua bera ere. «Sormenean puzzle bat osatzea gustatzen zait; gertaera baten eta figura sinboliko edo metaforiko baten artean».
«Ez nuen erreportaje soil bat egin nahi. Zinematografikoki ikuslearentzako bidaia bat izatea nahi nuen»
LANDER GARRO Zinemagilea
Zuzendariaren ustez, Urigoitiaren memoriak oztopo asko izan ditu, eta ikus-entzunezkoaren amaieran memoriaren inguruko hausnarketa egiten da, Goikoetxeari eta Javier Buces historialariari egindako elkarrizketen bitartez.
Bihar proiektatuko dute lana Viktoria Eugenia antzokian, baina ez da pantaila handian emango duten lehen aldia izango; Otxandion dagoeneko egin dute emanaldi bat. Herritarrek finantzatu zuten proiektua, eta Garatek argi zuen bertan erakutsi behar zutela lehenengoz. Oso hunkigarria izan zen, haren hitzetan: «Jendeak gogo handia zuen, 40 urte pasatuta ere, kasua lau haizeetara zabaltzeko». Datozen hilabeteetan beste jaialdi batzuetan aurkeztuko dute, eta udazkenean izango da aretoetako estreinaldi komertziala.